Puntua aldizkariaren 386. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Kristina Pavori eta Iñaki Narbaizari, Eider Otxoari eta Iker Barandiarani, Izaro Otxoa de Angiozarri, eta Saioa Tejeirori eta Ibon Gonzalezi bizitza aldatu zitzaien ospitaleko erditze gelan. Xabi, Ekaitz, Eñaut eta Jare hilda jaio ziren. Lehenengo zaplaztekoaren ostean etorri zen "beste guztia": mina, amorrua, etsipena, desesperazioa... Bukaerarik ikusten ez zaion bide horri, sentsazio multzo horri, dolu perinatala deitzen zaio. Baina, zer da dolua? "Latineko dolum berbatik dator, eta definizioz bi gauza esan gura ditu: mina eta erronka. Mina bizitzeko garai bat delako, baina, era berean, hil den pertsona hori barik bizi izaten jarraitzeko erronka ere bai. Finean, itzeleko lana, eta prozesu oso gogorra", esan du Eider Otxoa terapeuta aretxabaletarrak. Erreportaje honetako protagonista guztiek diote dolua lantzea "ezinbestekoa" dela, "bizitzen jarraitzeko, eta bizitzari berriro heltzeko".
Osasunaren Mundu Erakundeak zehaztutakoa
Jaiotza-inguruko heriotzak (heriotza perinatalak) haurdunaldiko heriotzak eta jaioberrien heriotzak barne hartzen ditu, kasu askotan. Horietan guztietan, seme-alaba bat, haurtxo bat, etendako proiektu bat eta horrekin lotutako hainbat alderdi batzen dira. Osasunaren Mundu Erakundeak zehaztuta dauka heriotza perinatala dela haurdunaldiko 22. astearen (154 egun) eta haurtxoaren bizitzako lehen zazpi egunen artean gertatzen dena.
Hainbat eskaera
Pavok eta Otxoak tarte txikiarekin galdu zituzten Xabi eta Ekaitz, eta ospitalean bizi izan zuten laguntza eta babes faltak bultzatuta, halako egoerei aurre egiteko protokolo batzuk zehaztea eta erditzean egoten diren profesionalen formazioa aldarrikatzen hasi ziren, Espainiar Estatuan dolu perinatalaz zekiten beste pertsona batzuekin. Aurrerapausoak eman dira ordutik. "Debagoieneko ospitalean badaukagu gune goxo bat umearekin egoteko, argazkiak ateratzeko... Eta hilerri batzuetan ere ipini dituzte txoko batzuk umea agurtu ahal izateko: Hernanin, Gasteizen eta Derion. Espero ez diren heriotzak dira, baina horietaz berba egin behar da, eta dagokien lekua eman gizartean", esan du Iñaki Peña medikuak.
Erregistratzeko aukera
Bada, lorpen handiena aurtengo abuztuaren 9an lortu zuten: jaio aurretik hil ziren baina haurdunaldiko sei hilabeteak gainditu zituzten haurtxoak erregistratzeko aukera. Erregistro Zibileko artxiboan inskribatu eta izen bat jaso ahal izango dute, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratutakoaren arabera, nahiz eta inskripzioak ez dakarren legezko ondoriorik. Aldaketa horren berrikuntzetako bat da gurasoek izen bat eman ahal izango dietela jaio aurretik hildako umeei. "Gure seme-alabek aitortza bat merezi dute. Orain arte, legeak zioen 24 ordu baino gutxiago bizi ziren haurrak ezin zirela Erregistro Zibilean inskribatu. Jaio ez balira moduan. Baina, izen-abizenak dituzte", diote guztiek.
Ekaitz semearen heriotzaren ostean, dolua landu eta dolu-laguna izaten hasi zen Eider Otxoa. Ostean, terapeuta formazioa jaso zuen. Horretan dihardu egun.
Doluan laguntzeko terapeuta zaitugu. Zein da zure lana?
Edozein arrazoi tarteko mina sufritzen diharduten pertsonen prozesuak sostengatzen ditut. Prozesuak luzeak izaten dira normalean, eta askotan korapilatu egiten dira. Ez da terapia tradizionala. Oso azkarra da. Pertsonak behar duen erritmora egiten dugu lan, baina bateren batek azkar egin gura badu, denbora laburrean lan handia egiten dugu.
Baina zuregana datozen pertsonak apurtuta datoz. Min handiarekin. Eta, bat-batean, beren penak ezezagun bati kontatu behar dizkiote. Nola izaten da une hori?
Atetik sartzen diren unean 'ongi etorri zuen etxera' esaten diet, eta eskerrak ematen diet laguntza eskatzeko ausardia edukitzearren. Ez da erraza ezezagun bati zure atsekabe, beldur eta miseria guztiak kontatzea. Baina, zaila den heinean, berehala zabaltzen dira. Segituan hartzen dute konfiantza.
Ze baliabide erabiltzen dituzu?
Nork bere burua sostengatzen ikastea da helburua. Dolua lantzen duten bitartean, arlo ezberdinak lantzen ditugu, eta, alta jasotzen dutenean, baliabide propioak izaten dituzte. Bakarrik hegan egiteko gai izaten dira, prozesuan erremintak ipini ditugulako. Gainera, doluaz gain, lan pertsonala lantzen dugu. Hortaz, dolua lantzen dugun bitartean beraien konfiantza indartzeko lan pertsonala egin genezakeela ikusten badugu, hori ere egiten dugu.
Dolu guztiak dira ezberdinak?
Pertsonen moduan, guztiak dira ezberdinak. Sentimendu unibertsala da, baina oso intimoa ere bai. Barrurako lan bat den heinean, ez daude bi pertsona berdin. Hala, heriotza beraren aurrean, dolu guztiak dira ezberdinak. Heriotza bati aurre egiteko modua markatzen duen faktorea pertsona horrekin izandako harremana izaten da.
Dolu prozesuak badauka bukaerarik?
Dolua min prozesu bat da, eta heltzen da une bat min hori asko arintzen dena, maitasunarekin gogoratzen ditugunean. Bizitza normalera itzul gaitezkeen une horrek markatzen du dolua gainditu izana.
Hiltzen den pertsonaren adinak eragina du senti dezakegun minean?
Mina beti da berdina. Minaren intentsitatea izaten da ezberdina. Adibidez, seme baten heriotzan haren adinak ez du zehazten minaren maila. Mina berdina da guztiendako, eta beti.
Esaten duzu Ekaitzek egin zaituela egun zarena. Nor da Ekaitz?
Gure lehenengo semea. Erditze- kanalean hil zen 2011ko apirilaren 28an. Bat-bateko heriotza izan zela esan ziguten, eta horrek zaildu zuen dolu prozesua. Gerora ulertu dut zertarako etorri zen Ekaitz mundu honetara: niri bizitza ematera. Beragatiko dolu prozesuak nire bizitza eraldatu, eta beste Eider bat sortu nuen. Etengabeko eraldaketa horren baitan, Markel eta Unax semeak jaio ziren
Izaro Otxoa de Angiozar: "Hiru berba gordin: 'Ez dauka taupadarik'"
Aritza eta Izaro, Eñauten txokoaren alboan.
Odoletan hasi zen Izaro Otxoa de Angiozar oñatiarra 39 asteko haurdun zegoenean: 2014ko apirilaren 28an. Anbulantzian eraman zuten ospitalera, bakarrik. Anbulantziako erizainak umearen izenaz galdetu zion: Eñaut. Ospitalean ekografia bat egin zioten. "Ginekologoa eta biok bakarrik geunden, eta ekografia egiten zidan bitartean ez zidan aurpegira begiratu. Nik galdetu behar izan nion zer gertatzen zen. Eta, begietara begiratu barik, hiru berba gordin esan zizkidan: ez dauka taupadarik. Ez zidan enpatiarik erakutsi. Zoratu egin nintzen: garrasika, negarrez...". Garrasi haiei segika heldu zen Eñauten aita Izaro zegoen lekura. Ezer jakin barik, itxarongelan zegoen zain. "Ulertu nezake larrialdi bat zela, baina anbulantzian bakarrik joan nintzen eta boxen gelan ere bakarrik egon nintzen. Une haietan sentitu nuen bakardadea iltzatuta geratu zait. Ez nuen babesik sentitu. Ginekologoa ez zen gai izan nire antsietatea baretzeko. Oso zaurgarri sentitu ginen".
Erditzea eragin zioten
Eñautek erditze naturalarekin jaio behar zuen. Erditzea eragin behar zioten. Prozesu hartan lagun izan zuen erizaina izan zen eskua eman zion lehena. "Une oro beti nire ondoan egongo zela azaldu zidan. Oso garrantzitsua izango zela Eñaut jaio ondoren hura ikustea. Berarekin egon. Agur esan. Une gogorrak eta politak izan ziren, erdibana. Baina funtsezkoak eta ezinbestekoak ondorengo doluan".
Eñauti agurra
Semea besoetan edukitzeko aukera izan zuen. "Nire ama, bikotekidea eta hirurok egon ginen umearekin. Manta batean batuta ekarri ziguten. Ez nuen aukerarik izan ospitalera eramandako arropatxoak janzteko. Besarkatu eta agurtu egin genuen, baina une oso laburra izan zen. Uste dut denbora mugarik gabeko une bat izan beharko lukeela. Familia bakoitzak bere denbora behar du maite duenari agur esateko. Eñautendako genuen maitasuna une hartan eman behar genion, eta horretarako ezin da ipini denbora mugarik".
Laguntzaren beharra
Hasieratik jakin zuen Otxoa de Arenazak laguntza behar izango zuela. Barruan zeukan guztia norbaitekin partekatu beharko zuela. Oñatiko lagun batek kontatu zion Eider Otxoaren kasua. Haiekin berba egin ostean, Izaskun Andonegirekin landu zuen dolua. "Bederatzi urte pasa dira eta ondo nago. Orain nagoen bezala nago dolua ondo landu izanari esker. Oso prozesu mingarria da, baina beharrezkoa".
Aritzaren etorrera
Eñaut hil eta sei hilera haurdun geratu zen berriz. Beldurrez, zalantzaz, ziurgabetasunez... beteriko haurdunaldiaren ondoren, Aritza jaio zen, 2015ean. Jaioberri baten heriotzaren ostean jaiotzen diren anai-arrebei ostadar umeak deitzen zaie. "Kolorea eta bizitza ekartzen duten umeak dira ondorengoak. Aritza opari bat izan zen guretzat. Poz handi bat min handi bat arintzeko, baina ez beste pertsona bat ordezkatzeko".
Aritzak badaki Eñaut izeneko anaia duela. Etxean bere txokoa dauka. "Gure txikitxoa presente dugu beti"
Kristina Pavo: "Kaixo eta agur esan genion aldi berean"
Narbaiza-Pavo familia, Unai eta Inge txikiak zirenean, Xabiren oroimenezko gauzekin.
Kristina Pavo eta Iñaki Narbaiza Xabi semeari ongietorria ematera joan ziren ospitalera 2010eko abenduaren 21ean, haurdunaldi on baten ostean. Erditze prozesuan hil zen Xabi. Erditzean konplikazio batzuk egon ziren, eta haur osasuntsua izan arren, Xabi hilda jaio zen. "Kaixo eta agur esan genion aldi berean, eta ez geunden horretarako prestatuta. Ez gu, ezta gurekin egon ziren profesionalak ere. Xabi agurtzeko eta besoetan edukitzeko aukera izan genuen. Momentu gogorra eta polita aldi berean. Ondorengo dolurako oso inportantea izan zen".
Errealitatera buelta
Zer gertatu den barneratu ostean, beste sentimendu batzuk azaleratu ziren: haserrea, amorrua, babes falta... "Familiak eta lagunek lagundu egin nahi zaituzte, baina ez dakite zelan. Kaleko komentarioak oso gogorrak izan daitezke batzuetan. Hobe beharrez esandakoak dira, baina momentu horretan izango duzu beste bat eta halakoak entzutea gogorra da. Zuk ez duzu beste bat nahi, ume hori nahi duzu zurekin. Niri, adibidez, asko kostatu zitzaidan berriro kalera irtetea. Nirekin haurdun egon ziren neskak beren seme-alabekin paseatzen ari ziren. Gogorra zen niretzat, eta beraientzat ere bai".
Dolua lantzearen beharra
Narbaiza-Pavo familiaren sostengu izan ziren, familia eta lagunez gain, beraien esperientzia berbera izandako beste hiru familia. "Elkartu, beldur barik berba egin, negar egin... Gure bizipenei, sentimenduei eta dolu prozesuei buruz berba egiteko gune segurua zen". Baina, duda barik, Xabiren heriotzak eragindako mina eta dolua gainditzeko lanketa bat beharrezkoa dela dio. "Gu hasi ginen laguntza pribatuarekin. Izan ere, Osakidetzak ez zigun laguntzarik eman. Hasieran, Iñakik hartu zuen ni sostengatzeko papera; eta nik hobera egin nuenean, bera erori zen. Orduan ni izan nintzen beraren sostengu. Prozesu oso gogorra izan zen, baina egin beharrekoa dela uste dut. Dolurik gabe, urteak pasa daitezke, zu sendatu gabe. Lantzen ez baduzu, denborak aurrera egin arren, hasierako puntuan egoten jarraituko duzu".
Unai eta Inge
Xabiren ostean, Unai eta Inge heldu ziren. Badakite anaia zaharrago bat dutela. Gurasoak arduratu dira bizi izandakoa kontatzeaz. "Ikasi dugu galera harekin bizi izaten. Xabi beti izango da gure lehen semea, eta inork ezingo du hura ordezkatu. Gure etxean, familian eta lagunen artean oso barneratuta daukagu. Unai heldu orduko Xabi oso ondo kokatuta zegoen etxean. Bere lekua dauka, bereak diren gauzekin".
Berriro haurdun
Pavo berriro haurdun geratu zenerako 2 urte pasa ziren. "Orain, atzera begiratuta, ondo egin genuela uste dut. Lehenengo Xabiri merezi zuen agurra eta tokia eman genion. Tartean, haurdunaldiaren oso hasierako beste galera bat izan genuen. Hura ere gogorra, baina indartsu geunden aurrera jarraitzeko. Ostean etorri ziren Unai eta Inge. Duela hamahiru urte uste genuen zaila izango zela berriro zoriontsu izatea, baina lor daiteke eta zoriontsu bizi".
Saioa Tejeiro: "Gure familia apurtu egin zen bat-batean"
Saioa Tejeiro Jare semearen txokoaren alboan, berak egindako marrazkiarekin.
Saioa Tejeiro bikiez haurdun geratu zen 2019ko ekainean. Ginekologoak esan zien fetuetako bat ondo zegoela, baina bestea oso txikia zela eta ez zela iritsiko. Haurdunaldian zehar, "naturalki" desagertuko zela. "Kontsultatik sentsazio eta korapilo askorekin irten ginen Ibon senarra eta biok. Ez genituen bi espero, eta, gainera, bat ez zen bukaerara helduko. Ondorengo kontsultatan ez zegoen txikiaren arrastorik, Jare bakarrik zegoen nire sabelean. Haurdunaldi osoan ez zen ezer arrarorik pasa. Osasuntsua izan zen, eta asko disfrutatu genuen, Maren ahizpak bereziki. Oso pozik zegoen anaia bat izan behar zuelako".
Abenduaren 17an egindako ekografian guztia ondo zegoela esan zien medikuak. Proba egiten, gainera, Jarek eskua mugitu zuen, gurasoak agurtzen ariko balitz bezala. "Momentu hori oroitzean, agur esaten ibiliko zela pentsatzen dugu. Izan ere, bera bizirik ikusi genuen azken unea izan zen".
Taupada barik
Abenduaren 23an, goizaldean, sabela gogortu egin zitzaion Tejeirori. Bat-batean, sentsazio mingarria desagertu eta sabelean hutsunea sentitu zuen. Lasaitasuna eta hutsunea. "Ez nekien zer gertatzen ari zen, baina nire burua triste sentitzen nuen. Hurrengo egunean ez nuen Jare sentitzen, eta umearen taupadak entzuteko lagun batek utzitako tresna sabelean ipini nuen. Isiltasuna. Nire bihotzean ipini nuen tresna, eta taupadak entzuten ziren. Mundua gainera erori zitzaidan".
Ospitalera joan ziren, eta medikuak baieztatu zien Jare hilda zegoela. Hainbat proba egin ostean, umetoki barruko bat- bateko heriotza izan zela esan zieten. "Guri tokatu zitzaizkigun profesionalak zoragarri portatu ziren. Eskertuta egongo gara bizi guztirako, egindako lanagatik eta gurekin edukitako jarreragatik eta emandako maitasunagatik. Zortea izan genuen, baina, tamalez, ez da beti horrela izaten".
Marenen agurra
Erditzea eragin zioten. Jare abenduaren 25ean jaio zen. Ezjakintasunagatik, hasieran ez zuten umea ikusi gura izan. Emaginak esan zien itxura ona zuela, eta orduan animatu ziren. "Kuman ekarri zuten. Besoetan hartu eta besarkatu egin genuen. Ongietorria eman, musukatu eta abestu egin nion. Une gogorra bezain polita. Agurtzeko unea heldu zenean, arima apurtu zitzaidan. Hor hasten da dolu prozesua".
Kezka nagusiena gertatutako guztia 4 urteko Mareni nola azaldu zen. Egia kontatu zioten. "Ospitaletik etxera itzuli nintzenean, negarrez ikusi ninduen. Niregana hurbildu, bere eskua sabelean ipini eta agur esan zuen. Hunkitu egin ginen, eta ondo ari ginela sentitu". Eider Otxoarekin landu zuten dolua. Marenekin eta familiarekin zelan kudeatu, kanpotik jasotako komentarioek sorrarazten duten mina zelan kudeatu... "Baina, batez ere, bikotean sortzen den hutsunea eta mina kudeatzen ikasi genuen, bikotean. Familia apurtu egiten da. Prozesu oso gogorra baina sendakorra izan zen. Hori bai, guztiz entregatu behar zara. Tunelean sartu, ilunetan, eta poliki-poliki bukaeran argia ikusi arte".