Polizia gehiegikerien biktimek egia, justizia eta erreparazioa eskatu dituzte

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko aza. 2a, 15:26

Egun garrantzitsua izan zen martitzenekoa motibazio politikoak eragindako indarkeria pairatu duten biktimendako eta haien senitartekoendako. Polizia gehiegikerien 12/2016 Legearen bidez, legezko aitortza jaso dute beste 66 biktimak, eta horrekin batera omenaldia egin zitzaien Donostiako Kursaal jauregian. Ekitaldian testigantza eman zuen Olatz Etxabe arrasatearrak.

Omendutako biktima kolektiboaren ordezkaritza zabala izan zen Kursaal jauregiko ekitaldian, eta hainbat debagoiendar horien artean. Besteak beste, Iñaki Etxabe arrasatearraren, eta Victoriano Agiriano eta Maria Angeles Barandiaran senar-emazte bergararren senitartekoak. Lehenengoa 1975eko urriaren 5ean hil zuten tiroz Kanpanzarren, bertako jatetxean. Batallon Vasco Español erakunde parapolizialak bere gain hartu zuen erailketa. Agiriano eta Barandiaran, berriz, polizia kontrol batean hil zituzten Gasteizen, 1982ko urriaren 16an.

"Azkenean, badator aitortza"

Bete egin zen Kursaal jauregiko aretoa eta ekitaldiak 70, 80 eta 90eko hamarkadetan motibazio politikoak eragindako indarkeriaren biktima guztiak sinbolikoki aintzat hartzea ekarri zuen. Jaurlaritzak, orain arte, motibazio politikoko 334 biktima aitortu ditu.

Maitena Salinas kazetariak gidatutako ekitaldian hiru biktimaren bizipenak entzuteko aukera izan zen. Tartean izan zen Iñaki Etxabe arrasatearraren alaba Olatz Etxabe. Aitari gertatutakoaz, horrek familian eragindakoaz eta urte hauetan guztietan beste biktima batzuen aldean inolako aitortzarik jaso ez izanak eragindakoaz hitz egin zuen.

Etxaberekin batera entzun ziren 17 urte zituela Guardia Zibilak egindako tiro baten biktima izandako Lisardo Calo zein atxilotu eta torturatua izan zen Luis Maria Ralla Arruti. Halaber, Nerea Gorriti eta Dorleta Urretabizkaia aktoreek ahotsa jarri zieten Pili Zabalaren eta Axun Lasaren testigantzei, eta hainbat olerki errezitatu zituzten.

Sailburuaren autokritika

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak autokritika egin zuen eta onartu zuen denbora gehiegi behar izan dela giza eskubideen urraketa larri hauek entzun eta horien aurka egiteko. "Denbora asko behar izan dugu entzuteko eta denbora asko behar izan dugu neurriak hartzeko", adierazi zuen. Horrekin batera eskaera zuzena egin zien Estatuari eta erasoen erantzuleei. "Egiazko autokritika, egindako kaltearen aitortza, ardura beren gain hartzea eta erreparazioko konpromisoa; hauxe da irmoki exijitzen dieguna", esan zuen. "Eskuin muturreko terrorismoak eta talde parapolizialek, gerra zikinak eta torturak ere, izan behar dute beren kapitulua herrialde honetako memoriaren liburuan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak