Ultra distantziek harrapatuta

Xabier Urtzelai 2023ko urr. 31a, 14:32

Geroago eta gehiago dira lasterketetan erronka berrien bila dabiltzan kirolariak. Eta muturreko distantzietan edo non-stop probetan aurkitu dute motibazioa. Bizikleta gainean edota mendian korrika, kirol jarduera ezberdinetan euren burua muturrera eraman duten bost kirolarirekin izan da PUNTUA.

Puntua aldizkariaren 385. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Ultra distantzietan buru-belarri dabiltza geroago eta kirolari gehiago. Eta denek nabarmentzen dute sailkapen orokorrera begira beharrean euren buruaren kontrako erronka moduan hartzen dituztela lasterketa horiek. Hala, ondoren datozen lagunek badakite euren gorputza muturrera eramatea zer den; lo egin barik, mendian korrika –ala bizikleta gainean– dortsala soinean daramatela orduak eta orduak egiten dituzte, geratu gabe. Eta abentura horietan, euripean dardarka geratu dira, galdu egin dira, nekearen nekez eta lo faltaren ondorioz zuhaitzak zeuden tokian erraldoiak ikusi dituzte, edota bero-kolpe baten ondorioz ziplo erori dira lurrera. Eta, hala eta guztiz ere, ez dute uste mugara iritsi direnik. "Hilda zaudela uste duzunean, oraindik aurrera egiteko kapaz zarelako".

Bada, Isidor Caballero arrasatearrak Tor de Geants mendi lasterketa (330 km) egin berri du Aosta bailaran (Italia); Ehun Milak proba (168 km) lau alditan egin du Ines Iturricastillo bergararrak; Transpyrenees bizikleta zeharkaldian (1.100 km), lehenengoz amore eman du Mikel Aristegi bergararrak; Basajaun gravel bizikletako proba (800 km) onenen artean amaitu du Mikel Roldan aretxabaletarrak; eta Munduko raid gogorrenetan lehiatzeko, eta batzuk irabazteko, kapaz izan da Euskoraid taldeko kide Aitor Otamendi oñatiarra. Bada, halakoetan entzun ohi duten ze nezesidade? galderaren aurrean, denek dute erantzun propioa.

Ines Iturricastillo: "Motibazio handia behar da ultretarako"


Ines Iturricastillo, Bocineros Xtreme lasterketako irteeran, 2018an.

Ines Iturricastillok (Bergara, 1965) ultra distantzietako lasterketa mordoa egin ditu. "10-12 urtez ibili nintzen distantzia luzeko lasterketak egiten. Lehenago mendi martxak egiten nituen, eta distantzia luzeetan ikusten nuen ondo moldatzen nintzela. Hala, gogoan dut lehenengo Ehun Milak proba antolatu zutenean (2010) nik Hiru Haundiak egin nituela lehenengoz. Lagun bati laguntzera joan nintzen, dortsalak agortuta zeudelako, eta hura ikusita erabaki nuen hurrengo urteko Ehun Milak proban izena ematea".

Noski, Iturricastillok garbi zeukan distantzia ez zela berbera –Ehun Milak probak 168 km ditu–. "Desnibel aldetik ez dago alde horren handia, baina bai, Hiru Handietan baino 68 kilometro gehiago dira, eta luzea egiten da, gau bat beharrean bi egin behar dituzulako mendian oinez. Baina, ondo prestatu nintzen, eta lehenengo edizio hura amaitzeko kapaz izan nintzen. Uste dut gehienezko denbora amaitzeko ordubete falta zenean iritsi ginela Beasaingo helmugara; justu ibili ginen". Ehun Miliak denak, baina, ez dira arrakastatsuak izan. "Urtetik urtera ikasten duzu hobeto entrenatzen; alegia, mendian horrenbeste ordu egin beharrean, eraginkorragoa izaten, serieak egiten, elikadura gehiago zaintzen… Eta hala ere, beste hiru edizioetatik bakarra amaitu nuen. Hori bai, lehenengoan baino hiruzpalau ordu gutxiago erabilita, baina beste bi edizioetan denetarikoak gertatu zitzaizkigun. Horietako batean, 20. kilometrorako konturatu nintzen ez nindoala batere ondo, sekulako beroa egiten zuela eta azkarregi hasi ginela. Indar gabe nengoen, eta erretiratzea erabaki nuen. Eta bestean, galduta ibili ginen; norbaiti markaketa izorratzea ideia ona iruditu zitzaion".

Halako lasterketetan, anekdota mordoa batzen dira, eta Iturricastillok aitortu du probaren batean burua ere apur bat joan zaiola: "Gogoan dut lasterketaren batean bigarren gaua igarotzen nenbilela zuhaitzak beharrean erraldoiak ikusten hasi nintzela. Ez nindoan bakarrik, eta tira, aurrera egin genuen", dio umorez.

Baztertuta ditu halakoak

Ehun Miliekin batera, Transvulcania –Kanarietan– edota Bocineros Xtreme lasterketak egin ditu bergararrak, esaterako. "Azken hori izan da nire distantzia luzeko azken lasterketa. 2018an egin nuen, eta podiumeko bigarren postura igo nintzen. Eta erabaki nuen modu polita zela agur esateko; izan ere, ondoren pandemiaren etena etorri zen, eta konturatu naiz zahartu egin naizela martxa horretan jarraitzeko [barreak]. Jada ez dit konpentsatzen; halakoak prestatzeko, esfortzu handia egin behar da; ordu asko eskaini behar zaizkie entrenamenduei, eta oso motibatuta egon behar duzu". Iturricastillok dio berak ere sarritan entzun behar izan duela lagunen eta ingurukoen partetik ze nezesidade! esaldia. "Beti erantzuten dut gauza berbera: diskoteka batean edo tabernaz taberna gau osoan zurrutean ibiltzeko dagoen berbera. Zera esaten diet: segi zuek diskotekan, horrela ez nauzue mendian molestatuko!", dio barrez.

Aitor Otamendi: "Erronka politenak etortzeko daude oraindik"


Otamendi, argazkiaren erdian, Euskoraidekoekin batera irabazi duen Arango raidean.

Aitor Otamendik (Oñati, 1983) bereziki raid probetan egin ditu ultra lasterketa luzeenak. Raid-ak orientazio probak dira, taldeka egin daitezke, eta ibilbidean zehar kirol jarduera mordoa batu ditzake. Mendiko bizikletan, korrikan, igerian, kayak-ean edota piraguetan ibiltzen dira, besteak beste. Eta logistika aldetik ere esfortzu eta kontzentrazio handia eskatzen dute, ibilbideko puntu ezberdinetan material konkretua eduki behar izaten dutelako gertu; despisteak garesti ordaintzen dira hor. Ota-k guztira 10 raid inguru egingo zituen. "Norberaren buruaren kontrako erronka da, nahiz eta egia den azken urteotan raid batzuk irabazi egin ditugula, eta horrek ere aparteko poztasuna ematen duela". Oñatikoa Euskoraid taldeko kide da, eta talde horrek diziplina ezberdinetatik datozen maila oneko kirolariak batzen ditu. "Garbi daukat bakarka baino askoz ere gehiago estutzen dugula gure burua talde moduan jarduten dugunean. Konpromiso maila oso altua dugu; badakigu raid baten atzean zer nolako esfortzua dagoen, eta taldekideei diedan errespetuagatik askoz ere muturrerago eraman dezaket gorputza", dio oñatiarrak.

Bere kasuan, gorputza estutu behar izate horrek ondorioak ere ekarri izan dizkio, nahiz eta ez diren larriak izan. Paraguain, esaterako, oin azpiak erabat lehertu zituen. "Oinetako azala zatika neukan, xerrak moduan. Ordu asko egin genituen hezetasun handiarekin eta...". Eta Pirinioetan, Arango raid-ean, taldekideak bidegurutze batean ze norabide hartu erabakitzen zeudela zerraldo erori zen, bero-kolpe baten ondorioz. "Egoera horretan ez duzu uste pauso bat gehiago emateko kapaz izango zarenik, eta, hala ere, lasterketa irabazi genuen", dio barrez.

"Burua da garrantzitsua"

Ota-k izugarri gozatzen du halako lasterketetan, nahiz eta bere esanetan ez den fisikoki dohain bereziak dituzten horietakoa. "Halako probetan burua askoz ere garrantzitsuagoa da; 60 orduz lo egin gabe eta leher eginda egonda ere aurrera egin behar da, eta, zorionez, zentzu horretan nahiko ondo moldatzen naiz. Azken batean, distantzia luzeetan, bereizgarri handiena psikologikoki indartsu egotea izaten da. Lasterketa guztietan garbi izan behar duzu momentu gogorrak izan behar dituzula, proba horretan zer demontre egiten duzun galdetuko diozulako zure buruari ehun aldiz, eta, hala ere, aurrera egin behar delako. Eta halakoetan norberak motibatu behar du bere burua; ez pentsa kanpoko ezerk motibatuko zaituenik, norberaren barruan bilatu behar da indar hori". Eta horrekin batera, burua zaintzen ikasi. "Distantzia luzeetan gauzak ondo egin behar dira. Eta azken urteotan, asko ikasi dut elikaduraren inguruan, hidratazioaz… Badakizu dagoeneko ezin dituzula 20 urterekin egiten zenituenak egin, alegia, bezperan garagardo mordoa edan eta hurrengo egunean bizikletan entrenatzera joan. Hori amaitu zen".

Mikel Aristegi: "Erretiratzea erabaki nuen Transpyrenees-en"

Mikel Aristegi (Bergara, 1980) ez da distantzia luzeekin kikiltzen den horietakoa. Gaztetatik bizikleta gainean, estatuan dauden mendiko bizikletako lasterketa gogorrenetakoak egin izan ditu. "Pedals de Foc, Euskobike, Gigante de Piedra, Madrid- Lisboa… Halakoak egin ditut, bai. Eta iaz Basajauneko lehenengo edizioa ere egin nuen. Orain arte ez dut lasterketa batean ere erretiratzeko beharrik ikusi, baina aitortu behar dut aurtengo Transpyrenees proban gorriak ikusi nituela. Esango nuke konfiantza larregirekin joan nintzela, Basajaun ondo amaitu nuelako edo… Errespetua galduta joan nintzen Transpyrenees-era, eta, bigarren gauaren ondoren, etxerako bidea hartu nuen. Hor garbi geratu zitzaidan Pirinioek errespetua merezi dutela; eguraldi txarrarekin, kontuz, desnibel handiak gainditu behar dira eta. Egia da lagunak ere harritu egin zirela erretiratu egin nintzela esan nienean, baina momentuan halaxe erabaki nuen, eta aurrera".

Transpyrenees non-stop proba bat da, alegia, Cap de Creus-en hasi –Llançan– eta Donostiara iritsi arte kronometroa geratu gabe egiten den lasterketa (1.050 km eta 25.000 metroko desnibel positiboarekin). "Halakoetan, indartsu hastea gustatzen zait. Aurrekoen taldetik gertu mantentzen saiatu eta lehenengo etapan ahalik eta kilometro gehien egin. Zapatuan 20:00etan hasi genuen proba, eta domekako gauerdira arte egin nuen bizikleta gainean jarraian, siesta laburren batekin. Uste dut 400 kilometro izan zirela jarraian (9.000 metroko desnibelarekin). Baina hasieratik izan nituen arazoak. Lehenengo, bizikletarekin arazo mekanikoak, eta gero, klimatologikoak. Domeka gau hartan, atseden hartzeko bibak egitea erabaki nuen, baina euria egin zuen gauean eta baita hurrengo egun osoan ere. Ordu asko izan ziren bizikleta gainean erabat bustita, gailu elektroniko guztiak ere busti egin zitzaizkidan… Tourmalet azpira iritsi nintzenean, hotel bat hartu eta erretiratzea erabaki nuen. Nekatuta nengoen hotza pasatzeaz, eta ez jarraitzea erabaki nuen. Lasterketak berak estres puntu bat ere sortzen dizu, atsedena hartzeko lekua ere norberak hartu behar izaten duelako; non jan erabaki, ze ordutan iritsiko zaren herriguneetara… Ez da pedalei eragitea soilik, eta bai, halaxe erabaki nuen".

Bueltatzeko asmoz dago

Aristegik gauza bat dauka garbi, 2024an lasterketara bueltatuko dela. "Ez daukat zalantzarik. Halakoetan, erronkak berak harrapatzen zaitu, gorputza muturrera eramatearen esperientziak eta horrekin gozatzeak. Abentura bat da azken batean, eta momentu oso bereziak bizitzen dira halakoetan, beste lasterketetan bizitzen ez direnak. Baina horrekin gozatu egin behar da. Alegia, badakizu momentu txarrak izango dituzula, baina garbi daukat sufrimenduak ere muga bat izan behar duela. Hau da, merezi ez badu, sufrimendu hori denboran larregi luzatzen bada... Hobe da erretiratzea. Aurtengo esperientzia ere badaukat, eta bai, 2024an bueltatu egingo naiz Transpyrenees probara".

Mikel Roldan: "Basajaun zoroendako zela esan nuen, eta..."


Basajaun amaitutakoan, Roldanek etxekoak izan zituen Gasteizen zain.

Mikel Roldan (Aretxabaleta, 1978) gaztetan bizikletan asko ibilitakoa da, baita ziklo-krosean ere. "Badirudi graveleko bizikletak orain asmatu dituztela, baina gaztetan ziklo- kroseko bizikletekin ere sartzen ginen basora". Bada, labur esanda, errepideko bizikleten itxura duten baina gurpil zabalagoak dituzten bizikletak dira gravelekoak, eta azken urteotan lasterketa mordoa antolatzen dabiltza bizikleta horiekin egiteko. "Nahiz eta, egia esan, mendiko bizikletarekin egiteko proba den Basajaun", dio proban zehar gerria, eskumuturrak eta lepoaldea ondo jipoitu zituen Roldanek.

Ekainaren 30ean 280 parte- hartzailek hasi zuten lasterketa Gasteizen. Erronka honakoa zen: 800 kilometro –15.000 metroko desnibelarekin– egin behar zituzten, gehienez bost egunean. Denbora tarte horretan Urbasa, Iratiko basoa, Bardea, Cameros mendizerra eta Demandako mendizerra zeharkatu behar zituzten, ostera ere Gasteizera itzultzeko. Eta lehenengoarendako ez zegoen saririk, proba amaitzea bera zen saria.

Entrenamendu berezi gabe

Bada, aurtengoa lasterketa horren bigarren edizioa izan da, eta Roldanek umorez gogoratzen du lasterketaren berri lehenengoz izan zuenean pentsatu zuena. "Barre egin genuen lagun batek eta biok. Zera komentatu genuen: ze zorok egingo du lasterketa hori?" Bada, hilabete gutxitara, 2023ko Basajaunen izena emanda zegoen Roldan, eta entrenatzen hasita. Eta hor Aretxabaletakoak ez du apartekorik egin. "Beste edozein martxa zikloturista moduan prestatu nuen. Abenduan hasi nintzen entrenatzen, baina bai aitortu behar dut hasieran nire asmoa Basajaun lasai egitea zela, bost egun horiek erabiltzea lasai ibiltzeko. Baina, hilabeteak aurrera joan ahala berotzen joan nintzen, eta...", dio barrez. "Lehiarako grina sartu zitzaidan; nire burua estutzeko gogoa nuen, ea joanaldi luzeak egiteko kapaz izango ote nintzen…".

Bada, hamaikagarren postuan iritsi zen helmugara, 65 ordu erabilita. "Hasierako asmoa zen Orreaga ingurura arte geratu barik joatea. Baina erritmo berean gindoazen bi ziklista batu ginen, gustura gindoazen, eta konturatu orduko 350 kilometro egin genituen jarraian. 05:00etan, lo apur bat egiteko geratu ginen, Uxuen, baina egunsentiarekin martxan nintzen ostera ere. Bardea goizeko freskotasunarekin igaro nuen, eta gero ondo estutu ninduen beroak. Bigarren egun osoa bakarrik egin nuen, bezperako lagunak lo oraindik eta gutxiago egin zuelako. Cameros mendizerran harrapatu ninduen gauak; jaitsieretan ez nuen askorik ikusten, eta erabaki nuen herri bateko elizpean lo egiten geratzea. Bost bat orduz egin nuen lo, eta eguna argitu aurretik martxan nintzen ostera ere. Demandako mendizerra pasatu, Errioxa gurutzatu, eta 22:00etarako iritsi nintzen Gasteizera".

Roldanek onartzen du halako lasterketek badutela zera berezi bat. "Datorren urtean, Basajaun eta Madrid-Hondarribia probak egingo ditut. Halakoek eguneroko arazoak ordu batzuez ahazteko ere balio dute".

Isidor Caballero: "Oso hunkigarria izan da azkena, larregi"


Isidor Caballero, aurten egin duen Tor des Geants lasterketan.

Isidor Caballerok (Arrasate, 1971) esperientzia handia du ultra distantziako probetan; UTMB, Canfranc-Canfranc, Ehun Milak lautan edota Hiru Haundiak ere beste lau alditan egin ditu, batzuk nabarmentzearren. Hala ere, aurtengo erronka handiagoa izan da, munduko lasterketa gogorrenetakoa egin du-eta, Tor des Geants. Lasterketa hori Aostako (Italia) bailaran egiten dute, 330 kilometro ditu (24.000 metroko desnibela) eta arrasatearrak 131 ordutan lortu zuen lasterketa egitea. Horiek bost egun eta erdi dira, apenas atseden hartu barik, mendian korrika. "Beldur apur batekin joan nintzen bi lagun min joan zaizkidalako aurten, eta alde batetik motibazio handia neukan lasterketa euren omenez amaitzeko, baina, bestalde, banekien animikoki egun gorabeheratsuak izango nituela, eta halaxe izan zen. Kontuan izan halako probetan gorputza baino garrantzitsuagoa dela burua, eta bai, lasterketa zentzu horretan gogorra egin zitzaidan", dio arrasatearrak. "Oso momentu hunkigarriak izan nituen; akaso, larregi".

Isi-k gozatu galanta hartu zuen hango glaziarretan barrena, baina sufritu ere egin zuen. "Bigarren egunean pasa nuen txarto, harriz betetako 55 kilometroko tartea gainditu behar izan nuenean (6.000 metroko desnibelarekin), eta ikusten nuen ez nuela aurrera egiten. Tarte hori gainditzeko 22 ordu behar izan nituen, pentsa… Gauetan, saiatzen nintzen konpainia topatzen korrika jarraitzeko; 3.000 metrora zaude, eta bakarrik ibiltzea ez da komenigarriena. Baina hirugarren eguna gainditu nuenean, banekien helmugara iritsiko nintzela".

Siesta laburrei esker

Lo gehien egin zuen egunean bi ordu eta erdiko siesta egin zuen. "Silvia Trigueros laguna dut, eta hark ondo ezagutzen du lasterketa hori; hainbatetan irabazi du proba. Gomendio onak eman zizkidan: ze aterpetxe aukeratu siestaren bat egiteko, non ez geratu zarata handiegia egongo zelako; ibilbideko xehetasunak azaldu zizkidan. Asko eskertu nuen. Bazkalostean, esaterako, 15 minutuko siesta egiten nuen, eta halakoekin izugarri errekuperatzen nuen. Hori duela gutxi ikasi dut egiten. Lasterketatik fisikoki osorik etorri naiz, eta baita mentalki ere; egindakoaz gustura geratu naiz. Lagunen eta aitaren erretratuak eraman nituen motxilan, eta lagungarria izan zen".

Bada, lerro hauek idatzi orduko Isi Hiru Haundiak proba egiten zebilen, lasterketa irabazi duen Ane Zabalarekin batera. Eta Aosta bailaran 330 kilometroan gertatu ez zitzaiona Hiru Haundietako 30. kilometroan gertatu zitzaion. Konturatu orduko bi eroriko izan zituen, eta bigarrenean min hartuta erretiroa hartzea erabaki zuen, gero, lasterketaz kanpo Ane Zabalari laguntzeko. "Halakoxea da kirol hau. Egin ditudan lasterketa guztiekin, lesio handiena Besaiden lagun batekin paseatzen nenbilela egin nuen; han bai bihurritu nuela orkatila. Inoiz ez dago jakiterik", dio Arrasatekoak, umorea galdu barik. Errekuperatu dadila lehenbailehen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak