Isil-isilik, gelditzeko etorri dira ibilgailu elektrikoak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko urr. 27a, 10:16

Jasangarritasunaren aldeko bidean, auto berria erosteko orduan ibilgailu elektrikoa edo hibridoa erosteko zalantza sortzen da; gaian adituak direnen eta ibilgailu elektrikoa erosi berri duen gidari baten adierazpenak jaso ditu GOIENA-k.

Ibilgailu elektrikoa errealitatea da gaur egun, eta gero eta ibilgailu %100 elektriko edo hibrido gehiago ikusten dira kaleetan. Horietako bat da Bergarako Bolubarri baserriko Agurtzane Olabarriak eta familiak apirilean erositako ibilgailu elektrikoa. Autoa aldatzeko premia zuten: "Bi kamioi eta furgoneta bat dauzkagu; denak dira erregaiarekin ibiltzen direnak, eta pentsatu genuen, dirulaguntzak daudenez, elektriko bat erostera animatzea. Momentuz gustura gaude". Automatikoak dira eta bergararrak ohitu egin behar izan du: "Kontu handia izan behar duzu ezkerreko hankarekin. Hasieran ez da erraza. Txarrena ibilgailu zaharretik elektrikorako aldaketa da".

Gipuzkoan 157 karga-puntu daude. Debagoienean, berriz, 18: Arrasaten, zortzi; Bergaran eta Oñatin, bosna

Kargatzeko puntuen kopurua ere hazi egin da, eta gasolindegietan, merkataritza-guneetan edota aparkalekuetan ikus daiteke hori, besteak beste. Gipuzkoan, esaterako, 157 karga-puntu daude, eta datuok Debagoienera ekarrita, gaur-gaurkoz, Arrasaten zortzi daude, Bergaran bost eta Oñatin beste bost. Pribatuak eta publikoak dira puntu horiek. Orokorrean, ordaindu egin behar dira, eta 0,15 eta 0,50 euro bitarteko kostua du kWh-ak. Arrasateko Avia gasolindegian duela zenbait urte jarri zuten karga-puntua eta hango langile baten esanetan, jarri zutenetik nabaritu dute orduan baino jende gehiago geratzen dela ibilgailua kargatzen; batik bat udan, opor garaian atzerritar asko geratzen baita. Dena den, ez da sekula ilararik sortu. Debagoiendarren karga ohituretaz uste du gehientsuenek karga-puntu pribatua dutela.

Jasangarritasunaren aldeko bidean, ordea, zalantzak sortzen dira halako ibilgailu bat erosteko orduan, eta, hori kontuan hartuta, ibilgailu elektrikoei eta karga-puntuei buruzko hitzaldia egin dute asteon Oñatin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Debagoieneko Mankomunitateak Oñatiko Udalarekin elkarlanean. Bergaran, azaroaren 7an emango dute hitzaldi bera; 19:00etan, Irizar Jauregian.

Zergatik kotxe elektrikoa?

%100 elektrikoak diren ibilgailuek ez dute erregairik behar. Hibridoen kasuan, bateria elektriko txikiagoa dute, baina elektrizitatea gastatzen denean, erregai konbentzionala hasten da lanean –normalean, gasolina–. Aipatzekoa da, kasu horretan, 30-80 kilometro bitartean ibiltzen dela modu elektrikoan.

Xabier Lizaur, Ekitermik: "Ibilgailu elektrikoekin emisioak gutxitzen dira"

Xabier Lizaur Ekitermik kooperatibako arduradunak azaldu du zergatik egin behar den ibilgailu elektrikoen aldeko apustua: "Oso motzean esanda, ikusten duguna da, gaur egun, erregai fosilek duten pisua oso handia dela, eta beste herrialdeekiko dugun dependentzia ere oso handia da. Kontsumoa elektrifikatzeko joera horrek ahalbidetzen diguna da guk hemen bertan sortu ahal dugula elektrizitate hori. Orduan, besteekiko dependentzia gutxitu egiten da, eta emisioak ere bai". Zuzena izan da Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) Garraio Saileko teknikari Monica Diaz: "Garajerik ez baduzu, nire iritziz, elektriko purua ez da soluzioa".

Ibilgailu elektrikoen potentzia

Diazek azaldu du lehen uste zela halako ibilgailuek ezin zutela abiadura handirik hartu, baina hori duela zenbait urtetatik ez dela hala dio, eta erregai-motordun ibilgailuekin alderatu ditu: "Kotxe elektrikoa potentea izan daiteke edo ez, baina ibilgailu konbentzionalak bezalaxe. Abiadura har dezake. Motor elektrikoak ez du mugarik zentzu horretan, eta handia izan daiteke. Zenbat eta bateria handiagoa, orduan eta potentzia handiagoa; beste ibilgailuek dituzten zaldiak bezalaxe".

Agurtzane Olabarria, auto elektrikoa du: "Bidaia motzak egiteko erabiltzen dut auto elektrikoa"

%100 elektrikoek egin ditzaketen kilometroak mugatuagoak dira, eta hori argi du Agurtzane Olabarriak. Horregatik, autoa Debagoienean ibiltzeko erabiltzen dute soilik. "Bidaia motzak egiteko erabiltzen dugu. Baserritik kanpo dauzkagun ortuetara joateko, dendetan banaketa egiteko edo azokara joateko. Ez gara urrun joaten, badakigulako mugatua dela erabilera".

Bizi zikloa

Bateriaren biziaren iraupena ere galdera izan ohi da. Zikloetan neurtzen da, eta kontzeptu horren gaineko xehetasunak eman ditu Diazek: "Auto elektriko baten batez besteko bizitza denborak 3.000 karga-ziklo oso hartzen ditu, gutxi gorabehera. Garrantzitsua da karga-ziklo osoaren kontzeptua ulertzea; hau da, bateriaren %0tik %100eraino. Karga bat bateriaren %80tik %100era egiten dugunean, 0,2 zikloren baliokidea da eragiketa hori. Ziklo oso bat gerta dadin, bost karga-eragiketa egin beharko lirateke bateriaren %80tik %100eraino. Horrenbestez, ibilgailu batek jasan dezakeen kargen kopurua 3.000 baino askoz gehiago da, eta bateria ez da elementu mugatzaile bat ibilgailuaren bizitza baliagarrian". Karga, gauez, ibilgailua erabat deskargatu gabe dagoenean hastea gomendatu du, baterian kalterik ez eragiteaz gain, egokiagoa delako.

Monica Diaz, EEEko teknikaria: "Hobe da karga hastea bateria guztiz deskargatuta ez dagoenean"

Bateria gastatu edo hondatzen denean aldatu daiteke. Diazen hitzetan, ordea, ez da ohikoena, elementurik garestiena baita: "Bateria ibilgailu elektrikoaren bizitza baliagarriaren amaierara iristen denean, bigarren bizitza ematen zaio. Esaterako, autokontsumo-sistematako energia-metatzeko".

Norbere karga-puntuak

Lau modutako karga-puntuak daude, betiere, potentzien arabera, baina batik bat norberak etxeko garajean jarri dezakeen puntuari egin diete erreferentzia bi hizlariek; hau da, wallbox delakoei. Etxebizitza eraikinetan dauden garaje komunitarioetan, eraikin horretako bizilaguna izanez gero, baimenik ez da eskatu behar. Nahikoa da bizilagunak ohartaraztea. "Eraikinean bizi banaiz eta nire kontagailu propioa badut, etxebizitzako kontagailu horretatik atera dezaket linea eta kontagailu bera erabili karga-puntua jartzeko", dio Ekitermikeko arduradunak.

Dena den, badaude kasuak, garaje komunitarioa izan arren, eraikineko bizilagunak ez diren herritarrek garaje plaza bat dutenak. Kasu horietan, beharrezkoa da baimena eskatzea: "Hornidura-puntu berria eskatu behar da, eta existitzen den kontagailu zentralean lekua aurkitu zure kotxe elektrikoarendako kontagailu berria jarriz".

Bolubarri baserrian jarri dute karga-puntua eta prozesua oso erraza izan zela adierazi du Olabarriak: "Baserri ondoan lekua eta aterpea dauzkagu, eta hormaren kontra jarri genuen.Elektrikariari deitu eta listo. Erraza izan zen. Aparatuak gainera, aukeran, badauka mugikorreko aplikazio bat eta ikus dezakezu ze gastu duen karga bakoitzak edota zenbat denbora irauten duen".

Dirulaguntzak daude

Ibilgailua erosterakoan, garestiagoak dira ibilgailu elektrikoak konbentzionalak baino. 15.000 euro + BEZetik hasita eros daitezke. Alabaina, EEEko teknikariarentzat "akatsa" da bi ibilgailuen arteko erosketa prezioa alderatzea, etorkizunera begira dirua aurreztea dakarrelako. Dioenez, bizitza osoan zehar kostatuko dena alderatu behar da: erregai edota karga zenbatekoa eta mantenua –%20 merkeago izan daitekeela dio– bezalako gastuen prezioak. Bestalde, karga-puntu bat jartzea 1.500 eta 2.500 euro bitartean kostatu daiteke. Dena den, badaude dirulaguntzak ibilgailu elektrikoak erosteko eta puntuak jartzeko. 2023ko abenduaren 31ra arte eskatu daitezke. Gomendatu du eskaerak erosketa baino lehen egiteko.

Dirulaguntzak erosketa egin aurretik eskatzeko gomendatu du Diazek

Teknikariaren xehetasunen arabera, enpresen kasuan, mugikortasun elektrikoa sartuta dago Eusko Jaurlaritzaren Teknologia Garbien Euskal Zerrendan. Teknologia berritzaileak hartzen ditu, eta %30eko desgrabazio fiskala du. Beharrezkoa da dirulaguntza eskaera erosi aurretik egitea, bestela ez du dirurik jasoko.

Norbanakoen kotxe elektrikoetarako laguntzak 7.000 eurora artekoak izan daitezke; %100 elektrikoen kasuan zazpi urte baino gehiagoko ibilgailu bat txatartegira eramanez gero. Bestetik, 5.000 euroko laguntza hibrido entxufagarria bada, eta ibilgailu zaharra txatartegira eramaten bada. Ibilgailu zaharrik ez bada txatartegira eramaten, hibrido entxufagarrietan 2.500 euroko laguntzak daude eta 4.500 eurokoak ibilgailu elektrikoetan. Udaletan, kasuan kasu, badaude hobariak udal zergetan.

Ikasketa fasean

Bolubarrin aitortu dute ikasketa fasean daudela oraindik. Gainera, azaldu dute ez dela erraza dirulaguntzei buruzko informazioa erraz lortzea: "Halako argibideak emango dizkizun norbait falta da". Ibilgailu elektrikoa gomendatuko luketen galdetuta, dio ikusi egin behar dela zertarako den: "Hemen inguruan ibiltzeko bada balio du. Norberak karga-puntua etxean ez badu, zaila da".

Auto elektrikoen salmentak

Udalaitz kontzesionarioko Tomas Muñoz merkataritzako aholkulariak adierazi du ibilgailu elektrikoen salmentak hazi arren, euren salmenten %5 baino gutxiago direla oraindik: "Auto elektrikoen interesa hazi dela ikusten dugu diesel eta gasolinaren hurrengo urratsa dela ikusten baitute eta etorkizun batean ez direlako erabilgarri egongo".

Abantailak eta desabantailak

Abantailen artean nabarmendu ditu 0 emisioa, zarata gutxiago egiten dutela, kilometrajean aurrezten dela, mantenu gutxiago dutela, abantaila fiskalak dituztela, hirietako eremu mugatuetan sar daitezkeela eta zenbait udaletan udal-zerga ez dela ordaindu behar. Hala ere, bost desabantaila zerrendatu ditu: prezio altua, karga-azpiegiturak oraindik eskasak, kargatze denbora, autonomia eta bateriaren birziklapena.

Debagoieneko karga-puntuei dagokienez, gutxi daudela irizten dio: "Karga azkarrekoak ere gutxi daude eta horiek erabilera ere urria dela esango nuke; batez ere, oraindik ibilgailu gutxi daudelako eta erabiltzaileek etxebizitza partikularretan bertan kargatzen dituztelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak