Maite Fernandez: "Zaharberritzea ez da trebezia kontua, zientzia bat baizik"

Txomin Madina Milikua 2023ko urr. 24a, 14:32

Maite Fernandez, XVIII.mendeko marko barroko batekin lanean. Irudia: Maite Fernandez.

Jaiotzez nafarra den arren, Maite Fernandezek (Iruñea, 1979) Bergara du bizitoki. Herri berean dago Artez ere, duela hamar urte baino gehiago Aida Payarekin batera matxan jarri zuen zaharberritze estudioa. Eta hori, Arte Ederrak ikasten hasi arte zaharberritzearen inguruko interes txikia zuela.

Puntua aldizkariaren 384. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Gauzak egin zirenean bezala utzi beharrean, etorkizunera begira egoera ahalik eta hoberenean lagatzea. Horrela azaltzen du Maite Fernandezek bere jarduna. Ondarearen zaintzan, gainera, ba omen dugu zer hobetu.

Arte Ederrak ikasi zenituenean bazenekien zaharberritzailea izango zinela?

"Gure ondareak badu historia bat, bizitza bat, eta hori ikustea ere ez dago gaizki"

Berez, argazkilaria izan nahi nuen; zaharberritzea zer zen ez nuen ezagutzen. Nik ikasi nuenean, Arte Ederretan lehen bi urteak komunak ziren eta gero erabaki behar izaten zen zein espezialitate egin. Pintura, eskultura, diseinua, ikus-entzunezkoak eta zaharberritzea ziren aukerak. Txikitatik margotzen nuenez, pinturaren teknikak ezagutzen nituen, eta, ondorioz, ikus-entzunezkoak egin nahi nituen argazkilaria izateko. Baina bigarren mailaren bukaeran sormenak ihes egingo zidan beldurra sartu zitzaidan, kontatzeko ezer barik geratzekoa. Zaharberritzearen alde egin nuen, segurtasuna ematen zidalako: obra berez egina dago, eta zuk ez duzu ezer ere sortu behar. EHUn bukatu eta berehala Zaragozara joan nintzen, hango diputazioak bazuelako eskola-tailerren proiektu bat; unibertsitateko eduki teorikoak bi urtez praktikan jartzeko aukera ematen zuen. Master bat bezalakoa zen, baina norberak ordaindu beharrean, ordaindu egiten ziguten lana egiteagatik. Sekulako pagotxa izan zen, formazio oso espezifikoa eta ona eskaini zigulako. Ogibidea ezagutu eta beldurra galdu nion.

Eta iruindarra izanda, nolatan estudioa Bergaran?

Zazpi urte inguru Nafarroan ibili nintzen lanean, baina gero Bergarako mutil bat ezagutu eta bertara etorri nintzen. Espainia mailan lan egiten duen enpresa batean hasi nintzen lanean, Gipuzkoan aritzeko baldintzarekin. Baina 2010ean krisi ekonomikoa sartzean, enpresa handi horiek guztiak itxi egin zituzten. Ni ama izan nintzen garai horretan, eta amatasuna aurrera zihoala lanera itzuli eta orduan sortu nuen, Aida Payarekin, Artez estudioa.

Oraingo proiektua: Beasaingo Andre Mariaren Jasokundearen eliza.

Momentu honetan Beasainen zabiltzate lanean. Zein proiektutan?

Beasaingo Andre Mariaren Jasokundearen elizako erretaula pipiak jota zegoenez, oso egoera txarrean zegoen, erortzeko zorian. Hori horrela, egurrezko erretaula desmuntatu eta anoxiaren bidez artatzea erabaki zuten iaz, eta hori egitean, 1535eko, eliza eraiki zuteneko, horma-margoak agertu ziren erretaularen atzean. Zenbat margo zeuden jakiteko elizaren absidean lagin batzuk hartzeko deitu ziguten. Izan ere, eliza askotan margoak suntsitu eta kendu egin zituzten arren, Beasaingoan, kendu beharrean, gainetik zuriz margotu zituzten. Gaur egun, XVI. mendeko horma-margo horien gainean, hamar geruza baino gehiago daude; igeltsu, kare, margo... geruzak. Gu horiek guztiak kentzen ari gara. Baina Beasaingo lanak beste batzuekin uztartzen ari gara: Laboratorium museoarekin elkarlanean ari gara, adibidez, bere bildumaren parte diren artelanak zaharberritzeko eta katalogatzeko. Eta beste proiektu batzuetarako aurrekontuak egiten ere bagabiltza; esaterako, Irungo erretaula baterako.

Handia da Laboratoriumeko ondarea?

Bai. Poliki-poliki, urteekin, pieza bakoitzaren fitxa sortzen, kontserbazio egoera aztertzen... ari gara; urtero zerbait zaharberritzeko balorazioa egiten dugu. Baina zer zaharberritu erabakitzeko, zer dagoen jakin behar da, eta horregatik da oso garrantzitsua katalogatze-lana.

Zaharberritzerakoan baduzu espezialitaterik? Eta bereziki gustuko duzun elementurik edo garairik?

Mihisearen gaineko margoak; erretaulak bezalako taularen gaineko margoak eta eskulturak; harriaren gaineko lanak; eta horma-margoak zaharberritzen ditugu batez ere Artezen. Zaragozan, esaterako, horma-margoen inguruko espezialitatea egin nuen. Horietatik guztietatik nire kuttunenak egurraren lanak dira, erretaulak eta taulak; zentzu horretan, erretaula barrokoak dira ikusgarrienak, baina Berpizkunde garaikoak oso-oso politak dira. Horiek harribitxiak dira zaharberritzaileontzat.

"Hemen ondarea aldetik aberatsak garen arren, gehiago miresten dugu kanpokoa"

Zer da zaharberritze bati ekiterakoan egiten duzun lehen gauza?

Zaharberrituko den pieza, ondare edo artelanari zer gertatzen zaion jakitea. Horretarako azterketa tekniko zabal bat egiten da, eta haren egoera dokumentatu: zein narriadura dituen zehaztu, patologia guztiak jaso... Horrekin esku-hartze proposamen bat egiten dugu. Gaur egungo zaharberritze irizpideek diote esku-hartzeak minimoa izan behar duela, beti ere, ondarearen kontserbaziora begira. Pentsatu behar dugu ondare asko dugula, eta ondare hori egoera onean mantentzeko ezin ditugula zaharberritze prozesu osoak burutu, bestela diru guztia pieza gutxi batzuetara bideratuko litzatekeelako bakarrik. Gauzak horrela, egiten duguna da narriadura eragiten duten elementuak ekidin; ez, garai batean bezala, dena berriz ere kolorez jantzi edo hutsune denak bete. Ez ditugu faltsu historikoak egiten; zerbait berriz margotu edo hutsuneren bat betetzen badugu, gainera, igarri egin behar da zer den zaharra eta zer berria. Izan ere, gure ondareak badu historia bat, bizi bat, eta hori ikustea ere ez dago gaizki. Helburua beti da gure ondarea hurrengo belaunaldiei helaraztea; horregatik, kontserbazioa da garrantzitsuena.

Proiektu batekin zenbat denbora eman dezakezu asko jota? Beasaingoa, esaterako, noiz hasi zenuten eta noiz bukatuko duzue?

Beasaingoa proiektu handia da, eliza baten abside osoa zaharberritzen ari garelako: badira pareta, bobedak... Metro karratu asko dago, eta sei langile, seiak neskak, sei hilabetez egongo gara lanean. Baina ez da ohikoena. Ez da gauza bera koadro bat, erretaula bat edo duela lau urte egin genuena bezala, Maria Cristinako zubia. Denborak oso ezberdinak dira.

Zeinek egiten dizkizue zaharberritze eskariak?

Normalean erakundeendako lan egiten dugu: udalak, Aldundia, artzapezpikutzak, Laboratorium edo San Telmo museoak, esaterako. Norbanakoek ere badituzte ondareak edo artelanak, baina ez dira zaharberritzera ausartzen; ez dakit garestia iruditzen zaielako den, gure ondarea ez dugulako baloratzen...

Noiz geratzen zara gustura zaharberritze batekin?

Beti, esango nuke, beti saiatzen garelako ahalik eta hobekien egiten eta dugun jakintza guztia gure proiektuetan islatzen. Kasu batzuetan piezak berak ere agintzen dizu, eta oso narriatua badago, adibidez, ezin duzu hobeto utzi.

Oraingo proiektua: Beasaingo Andre Mariaren Jasokundearen eliza.

Txapuza asko ikusi dituzu?

Bai, asko! Baina ez dira izaten zaharberritzaileok egindakoak, gure munduan intrusismo handia dagoelako. Denok ezagutzen dugu Borja herriko Ecce Homo-aren kasua, baina herri guztietan dago horrelakoren bat. Eta horren kontra ere pedagogia egin behar dugu, gure ondarea ezin duelako edozeinek artatu. Mediku batengana joan behar duzunean ez zara sorosle postu batera joaten; bada, artelana ondo zaindu behar denenean, ezin dugu eskulanen tailer batean artatu. Zaharberritzea ez da trebezia kontua, zientzia bat baizik.

Teknologiaren garapenak zenbat lagundu du zuen lanean?

Oraindik ere jarraitzen dugu betiko teknikak erabiltzen, baina teknologia berriek asko lagundu digute. Droneek, esaterako: hogei metroko erretaula baten kontserbazio egoera zein den jakiteko sekulakoa da droneak izatea, edozein puntutara heldu zaitezkeelako aldamio baten beharrik gabe. Fotogrametria bat egiteko aukerak, mikroskopio digitalek... asko lagundu digute. Baita mugikorrek ere; lehen, aurrekontu bat egitera joaterakoan, Reflex kamara batekin-eta joan behar izaten nintzen; orain, nahikoa da mugikorra eramanda. Baina gure lanak oso artisaua izaten jarraitzen du, eskulana delako azken finean; gure aurrekontuen ehuneko handiena eskulana da.

Badago ondarearen kontserbazioaren inguruko kontzientziarik?

Ez. Ez dugu kultura hori, ikusi besterik ez dago gure herrietako ondareari zenbat eraso eta pintaketa egiten zaizkion. Ez bakarrik elizei, kalean dagoen edozein eskultura edo bestelakori ere bai. Zerbait ez ukitzeko esaten digutenean egiten dugun lehen gauza ukitzea izaten da, ez dago kontzientziarik. Hemen ondare aldetik oso aberatsak garen arren, gehiago miresten dugu kanpokoa bertakoa baino. Era berean, eliza barruetan dagoena ez dugu gure moduan kontsideratzen, eta kontuan hartu behar dugu elizak gure arbasoek eraiki zituztela eta ondorioz gure historiaren parte direla. Sekulako harribitxiak ditugu, eta horiek guztiak zaindu egin behar dira.

"Bergarako San Pedro elizan dauden bi erretaulak zaharberrituko nituzke"

Debagoienera etorri zinenean, zer iruditu zitzaizun ondare ikuspuntu batetik?

Ondare asko dago eta zentzu horretan herri aberatsak dira. Ni ez naiz arkitektura kontuetan aditua, baina esango nuke azken 50 urteetan eraikinen aldetik ondare zati handi bat galdu dela. Baina, esan bezala, herri aberatsak dira. Hor dugu Oñati; sinestezina da hain herri txikia izanik hainbeste gauza izatea. Bergarak ere historia mordoa dauka. Egia da ez garela jabetzen zelako garrantzia izan zuen bere garaian eta ondorioz ezin diogula bultzada bat eman; gure historia ezagutzen ez badugu zaila da ezagutaraztea. Pedagogia handia egin behar dugu bai gaur egungoekin eta baita datozen belaunaldiekin ere.

Bada bailaran zaharberritzea gustatuko litzaizukeen elementurik?

Bai, noski! Bergarako San Pedro elizan dauden bi erretaulak zaharberrituko nituzke, bai erretaula nagusia eta baita sakristian dagoen San Migelen erretaula zoragarri bat ere; flamenkoa da, gure harribitxi bat. Biak esku-hartu gabe daude eta zaharberritzaileontzat erronka bat da hori, guri heldu ohi zaizkigunak noizbait zaharberritutakoak izaten direlako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak