Bete beteta dator Karoi antzerki jaialdia

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko urr. 19a, 07:07

Urriaren 20tik abenduaren 3ra bitartean egingo da Karoi antzerki jaialdia aurten. Bigarren aldia izango da, eta aurrekoa baino egitarau beteagoa eta zabalagoa du. Debagoieneko Antzerki Plataformak aurkeztu du egitaraua eta zazpi astetan, antzezlanak, ikusle klubak, topaketa, tailerra eta mahai ingurua egingo dituzte bailarako sei herritan.

Bigarrenez egingo da Karoi antzerki jaialdia. Debagoieneko Antzerki Plataformak prestatu du egitaraua eta berak koordinatuko ditu egingo diren ekintza guztiak. Antzezlanak egongo dira bai, baina baita mahai ingurua, topaketa, tailerra eta ikusle klubak ere. 

Aurten bailarako herri gehiagotara zabaldu dituzte ekintzak –Oñatin, Bergaran, Antzuolan, Aretxabaletan, Leintz Gatzagan eta Elgetan egingo dira ekitaldiak– eta bailarako zein kanpoko beste eragile edo norbanakoekin batera, elkarlanean, antolatu dituzte hainbat. Esaterako, Oñatiko Udaleko berdintasun sailak kudeatzen duen Jabetze Eskolarekin batera antolatu dute argi eta soinu teknikaritzaren hastapen mailako tailerra, emakumeei zuzenduta. Kamera aurreko antzezpen hastapen tailerra, berriz, Paula Polo oñatiarrak gidatuko du.

Antzokiak zergatik ez diren betetzen hausnarketa saioa

Azntzerki talde amateurren egun osoko topaketa ere egingo dute. Euskal Herriko antzerki talde asko daude gonbidatuta eta batzuk besteengandik ikasteko eta denen arteko harreman sarea osatzeko eguna izango da hori. Bestalde, antzerkian dabiltzanak zein udal arduradunak kezkatzen dituen gai baten inguruan ere jardungo dute: antzokiak zergatik ez diren betetzen, alegia. Matxalen De Pedrok, Xabier Payak eta Amaia Gabilondok hartuko dute parte, beste batzuekin batera, mahai inguru horretan.

Izen ematea eta informazioa, online

Ikusle klubetan landuko dituzten antzezlanak dira: Isladak –Bergaran–, Anbotoko Mari –Oñatin–, Kanpora sartzen –Aretxabaletan–, Bake lehorra –Oñatin– eta Belarriprest –Antzuolan–. Ekarriko duten antzezlana, berriz: Batetik Bestera –Antzuolan–.

Soinu teknikari lana ikasteko tailerreko plaza kopurua beteta dago jadanik, baina ikusle klubetan, esaterako, komeni da aurrez izena ematea. Horretarako mezua bidali behar da helbide honetara: dantzerkiplat@gmail.com. Informazioa eskatzeko ere helbide berdinera idatz daiteke. Ekitaldiak zehatz non eta noiz izango diren jakiteko, Debagoieneko Antzerki Plataformako webgunean ikus daiteke egitaraua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak