Iker Galartza: "Dekoratu eta bestelako berrikuntza asko ditugu"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko urr. 12a, 12:08

Seigarren bira borobiltzen ari da Gure Zirkua. Bihar, egubakoitza, hasita, hamaika emanaldi eskainiko dituzte guztira, Aretxabaletako MUko Ikus-entzunezko fakultatearen ondoan kokatu duten karpan. Iker Galartza, Poxpolo pailazoa eta Gure Zirkuko arduraduna gonbidatu dute asteon, Arrasate Irratiko Igo Autobusera! saiora.

Gurezirkua.eus atarian daude sarrerak, hamalau eurotan, eskuragarri.

Tafallatik etorri zarete; zer moduz ibili zarete Nafarroa aldean?

Nafarroa oso anitza da, bada, Sakanan, adibidez, oso ondo ibili gara Arbizun egon garenean, gune oso euskalduna da, baina Tafallako egoera bestelakoa da. Han ere oso gustura ibili gara, oso ondo hartu gaituzte, baina kostatu zaigu egun batzuetan harmailak betetzea.

Izan ere, ikuskizun bera egiten duzue toki guztietan, baina hartzeko modua ezberdina da, ezta?

Aurtengo biran apustu garrantzitsuak egin ditugu, eta oso harro eta pozik gaude. Maulen izan gara, Portugaleten eta Tafallan ere bai; hortaz, Euskal Herria puntarik punta zeharkatu dugu eta, tartean, Elorrion eta Markinan ere izan gara, eta, Aretxabaletan gaude orain; lurralde erosoagoak dira batzuk, baina ongi etorriak izan gara, toki guztietan.

Seigarren bira da egiten ari zaretena, beraz, seigarren ikuskizuna.

Urtero ikuskizun bat estreinatu dugu, beraz, Arrasateko emanaldietan izan zirenek oso bestelako espektakulua topatuko dute Aretxabaletakoetara etorriz gero. Aurreko batean komentatzen ibili ginen Frantzian hango zirku batek lau urteko bira egiten duela, baina Euskal Herria txikia da eta emanaldietako zonaldeak urtetik urtera errepikatzen direla kontuan hartuta, urtero ikuskizun berria estreinatzera bultzatzen gaitu.

Zelako berrikuntzak topatuko ditugu, adibidez?

Askotarikoak. Ausartak izan gara, eta koska bat gora egin dugu. Lantaldean jende berdinarekin urte asko ari gara lanean eta, gure mugak ditugun arren, gauza berriak sortzeko ahalegina egiten dugu eta beste behin lortu dugu gauza berriak asmatzea. Adibidez: dekoratu berriak daude eta abestiak goitik behera aldatu ditugu; akrobatak beste era batean ikusiko ditugu goian, eta Ekain malabarista, orain arte moduan pilotarekin eta txapelarekin beharrean, teniseko erraketekin. Topikoa da, baina gure tunelean sartzea magikoa da!

Iker Galartza: "Aurten apustu garrantzitsuak egin ditugu, eta harro eta pozik gaude"

Zure ametsa zen euskal zirkua sortzea; sortu zenuen eta arrakastarekin ari zarete irauten.

Irautea ez da samurra, baina segi egin behar da askotariko zailtasunekin: eguraldia, karpa muntatzeko toki aproposa topatzea... Baina hortxe gabiltza borrokarako indartsu eta gogotsu, hasierako ilusioarekin eta umiltasunarekin. Horrek jarri gaitu gauden tokian.

Bidean gauza asko ikasita ere bai.

Bai, horixe! Orain azkarrago muntatzen dugu karpa, esatera- ko. Kondizio hobeetan ere bagaude, karabana gehiago ditugu, bakoitzak bere roulotte-a du orain. Gauzak hobetzea lortu dugu, lan eta bizi baldintzak duinagoak. Hala ere, zirkua zirkua da, ibiltariak gara eta toki ezberdinetan egokitzen jakin behar da. Lantaldea baino familia da zuena.

Sei urtetan kide berak zarete?

Zertxobait handitu da familia, eta oinarrian, hezurdura nagusia mantentzen dugu. Gaur egun 20 lagun gara, eta horietatik 17 Arrasaten egon ginen. Azken hiru urteetan, bi baja izan ditugu, eta horien ordez, bi kide berri etorri dira. Hasierako estrukturari eusten diogu eta inportantea da hori.

Iker Galartza: "Hastapenetako familiaren edo lantaldearen hezurdura nagusia mantentzen dugu"

Lantalde horretan zure semea eta alaba ere badaude.

Bai, laster akaso aitari ipurdiko bat emango diote, baina oraindik pozik eusten diete. Zaharrena nerabezaro bete-betean dago, baina zirkuari heltzen dio oraindik. Familia guztietan moduan, negoziazioak izaten ditugu: oraintxe lagunekin, gero gurekin... Pena emango lidake ikasi duten guztiarekin zirkua albo batera uzteak, beraz, luzaroan eustea nahiko nuke.

Oihal akrobaziak egiten dituen Agurtzane Telleria arrasatearrak zuekin jarraitzen du?

Ez, bajatako bat da hori. Beste bizitza proiektu bati heldu dio, eta amatasunari denbora eskaini behar ziola esan zigun. Sarritan bidaltzen dizkigu Nora txikiaren argazkiak, eta Aretxa- baletan ere gertu-gertu izango da, seguru.

Hamaika emanaldi eskainiko dituzue urriaren 28ra bitartean. Zelan doa sarrera salmenta?

Egunaren arabera; emanaldi batzuetarako online-sarrerak –Gurezirkua.eus– agortu egin dira, baina txarteldegian 50 edo 60 inguru txartel beti izango dira. Orain dela bi urte erabaki hori hartu genuen eta hala segitzen dugu.

Txarteldegiaren ondoan izango da palomitak erosteko postua?

Bai, palomitak eta ura, besterik ez. Ez dugu merchandising-ik.

Aretxabaletako lanak egin ondoren, zer asmo duzue?

Usurbilera goaz, handik ere aspalditik deika ari dira, eta modu polita da aurtengo bira bukatzeko. Udaberrian abentura gehiago izango ditugu, esaterako, Nafarroa Beherera heldu nahi dugu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak