Puntua aldizkariaren 383. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Azken urteetan susperraldi esanguratsua izaten ari dira herri kirolak gazteen artean. Crossfitetik eta antzeko kiroletatik pausoa eman dute askok, eta gaur egun, indar handia hartu duen pentatloian, aizkoran edota harri-jasotzean jarraitu dute plazarik plaza lehiatzen.
Lehen, landa eremuetako eta baserrietako jendea izaten zen herri kiroletan parte hartzen zuen kirolariaren profila, eta hori erabat aldatzen joan da azken urteetan. Tradizioa, sustraiak edota baserrietako lehengo lana ezagutzeko balio izan die askori, baita lehengo apustuen ohitura ezagutzeko ere. Eta hori sustatzeko ezinbestekoak ari dira izaten aizkolarien eta harri-jasotzaileen eskola ezberdinak eta herri kirolak sustatzeko sortu diren taldeak. Beste gako bat izaten ari da kirol hauek izaten ari diren oihartzuna eta helduera, batez ere, sare sozialei esker.
Debagoienean aukera gutxi
Bailara herri kirolendako "plaza ona izan da historikoki" gaian aditua den Luis Mari Bengoak azaldu duenez; "herri kirolen aldeko apustua egin da urteetan zehar". Hala ere, Debagoienean dauden kirolariek kanpora joan behar izaten dute normalean entrenatzera, bertan ez baitago antolaturiko azpiegiturarik edota herri kirolen talderik. Herri kirolak probatzeko gogoa badago, baina entrenatzera Araba eta Bizkai aldera, Zarautzera edo Mutrikura joaten dira gazteak.
Dorleta Urkia, aizkolaria: "Irailean hasi naiz aizkoran entrenatzen"
Dorleta Urkia aizkoran entrenatzen.
Herri kirol ugari probatu ostean, aizkoran probatzea erabaki du 22 urte dituen Dorleta Urkia aretxabaletar gazteak. "Arabako Oketa herri kirolen taldean hasi nintzen. Billafranka herrian dagoen pabiloi batean egiten genituen entrenamenduak. Kirol ezberdinak egiten genituen, txingekin eta ingudearekin erakustaldiak egiten genituen batez ere, baina kirol guztietatik aizkorak eman zidan atentzio gehien. Kirol asko egiten dituzunean, asko egiten dakizkizu, baina ez duzu horietako bat ere ez ondo edo guztiz menperatzen. Horrela erabaki nuen aizkoran bakarrik aritzea, eta uda bukaeran hasi naiz bereziki entrenatzen", dio Urkiak.
Gaur egun, Gaubea inguruko Barrio herrixkan entrenatzen du Urkiak: "Herri kirolen taldeko lagun batekin entrenatzen hasi nintzen, baina aurten ez da ondo egokitzen nire ordutegira, eta Ramiro Llanos aizkolariarekin hasi naiz entrenatzen, beste neska batzuekin batera. Normalean, asteburuetan entrenatzen dugu, eta, beraz, ez dago arazorik ordutegi aldetik".
"Ia urtebete neraman aizkora ukitu barik, eta orain, bueltan, nahiko zaila egin zait berriro hastea, kar-kar. Urte asko daraman pertsona batek urtebete aizkora ukitu barik badarama, agian, erraza egingo zaio berriro hastea, baina hasiberri batendako...", azaldu du aizkolari gazteak.
Oraingoz, lehiarik ez
Aizkoran ondo pasatzeko eta kirola egiteko helburuarekin hasi da Dorleta Urkia, lehiaketak alde batera utzita: "Agian, batzuk tradizioari jarraipena emateko edo beste motibo bategatik hasi dira aizkoran. Ni gustatzen zaidalako hasi naiz. Horregatik, momentuz, ez daukat lehiatzeko asmorik. Asko gustatzen zait aizkora, eta orain ikastea da helburu nagusia. Gainera, kirola edo ariketa fisikoa egiteko modu bikaina da, kar-kar".
Oraindik bere material propiorik ez du aretxabaletarrak, baina, etxean entrenatu ahal izateko, badaki aizkorak beharko dituela: "Noizbait erakustaldi baterako behar banaute, arazo barik joango naiz, baina, oraingoz, ez dut lehiatzea buruan. Oraindik ez dut ezta aizkorarik ere! Garestiak dira. Asko gustatuko litzaidake nire aizkorak izatea, etxean entrenatu ahal izateko. Etxean praktikatzea ezinbestekoa da, azkenean".
Booma
Bere adineko gazteen artean, herri kirolek erakartzeko ahalmena izan dutela adierazi du Urkiak: "Bat-bateko booma gertatu da gazteen artean. Ez dakit arrazoia zein den. Baina ni nenbilen herri kirolen Oketa taldeak herri arteko txapelketa jokatzen du Araban. Iaz parte hartu nuen nik. Ba, taldean lehiatzeko ia jenderik ez edukitzetik, gazte pila izatera igaro dira. Araban, herri askotan hasi dira gazteak trontzan, txingekin, ingudearekin...".
"Hemen ez da gertatu oraindik boom hori. Araban gazte asko dabiltza, baina Debagoien inguruan ez horrenbeste. Pena da, egin nahi dugunok kanpora joan behar dugulako, eta horrek, batzuetan, zaildu egiten ditu gauzak", azaldu du aretxabaletarrak.
Irati Astondoa eta Andoni Urrutia, kirolariak: "Esfortzua, denbora eta laguntza behar da"
Irati Astondoa eta Andoni Urrutia, Bilbon, aizkora proba baten ostean.
Nerabeak zirenetik herri kirolei lotuta egon dira Irati Astondoa zeanuritarra eta Andoni Urrutia oñatiarra. 2014an Oñatin Urrutiak parte hartu zuen apustu batean elkar ezagutu zuten eta bikoteak urteak daramatza Oñatin bertan bizitzen.
Irati Astondoak hamaika txapel eta garaikur irabazi ditu. Besteak beste Euskal Herriko 23 urtez azpiko txapelduna izan da segan edota Urrezko Aizkorako banakako txapelduna 2020an eta 2022an. Batez ere aizkoran, segan eta trontzan aritu izan da Astondoa: "Aita beti ibili izan da herri kiroletan –Pabi Astondoa segako munduko txapelduna izan zen, besteak beste– eta etxetik datorkidan zerbait da. 16 urterekin hasi nintzen trontzan eta segan, eta urte berean hartu nuen parte lehenengo aldiz txapelketa batean. 22 urterekin Alazne Etxaburuaren aurka apustua jokatu nuen aizkoran eta segan, eta horren bitartez, ordutik aizkoran ibili naiz topera. Azkeneko sei urteetan, ia astebururo izan ditugu erakustaldiak eta lehiaketak".
"Iaz sekulako urtea egin nuen, txapelketak irabazi nituen eta bigarren egin nuen Urrezko Kopan, baina Gabon zahar egunean belauna apurtu nuen, eta aurten geldi egon naiz. Gainera, bigarren umearen zain gaude, beraz, hurrengo urtarrilera arte geldi egongo naiz. Hala ere, nire asmoa aizkoran eta segan jarraitzea da", azaldu du Astondoak.
Andoni Urrutia 16-17 urterekin hasi zen herri kiroletan lehengusuarekin batera: "Etxean hasi ginen, eta Oñatiko auzoetan erakustaldiak egiten hasi ginen. Gero segan eta trontzan apustu handi batean ere parte hartu nuen. Aizkoran erakustaldiak bakarrik egin izan ditut, baina segan txapelketetan parte hartu izan dut. Gero, denarekin ezin denez, laga behar izan nuen, eta gaur egun, Iratiri laguntzen ibiltzen naiz. Egurra jartzen, kentzen...".
"Andonik eta aitak laguntzen naute, eta gure baserrian entrenatzeko aukera dut. Zorte handia dut nik. Beste batzuek entrenatzeagatik edo laguntzagatik ordaindu behar izaten dute", dio Irati Astondoak.
Berri pozgarria
"Oso pozgarria da batez ere aizkoran egon den susperraldia. Tradizionaltasun horretatik irten gara apur bat. Niretzat herri kirolak nortasun batetik datoz, eta uste dut hori galtzen ari dela. Herri kirolari asko baino, plazara kirolari asko irten da azkenaldian, jakin barik herri kirolaren izaera zein den. Pandemiaren ostean sekulako aldaketa egon da herri kiroletan. Onerako izan da, emakume asko irten delako plazara, baina nortasuna galdu dugula uste dut", azaldu du Astondoak.
Herri kiroletan aritzeko, lantaldearen eta materialaren beharra azpimarratu du Andoni Urrutiak: "Oñatin ez dabil ia inor herri kiroletan. Jendea futbolean eta mendian korrika ibiltzen da. Aizkorak, adibidez, lan handia eskatzen du. Menditik materiala ekarri, kamioia, lantaldea... Eta norberak jarri behar izaten du bere poltsikotik dirua. Ez da erraza. Segan aritzeko, adibidez, hamaika pertsona mugitu behar dituzu".
Paulo Aspiazu, harri-jasotzailea: "Berriro indarra hartzen ari da harria"
Paulo Aspiazu, bolarekin lanean, Bergaran.
Bi urte eta erdi daramatza Paulo Aspiazu osintxuarrak harri-jasotzean. Urte hauetan, dagoeneko, hainbat txapel irabazi ditu, eta Euskal Herriko plazetako ohiko harri- jasotzaileetako bat bilakatu da: "Esan behar da oinarria banuela aurretik, oso gaztetatik pisu- altxaketan ibili izan naizelako. Konfinamenduan, sare sozialetan oso aktiboa izaten hasi nintzen, eta nahiko ezaguna egin nintzen, eta Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-k ikusi ninduen. Berak animatu ninduen harria probatzera. Probatu eta lehenengo egunetik nahiko ondo ibili nintzen, edo probatzera joaten direnek baino maila altuagoa eman nuen, antza. Materiala banuela esan zidan, kar-kar. Muturra sartu nuen, eta behin barruan zaudela, ez dago irtenbiderik, kar-kar".
"Harri txikiekin ibiltzen naiz, eta dauden ia txapelketa guztietan parte hartzen dut. Oraingoz ez dut markak gainditzeko helbururik. Nire erreferentea Jose Ramon Iruretagoiena da, bera harri txikien modalitatean handia izan delako, eta haren aholkuak jarraitzen ditut. Aurrerago, agian, bolarekin zerbait egiteko asmoa dut. Nire harririk onena da", dio Osintxukoak.
Urte "gorabeheratsua" izan du Aspiazuk harriari dagokionez. Urtea ezin hobeto hasi zuen txapel ugari jantzita, baina udan beherakada izan zuen: "Harri- jasotzeak baditu fase moduko batzuk. 2023a oso indartsu hasi nuen, hiru txapel jantzita –Harri- jasotzaile Azkarrenaren Txapelketa, 3x10eko probakoa eta Igeldoko Harriaren proba– eta udan, aldiz, belauneko minarekin ibili naiz eta beherakada izan dut. Udarako plan batzuk nituen, baina ez dira nahi bezala irten. Hala ere, irailean dagoeneko ondo sentitzen hasi nintzen, sasoitsu, eta Zarauzko Bi Harri txapelketan bigarren gelditu nintzen. Oso pozik egoteko moduko emaitza. Orain, udazkenean, bikoteka egiten ditugun txapelketak datoz, eta baita erakustaldiak ere".
Motibazio bila
"Bakoitzak modu ezberdinean bizitzen du harri-jasotzea. Niri helburu ezberdinak jartzea gustatzen zait. Asko ematen dit harriak gaur egun. Lanetik deskonektatzeko modu bat da, eta bestalde, galtzen zebilen tradizio bat izanik, horrek niri motibazio handia ematen dit. Sariak harriei forma emateko erabiltzen ditut", azaldu du harri-jasotzaileak. "Txapelketa egunean urduritasun puntua egoten da, noski. Baina behin bukatzen duzunean, gorputza horren mugan jartzen duzu, horrenbeste esfortzu egiten duzu... Zure burua ezagutzeko modu oso ona da kirol hau", azaldu du.
"Nire ustez, harria berriro indarra hartzen ari da. Jende asko beste kirol batzuetatik gerturatu da. Lana egiten ari gara. Guk, adibidez, egunero eduki asko grabatzen dugu. Eta jendeak egiten duguna gertutik ezagutu dezake horrela. Harri- jasotzea gogorra da. Probatzera animatzen dut jendea, baina kontuan hartu behar da kanpotik ikusita errazagoa ematen duela! Asko eman behar zaio harriari; ordu asko dira, konpromisoa izan behar duzu eta energia asko galduko duzu bidean", dio Paulo Aspiazuk.
Imanol Albizu 'Goikoetxe', harri-jasotzailea: "Asmoa laster harri handiekin hastea da"
Imanol Albizu 'Goikoetxe', Elgetan, 130 kiloko harriarekin lanean.
Elgetan 14 urte bizitzen daramatzan Andoni Albizu Goikoetxe elgoibartarra 18 urterekin hasi zen harri-jasotzean: "Kuadrillan hasi nintzen. Lagun bat harri-jasotzailea zen, eta berarekin hasi nintzen, apurka. Badakizu... kuadrillako gauzak, kar-kar".
2023an apur bat baztertu egin behar izan du herri kirola, lana dela eta, baina hurrengo urtean indartsu bueltatzeko asmoa du Goikoetxek: "Nire gorabeherak izan ditut, autonomoa naizelako, eta denbora barik nabilenean apur bat utzi behar izaten dut harria. Normala izaten da, ez delako erraza lana eta harri- jasotzea uztartzea".
Gaur egun, entrenatu, Mallabian entrenatzen du Imanol Albizuk, Jose Antonio Gisasola Zelai harri-jasotzaile mitikoarekin eta bere lantaldearekin batera. "Hemen, bailaran, ez dago entrenatzeko tokirik. Pena da hemen ezin egitea... Baina harria laga beharrak esaten dizu, gaur egun, harri-jasotzeak ez duela ezer ematen. Horregatik, lehentasuna lana da", azaldu du harri-jasotzaileak.
Bere lanik politena apustu batean egin zuena dela dio Elgetakoak: "125 kiloko harriarekin, 10 minutuko 3 txandatan, 121 jasoaldi egin nituen. Marka oso-oso polita. Apustuena galtzen doan zerbait dela esango nuke. Uste dut, harri-jasotzean, azken apustua guk egin genuen hori izan zela. Horrek indar gehiago hartzea gustatuko litzaidake. Lan gogorra eta luzea da, adibidez, 10 minutuko hiru txanda egitea. Prestatzeko oso-oso gogorra. Baina herri kiroletan, nire ustez, derrigorrezkoa da apustuen xarma mantentzea. Hala ere, ez zaio merezi duen indarra ematen".
Plazan "betikoak"
Herri kiroletan "odol berria" sartu dela aipatu du Elgetakoak, baina oraindik harri-jasotzaileen artean ez dela ia aldaketarik egon azpimarratu du: "Ematen du herri kiroletan jende gehiago dabilela azkenaldian, bai. Crossfitetik datorren jendeak indarra eman diola esango nuke, baina plazan, erakustaldietan eta lehiaketetan, beti gabiltza berdinak harri- jasotzean. Oraindik, harrian, ez da guztiz ikusten bizitasun hori edo errelebo hori. Probatzetik edo entrenatzetik plazara eta lehiatzera jauzia dago, batez ere harriari dagokionez. Ematen du badagoela mugimendua, baina, gehienetan, harri-jasotzaile berdinak gara".
Aldaketarik handiena, emakumeen presentziarekin egon dela onartu du Imanol Albizuk: "Zerbait polita gertatu bada, emakumeei dagokienez gertatu dela aipatuko nuke. Oso ondo ari dira egiten gauzak, eta aurrera doaz. Nire ustez gakoa izan da kontu honetan pentatloiak izan duen indarra. Gero eta neska gehiago ikusten ditugu eta gauzak ondo egiten".
Harri handietara jauzia
Gustura, tamaina erdiko harriekin ibili izan da azken urteetan Goikoetxe, baina aldatzeko asmoa eta erronka berriak ezartzeko gogoa duela onartu du harri-jasotzaileak: "Asmoa harri handiekin hastea da. Aurten atseden hartu dut, baina hurrengo urtera begira, pisu handiagoko harriekin hastea da asmoa".
Arkaitz Lizarralde, aizkora ekoizlea: "Herri kirolen alde egin behar dugu bailaran"
Arkaitz Lizarralde ekoizten duen aizkora-sorta erakusten.
Herri kirolari eta zale amorratua izatetik, aizkorak egitera igaro da azken urteetan Arkaitz Lizarralde oñatiarra. Gaur egun, aizkoran dabiltzan kirolari gehienek erabiltzen dituzte bere Arkaia Speed Axe etxeko aizkorak. "Azkeneko urteetan aizkolari gazte asko hasi dira. Lan askorik ez dugu egin herri kirolen bueltan gaudenok hori aurrera eramateko, eta hemen, Debagoienean, are gutxiago. Oñatin ere saiatu nintzen auzoen arteko herri kirolak antolatzen. Baina horrek taldea sortzea eta dirua eskatzen du, eta une hartan ez zen egon horrenbesteko interesik aurrera ateratzeko. Debagoienean zerbait egin behar dugu, bestela galtzen joango da edo gazteak kanpora joango dira herri kiroletan aritzera", azpimarratu du Oñatikoak.
Herri kirolen bultzadarako ezinbestekoa ikusten du Lizarraldek erakundeen apustua: "Getxon, adibidez, probalekua kiroldegian jarri eta herri kirolen taldea bultzatu du bertako Udalak. Oraintxe hasi dira, baina jendea, gazteak, gerturatzen hasi dira".
Herri kirolekiko zaletasuna txikitatik datorkio Lizarralderi: "Baserria Zubillagako hiltegiaren ondoan geneukan. Anjel Arrospide aizkolaria zebilen han lanean, eta lagunak egin ginen. Gero, pilotan urte mordoa ibili ostean, Oñatiko auzoetan hasi ginen herri kirolen apustuak egiten. Hortik datorkit niri zaletasuna...".
"Aizkolari askoren jatorria apustuetan egon da: Txikia, Otaño, Larrañaga... Entrenatzen hasten zara, taldea sortzen duzu, eta apurka jaietan, erakustaldietan eta lehiaketetan parte hartzeko deitzen hasten dira. Hori galtzen joan da azken urteetan. Gaur egun, pentatloiak zerikusi handia izan duela uste dut, baita crossfit munduak ere. Federazio mailatik lanketa sakona egin behar dela uste dut. Gaur egun, aukera bat sortu da, eta ezin dugu aukera hori galdu", azaldu du oñatiarrak.
Puntako aizkorak
Urtean 80-100 aizkora artean saltzen ditu: "Gaur egun, lehiaketetarako bakarrik saltzen dira, eta aizkolariak etxera etortzen dira aizkorak probatzera. Bi aizkora mota egiten ditut. Fundizioan egiten dena, molde ezberdinekin, eta gustuaren arabera egin daitekeena, edo Alemaniatik ekartzen dudan produktuarena, bestea baino garestiagoa, materiala dela-eta. Aizkorak zorrotza baina aldi berean malgua izan behar du ez apurtzeko; hor jokatu egin behar da konposaketekin. Heldulekuaren egurrarekin ere jolastu daiteke. Aukera asko daude eta diseinuak ere badu garrantzia. Erabilerari dagokionez, bi aizkora mota daude, kanpokoa eta barrukoa. Lehena, 2,450 kilo ingurukoa, enborraren kanpoko alderako erabiltzen da eta sei diseinu ezberdin ditugu eskuragarri. Bestea, 2,100 kilo ingurukoa, barruko alderako erabiltzen da, eta lau diseinu ezberdin ditugu. Kanpoko aizkorarekin indarrarekin jolastu behar duzu egurra bigunagoa delako. Barrukoarekin, bestalde, kadentzia altua ezarri behar duzu, egurra gogorragoa baita. Gainera, aizkorak pertsonalizatu ere egiten ditugu".