Osasun txartel digitala eskuratzeko mezuak mesfidantza sortu du zenbait herritarrengan

Itziar Larrañaga Sarasola 2023ko urr. 10a, 15:15

Azken asteotan debagoiendar askok eskuko telefonoan jasotako mezua. (Argazkia: Goiena)

Osasun Txartel Indibiduala (OTI) eskuko telefonoan izateko kanpaina ekainean abiatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta azken asteotan herritarrek sms bat jaso dute aukera horren berri emanez. Mezuak euskadi.eus/oti-digitala helbidera bideratzen du eta lotura hori fidagarria bada ere,  joan den irailean antzerako mezu bat iruzurrerako erabili zenez, mesfidantza sortu du herritar batzuengan.

Irailaren 7an Osakidetzak ohartarazi zuen faltsuak ziren sms-ak jasotzen ari zirela herritarrak eta kontuz ibiltzeko horiekin, iruzurra baitziren. Ondorengo mezuan ikus daitekeen moduan, telefonoan agertzen den lotura ez da Jaurlaritzaren webgune ofizial batekoa, eta hain justu hor dago egiazko eta gezurretako mezuak ezberdintzeko gakoa.

Ondorengo mezua aldiz, azken asteotan herritarrek Eusko Jaurlaritzaren izenean jaso duten egiazko mezua da. Eta halaxe baieztatu dute Osakidetzatik ere. Loturak ikus daitekeen moduan Euskadi.eus-era bideratzen du, Jaurlaritzaren atari ofizialera. Bertan azaltzen da nola eskuratu OTI digitala.

 

NIK aplikazioa

Esan bezala, beraz, azken asteotako mezuak Osakidetzak bidalitakoak dira. Mezuen helburua OTI txartel digitalaren berri ematea da.

Prozesua jarraituz gero, eta euskadi.eus/oti-digitala atarian azaltzen den moduan, osasun txartel digitala eskuko telefonoan izateko NIK Patrika digitala aplikazioa deskargatu behar da. Aplikazio horren helburua orain arte plastikozko txartelean aurkezten diren egiaztagiriak telefono izatea da, horien artean osasun txartela.

Behin aplikazioa deskargatu eta erabiltzailea ziurtatuta, eskuko telefonoan egongo da txartela, behar denean erabiltzeko. Aplikazioan halaber, bestelako txartel digital batzuk ere izan ditzakegu.

Osasun txartela, erabiltzaile baten eskuko telefonoan. (Argazkia: Goiena)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak