Osasun karpeta eta osasun txartel digitala, eskuko telefonoan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko eka. 21a, 16:21

Osasun karpetari buruzko hitzaldia eskaini zuen atzo Debagoieneko Ospitaleko administrarien zerbitzuburu den Carmen Jimenezek Kulturaten. Arrasateko Nagusien Kontseiluak antolatu zuen solasaldia, beste hitzaldi baten ostean, Osasun Karpetaren gaiak duen garrantzia ikusita.

Osasun Karpeta 2013an sortu zen, herritarrei beren historia kliniko digitalaren zati bat erraz eta modu seguruan eskuratzeko aukera emateko. Edozein leku eta unetan izan daiteke norbere osasunari buruzko xehetasunen berri Osakidetzako atariaren bidez, 2000. urteko urtarrilaren 1etik gaur artekoak: analisi txostenak, erradiografiak, aktibo dauden tratamentuak... Gainera, osasun sistematik kanpoko profesionalen esku ere jarri daiteke bertako informazioa. Sarbidea izateko ziurtagiri digitala behar da –B@kq edo antzerakoa izan daiteke–.

Bestalde, astelehena ezkero, deskarga daiteke Osasun Sailak eta Osakidetzak ezarritako formatu digitaleko Osasun Txartel Indibiduala (OTI) eskuko telefonoan. Txartel digitalarekin, ohiko txarteleko egiaztagiriak lor daitezke eskuko telefonoan, baina ez du ordezkatzen txartel fisikoa. Zerbitzu gehigarria da, eta osasun zentroetan identifikatzeko balio du, baita farmazietan medikuak errezetatutako botikak eskuratzeko ere. Osasun Sailak gehitu duenez, OTI digitalaren eraginkortasuna Osakidetzako osasun-zentroetara zabaltzea aurreikusten dute eta OTI digitala indibiduala eta pertsonala da oraingoz; "hurrengo fasean, familia bereko kideen osasun-txartelak gailu bakar batean izateko aukera ezarriko da".

Txartela lortzeko, lehenik eta behin, ziurtagiri digitala beharko da –B@kq edo antzerakoa izan daiteke– eta ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Nik aplikazioa deskargatu beharko da AppStore edo PlayStoren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak