Jon Plazaola: "Arrasate Irratian egin nituen lehenengoak"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko urr. 7a, 12:22

Tu-Tum, Platz! bakarkako ikuskizuna eskainiko du domekan, Eskoriatzako Zaldibar antzokian, 19:00etan; bost eurotan daude, Bibe.me atarian, sarrerak eskuragarri.

Telebistan, zineman eta askotariko antzokietan ibilbide "polita" egin du Jon Plazaolak (Urretxu, 1982). Orain dela 23 urte igo zen estreinakoz taularen gainera, eta, garai hartan, Arrasate Irratian ere egin zituen bere lehenengo bakarrizketa saioak.

Arrasate Irratiko atea jo zenuen zure hastapenetan; ze oroitzapen dituzu?

Oroitzapen oso politak ditut! 2000. hamarkada hasi berritan izan zen; Mikel Aranbururekin eta Miren Arrietarekin Lentejazko izozkiak izena zuen magazine dibertigarrian hartzen nuen parte, eta saio horretan atera ziren nire lehenengo pertsonaiak.

Gogoratzen dituzu zeintzuk izan ziren pertsonaia horiek?

Imitazioekin hasi nintzela gogoratzen dut, horien artean, esaterako, Anjel Alkainek ETBko Sorginen laratza saioan egiten zuen agure bat antzezten nuen, eta baita Etsaiak taldeko Aou abeslaria ere.

FM 107.7ko irratian gainera, tabernatan estreinatu zinen monologista moduan.

Urretxun bizi zen Macrea Clarke umorista irlandarrak atera ninduen Fox tabernako barraren zerbitzarien aldetik beste aldera eta han zegoen eszenatoki txikira igotzeko gonbidapena egin zidan. Baietz esan nion eta gerora saio gehiago egiteko eskaintzak heldu zitzaizkidan, gaztetxeetan eta beste hainbat tabernatan.

Zure hastapenak dituzu, domekan, Eskoriatzan eskainiko duzun Tu-Tum, Platz! umorezko saioaren kontakizuneko oinarri, ezta?

Hala da; garai hartako oroitzapenak ekarriko ditut taularen gainera. Gure belaunaldikoei –millennialei–, bereziki, asko gustatuko zaiela uste dut, batez ere, saioaren hasierako zatia, garaian kokatzeko egiten ditudan kontakizunak dituelako; baina ez da, bereziki, nire belaunaldikoei zuzendutako saioa, beste gai asko daude-eta mahaiaren gainean, ordubete eta inguru irauten duen umorezko kontakizunean.

Aurrez izandakoa zara Eskoriatzan.

Irabazi izeneko ikuskizuna egin nuen eta oso gustura egon nintzen; baina bestelako ikuskizuna zen hori, dekoratuarekin, eta honako honetan, ez dagonatokian apaingarririk, ni neu naiz istorioaren protagonista.

Zerk bultzatu zaitu atzera begiratzera; adinak akaso?

[Barreak]. Hortik ere badago zerbait. 40 urteak beteta ditut dagoeneko, eta konturatu naiz, unibertsitateko ikaskideekin edo aspaldiko lagunekin elkartzen naizenean, garai bateko kontuez aritzen garela gehienbat... Bagoaz urteetan aurrera, eta hori albiste ona da, duda barik. Baina atzera begiratze horrek badauka beste motibo bat eta zera da, hau da, ikusten dudala euskaraz egindako gero eta bakarrizketa gehiago daudela gaur egun, hortaz, nolabaiteko loraldi bat dagoela ikusten dut, panorama edo eszena bat ari dela sortzen, eta, zalantza barik, izugarri pozten nau horrek.

Izan ere, zure hastapenetan, gutxi zineten euskarazko bakarrizketa saioak egiten zenituztenak, ezta?

Hala da, gazteleraz egindakoak ziren gehienak. Telebistako El club de la comedia saioak eraginda, boom bat sortu zen, hortaz, erreferente gehienak, gaztelerazkoak ziren, euskarazko bakarrizketak bultzatzeko saiakera batzuk izan ziren, baina eskola edo mugimendu bat sortzeko nahikoa ez, nire ustez. Egoera aldatzen ari dela ikusten dut gaur egun. ETBko Barre librea saioa egin dugunoi sarritan esan digute lagungarria izan dela ibilbidea abiatzeko akuilu moduan. Eta, egia esan, ilusio handia egiten digu saioan parte hartu zuten batzuen izenak orain aretoetako karteletan ikusteak. Geroz eta gehiago gara, eta hori ona da, kontu hori ere aipatuko dut Eskoriatzan.

Jon Plazaola: "Euskarazko bakarrizketen loraldia bizi dugu eta izugarri pozten nau horrek"

Diozu, Tu-Tum, Platz! ikuskizunak ez duela gazteleraz eginda, berdin funtzionatzen.

Ez duela punch bera konturatu nintzen orain dela gutxi egin nuen saio baten nahiz eta txiste berri batzuk moldatu nituen. Badakit eskaintza gehiago etorriko direla, beraz, lana dut gidoia moldatzen gaztelerazko ikusleei ere barrea eta gozamena eragiteko.

Urteek ausardia ematen dute. Hala ikusten duzu zuk ere?

Duda barik; ikuskizunaren sinopsian diodan moduan, 23 urte adintsuago eta 23 urte kabroiago, baina zentzu onean esanda, noski.

Madrilen egin dituzu urte batzuk eta Euskal Herrian bizi zara orain, gustura zaude?

Azkeneko urteetan joan etorrian ibili naiz eta orain dela bost hilabete, bizitzak opari polit bat ekarri dit, hau da, Teo izena duen semea, eta horrek Euskal Herrira ekarri nau berriz ere, erarik ederrenean. Bestelako abiada edo presarik gabe ikusten ditut gauzak orain, ez naiz anbiziotsua eta gainera, aitatasun bajan sortu dut Tu-Tum, Platz! eta bolo pila bat ari dira ateratzen. Horrek etxetik gertu mantentzen nau eta motibazio handiarekin ari naiz, oso pozik!

Zer geratzen zaizu orain dela 23 urteko Jon Plazaolatik?

Ganberro sena ez zait joan eta zirikatzeko gogoa ere ez. Badaude antzekotasun asko egiten nituenetik eta egiten ditudanen artean, baina, tamalez, gaztaroko inozentzia galdu da, hala ere, esentzian, berbera naiz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak