Abuztuan Euskal Herrian izan ziren uholdeen eragina bizi-bizirik zegoela-eta, inaugurazio "ekitaldi apala" eginda zabaldu zuten San Telmo museoan 31. Donostia Zinemaldia. Gonbidatuen artean zen garai hartan Kultura sailburuorde zen Josemari Velez de Mendizabal, eta hala gogoratzen du egun hori: "Donostiako alkate Ramon Labayenekin eta Hezkuntza eta Kultura sailburu Pedro Migel Etxenikerekin joan nintzen inaugurazio-ekitaldira. Eusko Legebiltzarreko lehen gobernua osatu berri zegoen eta euskal zineari eite ematea eta karrilean ipintzea egokitu zitzaigun. Gure departamentuan buru-belarri sartu ginen lantegi horretan eta ekoizpen dezente bultzatu genituen, esaterako, 1983ko Zinemaldiko Sail Ofizialean La conquista de Albania (Alfonso Ungria, 1983) filma estreinatu genuen. Geroago, Berlingo jaialdira eraman genuen Ungriaren filma, baita La muerte de Mikel (Imanol Uribe, 1984) ere. Garai hartan oso sendoa zen gobernutik euskal zinemari ematen zitzaion bizitza eta indarra. Guzti horren zurrunbiloaren erdian egotea tokatu zitzaidan, eta garai gogorrak izan ziren arren, orokorrean, oroitzapen ederrak ditut".
Inaugurazio ekitaldiaz gainera, hurrengo egunetan ere zinema jaialdian egotea egokitu zitzaion Velez de Mendizabali. "Gure esku zegoen euskal zinea bultzatzea eta, derrigorrean, han egon behar ginen. Garai hartan Pilar Miro zen Espainiako Zinema Elkarteko zuzendaria eta harekin eskuz esku lan egitea egokitu zitzaidan; Berlinera ere elkarrekin joan ginen".
Orduko haziaren fruituak
Gaur egun zinemagintza kontuak horren gertutik jarraitzen ez baditu ere, atzera begiratuta, euskal zinemagintzak gaur egun duen oparotasuna aurretik egindako lanak lagunduta izan dela gaineratu du: "Guk irekitako bide hartatik abiatuta martxan da makinaria eta mundu mailako zinema industrian gero eta toki zabalagoa du euskal zine- magintzak. Azpiegitura ere askoz handiagoa da gaur egun; izan ere, lehen Madrilera edo Bartzelonara jo behar zen ekoiztera eta gaur egun ez da derrigorrezko baldintza hori".