Zaintza ardatz duen azaroaren 30era begira

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko ira. 29a, 09:32

Greba feminista orokorrera begira, Arrasaten eginiko ekintza. (Argazkia: EHMF).

Bi hilabete falta dira Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako greba feminista orokorrerako; bailarako talde feministak lanketa prozesuan dabiltza azken hilabeteotan eta datozen asteetarako solasaldi eta asanbladak antolatu dituzte.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8an iragarri zuen udazkenean greba feminista orokorra egingo zela, eta ekainean jarri zuen data: azaroak 30. "Guztion ardura den zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde" aterako dira kalera bi hilabete barru: "Pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka, zaintza lanetan eta sektore feminizatuetan baldintza onartezinetan bizi garen emakumeon eskubideen alde, egungo sistema mantentzen dutenei ardura eta erantzukizuna eskatzeko". Prozesuan zehar Herri Akordioa landu dute mugimendu feminista, bestelako eragile sozial eta sindikalen "zaintza eskubide kolektiboaren aldeko" aldarrikapenekin, eta urriaren 7an aurkeztuko dute Hernanin.

Talde feministen lanketak

Orduz geroztik, Debagoieneko mugimendu feministak topaketak eta bestelako ekintzak ari dira antolatzen lanketak egiteko, eta areagotu egin dira azken egunetan. Arrasateko Mugimendu Feminista, esaterako, ekainaren 4an hasi zen "zaintza lanen erradiografia eta hurrengo hilabeteetarako erronken definizioa" lantzen. Ordutik saio gehiago egin dituzte, eta zazpigarrena urriaren 3an egingo dute; oraingoan, topaketa mistoa izango da. Dena den, oraindik badagoela zer egin diote: "Kontziente gara hau ez dela epe motzeko prozesu bat eta hemendik aurrera ere eztabaidarako eta eraldaketarako espazioak sortzen jarraitu beharko dugula".

Bergarako Martxanterak talde feministaren kasuan, hilaren 20an egin zuten azken bilera herrian landu nahi dituzten helburuak adosteko. Emakumeak zaintzan izan duen eta duen paperaz mintzatu dira: "Emakumeon esku egon izan da beti zaintza. Emakumeok lan mundura salto egin genuen, eta, ondorioz, etxeko eta kanpoko lanetara dedikatu behar izan gara. Gainera, zaintza beharrak eta zaintzeko moduak asko aldatu dira. Zaintza zerbitzu gehiago daude, eta lan gogorrak nahiz prekarioak direla uste dugu; horren guztiaren inguruan hausnartu behar dugu gizarte moduan. Pertsonak eta lurra zaindu behar ditugu, orain eta etorkizun duin bat izateko".

Datozen egunetako ekintzak

Bergarako Udalak eta herriko eragile feministek Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxarekin elkarlanean, solasaldia antolatu dute gaur. Silvana Pissano (Uruguai), Carolina Medina (Argentina) eta Vanesa Fontanellaz (Argentina) ekintzaile feministak izango dira hizlariak.

Oñatin ere zaintzaren auzia landu eta greba eguna antolatzen ari dira. Urrirako bi bilera informatibo deitu dituzte: urriaren 17an, 18:30ean, eta urriaren 22an, 17:00etan, izango dira Eltziako topagunean. Herritarrei parte hartzeko gonbita egin diete "zaintzaren afera guztion ardura delako".

Atxabaltako Mugimendu Feministak bi asanblada ez-misto egin ditu. Hurrengoa mistoa izango da eta urriaren 9an elkartuko dira, 18:00etatik 19:30era, udaletxe zaharrean, grebaren kokapena egin eta herrira begira zer egin zehazteko. Bestalde, zaintzari buruzko dokumentala grabatzen ari direla aurreratu dute, eta azaroaren 22an estreinatuko dute Arkupen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak