Topaketa mistoa izango da urriaren 3koa

Mireia Bikuña 2023ko ira. 29a, 11:00

Arrasateko Denon bizitzak Erdigunean taldeko kideek dei berezia egin diete herritarrei topaketa mistoari begira (18:30ean, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan), "zaintzaren afera guztion ardura" dela azpimarratuz.

Arrasateko Denon Bizitzak Erdigunean taldeko kideak aurrera doaz azaroaren 30eko grebara begirako bidean. Sei topaketa egin dituzte orain arte, eta dagoeneko zazpigarrenerako deialdia egin dute: urriaren 3an izango da, 18:30ean, Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan. Bada, horrek izango du berezitasun bat: topaketa mistoa izango da. "Arrasaten hilabeteak daramatzagu asanblada feministetan elkartu eta prozesuari forma ematen, gure arteko antolakuntza zehazten, eta saretze lanak egiten. Orain, ahalik eta jende gehien antolatu, prestatu eta prozesuaren parte sentitzea nahi dugu. Horretarako, denon ahalegina eta jarrera aktiboa ezinbestekoak izango dira", esan dute.

Helburuak betetzen

Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, azaroaren
30eko nazio mailako Greba Feminista Orokorrari begirako Arrasateko lehen topaketa ekainaren 4an egin zuten. Ordutik,
sei egin dituzte. "Asanblada bakoitzerako ezarritako helburuak bete ditugula esan dezakegu, eta martxa onean goaz. Orokorrean, nahiko jendetsuak izan dira. Sektore ezberdinetako emakumeak bildu gara. Horrek ikuspuntu ezberdinak partekatzeko aukera eman digu, zenbait sektorerekin harremanak sortzea zaila egiten ari zaigun arren", adierazi dute.

Arrasateko zaintzaren erradiografia bat egiten hasi dira, eta ondorio garbi batzuk atera dituzte. "Zaintza lanak pribatizatuta daude, lan baldintzak prekarioak dira eta gizartearen bistara ikusezinak. Zaintzen afera ez da egun batetik bestera konpontzen. Helburua da sistema osoa errotik aldatzea, eta horrek epe luzeko lanketa bati begira jartzen gaitu", esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak