Elorregiko geralekua gertu, komuna izan ezik

Julen Murua Mesonero 2023ko ira. 22a, 07:47

Elorregiko geraleku berria, joan zen astean ateratako argazkian. (Argazkia: Xabi Urzelai)

Komuneko sarraila erabat berritutakoan, egun gutxi barru, gertu eta erabilgarri izango dira Elorregiko bus geraleku berriko zerbitzuak. Markesina, abuztuaren erdialderako jarrita zen; edukiontziak eta bizikletendako gunea ere badaude.

Elorregiko bus geralekua abuztuaz geroztik erabilgarri dago. Izan ere, ekainean hasitako lanen zatirik handiena abuztuan amaitu baitzuten. Dena den, lanak ez daude erabat amaituta. Komuna ez dago, oraingoz, erabilgarri. Asteotan aritu dira azken ukituak ematen, baina obretan ohikoak diren "kontu teknikoak" tarteko, ez dago oraindik erabiltzeko moduan. Datozen egunotan amaitu nahiko lituzkete lan guztiak. Geralekua bera amaituta dago eta hondakinak batzeko ontziak ere jarrita eta erabilgarri. Horien kudeaketa zehazten ari dira une honetan Arrasate, Bergara eta Oñatiko udalak, Debagoieneko Mankomunitatearekin batera, "kudeaketa modu iraunkor eta egonkorra zehazten".

Ekainean hasi zituzten lanak eta datorren asterako erabat amaitzea espero dute

Ekainaren 22an hasi zituzten Elorregiko autobus geralekua eraberritzeko lanak. Construcciones Aplibur S.L. enpresa da eraberritze lanetan ari dena – hura izan baitzen lizitaziora aurkeztu zen enpresa bakarra–, eta 203.542,09 euroko aurrekontuarekin aritu dira lanean, BEZa barne. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako hitzarmenean jaso bezala, diruaren %60 Aldundiak berak jarri du; gainontzeko %40 Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko udalek jarri behar izan dute.

Lanekin guztiz amaitutakoan –Oñatiko Udalak hartu zuen beregain proiektuaren eta obrak egiteko prozesuaren ardura–, Elorregiko geraleku eraberrituak markesina berria, komuna, bizikletendako aparkalekua, informazio pantaila eta argiztapen fokuak izango ditu. Azpiegitura berri guztiaren mantenua eta geraleku inguruko zerbitzuaren kudeaketa –hondakinen bilketa eta komunaren garbiketa– da orain zehazten ari direna.

Alkateen salaketa

Bestalde, Debagoieneko garraio publikoaren egoera salatu dute asteon eskualdeko alkateek Gipuzkoako Batzar Nagusien atarian. Hainbat kexu sorrarazi ditu Avanza enpresak eskaintzen dituen zerbitzuak –erabiltzaileek ez ezik, langileek ere askotan eman dute horien berri–. Egoera horren aurrean "neurriak hartzeko" eskaria egin diote Debagoieneko alkateek –guztiak EH Bildukoak–, Maider Morras Arrasateko alkatearen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Arrasateko alkateak esan du Aldundiak "keinu txiki batzuk" egin dituela egoerari konponbidea aurkitu nahian, baina "egiturazko arazoari aurre egingo dioten neurri ausartak" behar dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak