Egiturazko aldaketen beharra ikusten dute futbolean

Xabi Urzelai / Jokin Bereziartua 2023ko ira. 1a, 14:45

Luis Rubialesen auziaren bueltan sortu denaren gainean berba egiteko GOIENAk ibarreko bost jokalari ohi batu ditu. Urte hauetan emakumezkoen futbolean egon diren aldaketen testigu izan dira, baina diote bide luzea dagoela egiteko.

Futbolean ibilbide ezberdinak egin dituzte egungo UDAko presidente Agurtzane Elkorok, Realeko atezain ohi Sokoa Azkaratek eta Oihana Aldaik, Mondrako eta Eibarko jokalari ohi Maitane Roak, eta iaz arte Leintz Arizmendiko kapitain izan den Olatz Legardak. Baina, denek izan dute kirol lorpenen bat ospatzeko motiboa, eta diote, tristea izan dela Munduko Txapelketan Espainiako selekzioaren ospakizunetan gertatu den guztia. Hala, afera horren gainean eta ondoren sortutako guztiaren gainean berba egiteko batu ditu GOIENAk.

Agurtzane Elkoro: "UDAko presidente moduan ez dut arazorik izan, errespetatua sentitu naiz beti"

Agurtzane Elkorok hiru berbatan laburtu du Rubiales auziarekin gertatu den guztia. "Penagarria izan da, lotsagarria, eta nazkagarria. Baina, ez da isolatutako gertaera bat izan, behin bakarrik gertatu den zerbait. Arazo hau egiturazkoa da, oinarrian dago, eta bistan dago boterea eta dirua dagoen tokietan matxismoa dagoela. Hain zuzen, boterea eta dirua dagoelako ez du inork bere jarlekua utzi nahi, eta Rubialesekin hori ari gara ikusten garbi". Eta zentzu horretan, Elkorok garbi dauka aldaketak sakonekoak izan behar duela. "Baina ez Espainiako Futbol Federazioan soilik; uste dut aldaketak oinarrizkoa izan behar duela, eta baita gurean ere. Eta gurean diodanean ez da futbolean soilik, baita bestelako kirol federazioetan ere. Federazio horietako agintariak zeintzuk izan behar diren gutxi batzuen artean erabakitzen da, eta horrek ere ez du laguntzen. Eta horrekin batera, garbi daukat kluben zuzendaritzetan eta federazioetan ere emakume gehiago behar direla, gauzak beste modu batean ikusten ditugulako".

Zapuztutako ospakizuna

Oihana Aldai maila goreneko ospakizun baten protagonista izan zen duela lau urte. Hain zuzen, 2018-2019 denboraldian Realarekin Erregina Kopa irabazi zuen aretxabaletarrak. "Jartzen naiz Munduko Txapelketa irabazi berri duten jokalarien lekuan eta... Oso penagarria da Munduko Txapelketa bat irabazi dutelako, dagoen lorpenik handiena delako, eta apenas egin dugulako horren gainean berba. Egia da gertatu denaren gainean ere berba egin behar dela, oso larria delako eta salagarria, baina zarata handia sortu da kontu honen guztiaren gainean, foku mediatikoa hor egon da eta oso tristea da, bai".

Oihana Aldai: "Gertatu dena salatu egin behar da. Pena da kirol lorpena estali duelako"

Sokoa Azkaratek emozioz jarraitu zuen finala, bereziki berdegunean zeuden hainbat jokalarirekin tratu pertsonala daukalako. Eta bat dator Elkorok eta Aldaik egindako hausnarketarekin. "Pena da hau guztia, hain justu, finalaren ondoren gertatu izana, behin txapeldun izan direnean. Izan ere, hilabete batzuk lehenago ere jokalariek planto egin zuten, salatu zuten federazio barruan gertatzen ari zena, bistan zegoen ikusten zituzten hainbat gauza ez zitzaizkiela gustatzen, baina orduan komunikabideek, eta gizarteak berak, bizkarra eman zien. Eta orain, pena da halako gertaera batek egon behar izan duela gizartearen babesa lortzeko, eta orain hasi gara denak esaten jokalari horiek ze arrazoi zuten".

Olatz Legarda: "Neskek ordutegi txarragoak izatea… Halakoak ere zuzentzen dabiltza klubak"

Aurrekoek moduan, Olatz Legardak eta Maitane Roak ere sorpresaz hartu dute hau guztia, sorpresa lehenengo, eta pena eta amorrua gero. "Nik uste dut Rubialesek ospakizunen ondorengo egunetan izandako jarrerak ere zerikusi handia izan duela. Barkamenak zintzotasunez eskatu beharrean jarrera oso oldarkorra erakutsi du, eta izan duen jarrera txarrak ere erreakzioa sortu du guztiongan. Ze jende dago gaur egungo futbolaren atzean? Galdera hori egin diogu gure buruari", dio Roak.

Bizipen pertsonaletatik tiraka

Agurtzane Elkoro eta Sokoa Azkarate dira lagun talde honetako beteranoenak, eta diote urte hauetan guztietan gauzak onerako aldatu direla, nahiz eta bistan dagoen bide luzea geratzen dela oraindik egiteko. "UDAko presidente moduan daramatzadan urteetan ez dut nirekiko matxismo zantzurik ikusi, ez herritarren partetik, ez jokalarien partetik eta ezta gainontzeko klubetako ordezkarien edo federazioen partetik ere. Alde horretatik ez daukat inongo kexarik, errespetatua sentitu naizelako". Jokalari moduan bizi izandakoez galdetuta, irribarre batekin hasi da sasoi batekoak gogorarazten: "20-30 urte egin behar dira atzera gure futbol bizipenen gainean berba egiteko [Barreak], baina gogoan dut, esaterako, Eibarrera jokatzera joaten ginenean, gizonezkoak aldageletan aldatzen zirela, eta gu barrakoietan sartzen gintuztela. Eta Unbeko kasua aipatzen dut bat esatearren, baina leku askotan izaten genituen halakoak".

Maitane Roa: "Rubialesek ondoren izandako jarrera oldarkorrak ez du batere lagundu"

Elkorok moduan, gainontzeko neskek ere ondo urratu izan dituzte belaunak areazko zelaietan, kategoria berean, gizonezkoek belarrezko zelaietan jokatzen zuten bitartean. "Halakoak denok bizi izan ditugu", dio Atxabalpeko areazko zelaiko area txikiak ondo baino hobeto ezagutzen zituen Sokoa Azkaratek –gaur egun Eibarrek entrenatzen du bertan, eta belarrezko zelai txukuna dago–, "eta esango nuke herri mailako klubetan halakoak ere zuzentzen joan direla". Belar artifizialdun zelaiek, sikiera, hori ekarri dute, alegia, gizonezkoen eta emakumezkoen bereizketa horiekin amaitzea. Entrenamenduetako eta partiduak jokatzeko ordutegiekin, oraindik ere, egongo da zer hobetu, seguru.

Goiko kategorietan, okerrago

Hori bai, goragoko kategorietan harmailetatik datozen eraso matxistak geroago eta nabarmenagoak izan ohi dira. "Jokalarien edo klubetako ordezkarien artean nik ez dut inoiz halakorik ikusi. Baina harmailetan bai, hor denetarikoak ikusi eta entzun izan ditugu. Gainera, kontutan izan ni atezaina nintzela, azken lerroan egoten den jokalaria, eta atezainak harmailetatik esaten den guztia entzuten du.

Sokoa Azkarate: "Valentzian, gogoan dut harmailetatik sekulakoak entzun nituenekoa"

Anekdoten artean, gogoan dut Valentzia Kopatik kanporatu eta hurrengo denboraldia Valentzian bertan hasi genuela. Eta, nire atzean zeuden ikusleek partidu osoa igaro zuten zera kantatzen: 'Esto no es un portero, es una puta de cabaret'. Momentu horretan badakizu pertsona horiek ez zaituztetela ezagutzen eta ez dutela zure kontra ezer pertsonalik. Euren helburua zu partidutik ateratzea dela, eta egin behar duzuna dela kontzentrazioari eustea. Baina ez da erraza, bereziki jokalari gaztea bazara. Gogoan dut taldekide batek aldaketa eskatu behar izan zuela partidu hartan, ezin izan zituelako irainak jasan" dio Azkaratek.

Rubiales gehiago ez

Halako kasurik errepikatu ez dadin egin beharrekoen artean, Elkorok zorrotz egin du berba. "Egungo federazioetako egiturak hautsi egin behar dira, garai batetik datozen egiturak dira, eta boterearekin eta diruarekin lotura zuzena daukate". Hala, bost lagun hauek garbi daukate Rubiales gehiago ez egoteko aurrerapausoak heziketatik etorri behar duela, eta gizarte mailan egin beharreko hausnarketatik. Sakoneko lanketa egin behar dela, eta ez futbolean soilik. Baina, nahiz eta Munduko txapelketa irabazi izana bigarren mailan geratu, uste dute sortu den olatu honek lagun dezakeela gauzak aldatzen. "Jende askori begiak zabaldu dizkiolako. Matxismoaren kontrako lasterketan aurrerapauso handia egin genezakeela uste dut. Ardura postuetan dauden gizonezkoek bestelako jarrera bat izan behar dutela ikusi dute, eta sinistuta nago atzetik datozen emakumezko jokalari gazteek etorkizunean bestelako errealitate bat biziko dutela".

Foku mediatikotik aldentzea

Egun beteak izan dira Gipuzkoako futbol federazioko presidente Manu Diazendako. Rubiales afera gertatu berritan, GOIENA bergararrarekin harremanetan jarri zenean, Diazek Munduko Txapelketako finaleko sari banaketan jazotako gertakariak "oso kritikagarriak" direla adierazi zuen, eta aurreratu zuen Euskadiko federazioa –Gipuzkoakoa barne– ez zela Rubialesek deitutako batzarrera joango. Eta batzarrak emandakoa ikusi ondoren, Diazek Espainiako federazioko zuzendaritza batzordeko kide izateari uzteko erabakia hartu zuen.

Astelehenean, berriz, lurraldetako federaziotako ordezkariak Madrilen batzartu dira bitarteko presidente Pedro Rocharekin, eta Gipuzkoako federaziotik erabaki dute aurrerantzean afera honen bueltan adierazpen gehiago ez egitea: "Uste dugu Rocharen lantaldeari lanean utzi behar diogula, eta egun hauetan izan dugun protagonismo mediatikoari neurria hartu behar diogula. Esan behar genituenak esan ditugu, eta uste dugu Gipuzkoako federazioaren ikuspuntua garbi geratu dela. Aldaketak oinarrizkoa izan behar du, eta orain, berba gutxiago egin eta gauzak egiteko ordua da".

Emakumezkoen kongresua

Bestalde, Gipuzkoako futbol federazioaren eta Diputazioaren eskutik datorren urtean nazioarte mailako emakumezkoen futbol kongresua antolatuko dute Gipuzkoan. "Duela sei hilabete hasi ginen Foru Aldundiarekin batera kongresu honekin lanean, ez du Rubialesen aferarekin zerikusirik, baina gertatu denak erakutsi du halakoen beharra dagoela". Aurreratu dute kongresu horretan puntako futbol jokalariek hartuko dutela esku.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak