Abuztuan protagonistetako bi izaten dira eguzkia nahiz beroa eta aurtengoan ere ez da gutxiagorako izan. Euskal Metereologia Agentziak abuztuaren 9an eta 23an alarma gorria ezarri zuen EAEn tenperatura altuen ondorioz. Abuztuaren 23a izan da azken asteetako egunik beroena eta Debagoieneko estazioetan Elorregin eta Arrasaten neurtu ziren tenperaturarik altuenak: 42,1 eta 42 gradu. Oñatin eta Urkulun 40ren bueltan ibili ziren maximoak.
Abuztuaren 9an, Elorregin neurtu zen Gipuzkoako barnealdeko tenperaturarik altuena: 40,9 gradu. Bailarako gainerako estazioetan ere, 37tik gora heldu ziren maximoak: Arrasaten, 39,9; Oñatin, 39, eta Urkulun, 37,8.
Euriari dagokionez, Euskalmeten arabera, Elorregiko estazioa gehienez ere bederatzi egun jarraian –abuztuaren 17tik 25era– egon da tanta bakar bat ere jaso barik –iaz 43 egun jarraian egin zuen ateri– eta maiatzaren 13tik hona astelehenean jaso ziren litro gehien: 23,8.
Abuztuan egun beroenak
Euskalmetek Elorregiko estazioan abuztuan zehar hartu dituen tenperatura maximoak dira hurrengoak:
- Abuztuak 23: 42,1 gradu
- Abuztuak 9: 40, 9 gradu
- Abuztuak 24: 40,9 gradu
- Abuztuak 18: 37,2 gradu
- Abuztuak 19: 33,5 gradu
Beherako joeran
Urkulu %56ko betetze mailan dago eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioko Aitor Irizarrek dio data hauetan ez dela horren baxu egon eta horren arrazoia dela 2022ko urtarriletik "oso euri gutxi" egin izana. Urkuluk 1995eko abenduan markatu zuen minimo historikoa, %47 azpitik. GOIENA aldizkariak 1.002. alean elkarrizketatu zuen Irizar eta ur-kota baxuaren zergatiez eta etorkizuneko aurreikuspenez jardun zuen.
Abisu horia zapaturako
Euskalmeten arabera gaur giro lasaia egingo du eta barnealdean maximoak igoko dira –Arrasaten 30 gradura heltzea espero da–. Bihar egun osorako abisu horia ezarri du prezipitazio handiagatik eta tenperatura 20 graduren bueltan geratuko da.