"Urkuluk, duen geologiagatik, euri asko behar du betetzeko"

Miren Arregi Amasorrain 2023ko uzt. 21a, 09:45

Aitor Irizar Agirrebeña, Epeleko araztegiko bulegoan.

Hamahiru urte daramatza Gipuzkoako Ur Kontsorzioan lanean Aitor Irizar Agirrebeña bergararrak, eta, duela urtebetetik, Debagoieneko antolaketa-burua da.

Urkuluko urtegiak urteko sasoi honetan inoiz izan duen betetze mailarik txikiena duela-eta jo du GOIENAk Aitor Irizar Agirrebeñarengana, Gipuzkoako Ur Kontsorzioko Debagoieneko antolaketa-buruarengana. Izan ere, Aretxabaletako urtegia %61,29ko betetze mailan dago. Iaz, sasoi berean, %84,83an zegoen. Ur kotabaxuaren zergatiez eta etorkizuneko aurreikuspenez jardun du Irizarrek.

Urkuluren betetze maila %61,29an dago. Iazko datuarekin alderatuta, nabarmen txikiagoa da maila hori. Gauden sasoian egonda, zein balorazio egiten duzu?
Uztaila izateko oso maila baxua da, bai. Inoiz ez dugu ezagutu uztailean horrelako maila baxurik. Minimoetan gaude.

Urtetik urtera ikusten ari garen joera da? Betetze maila jaisten ari dela sasoi bereko aurreko urtearekin alderatuta? Edo aurtengoa berezia da?
Ez dugu inoiz ikusi, aurtengoa berezia da. Aurreko urteetan, ia beti, gainezka egin arte, alegia, %100era arte bete izan da urtegia. Aurten ez da hori gertatu une baten ere; gehienez, %70 betetzera bakarrik heldu gara, eta hori da orain gauden egoeran egotearen arrazoia. Bildutako ur horrek datorren negura arte eman beharko du.

Urkuluko urtegia, aste honetan. (Argazkia: Roberto Madinabeitia)

Arrazoiak zeintzuk diren aztertu duzue?
Arrazoia argi dago: 2022ko urtarrilaz geroztik oso euri gutxi egin du gure inguruan. 2022ko negu hartan urtegia goiz bete zen, baina, gero, ez zuen euri nabarmenik egin, eta, harrezkero, urtegira oso ur gutxi sartu da.

Zaparrada mardulak bota ditu aurten, halere.
Ez du ezertarako balio izan. Eurite haietan ez zen batere igo Urkuluko maila. Egun baten euri zaparrada horiek egin eta hurrengo egunean are baxuago aurkitu dugu urtegiko ur maila. Oso zaparrada puntualak izan dira, ordu gutxi iraun dute, eta Urkulu handia da, ur asko behar du betetzen hasteko.

Alabaina, Gipuzkoako beste urtegiak bete egin dira, ezta?
Urkulu Gipuzkoako bigarren handiena da. Ez da hain erraz betetzen. Barrendiolan eta Aixolan, esaterako, horrelako zaparrada baten ondoren berehala igotzen da uraren maila. Urkulun, berriz, ez gara enteratu ere egiten.

Zergatik?
Geologiari lotutako arrazoiengatik. Ura jasotzen duen Urkuluko eremuak berak ur asko behar du eta euria jarraikortasun batekin egin behar du Urkuluko maila igotzen has dadin. Bigarren edo hirugarren astean asko igotzen da. Baina lehenengoan ez.

Arrazoi nagusia euri falta da, beraz?
Arrazoi nagusia euri falta da, zalantza barik. Esan bezala, euria diharduenean ere oso zaparrada puntualak eta bortitzak izaten dira, askotan, eta horrek ere ez du laguntzen.

Arrasaten 2022ko urrian matxuratu zen ur-hodia ere Urkuluko egoeraren erantzuletako bat izan daitekeela diote batzuek. Horrek izan du eraginik?
Arrasateko Udalaren sarean izan zuten ihesa, eta Udalak esan zuen 72.000 m3 ur galdu zela. Horrek soilik Debagoieneko bost eguneko kontsumoa kendu digu urtegian, eta orain bertan dauzkagun aurreikuspenekin –betiere, euririk egiten ez badu–, 291 eguneko autonomia du Urkuluk. Beraz, ez da eragile nagusietako bat.

Horrek esan gura du autonomia ez dela urtebetera iristen.
Hori, euririk ez badu egiten, baina euria egin egingo du.

Iñigo Elosegiri, zuen zuzendari nagusiari, entzun diogu joan den astean gure urtegiak minimo historikoetan daudela. Joera orokorra da? Ala Urkuluren kasua berezia da?
Joan den astean, Gipuzkoako Ur Kontsortzioko zuzendari Iñigo Elosegik antolatuta, EHUko Udako Ikastaro bat egin zen, Urtegiak eta klima aldaketa izenburupean. Han azaldu ziren klima aldaketak eragindako aurrera begirako erronkak zeintzuk diren, eta Urkuluko kasua ez da berezia. Baina egia da gure eskualdean, aurten, beste bailaretan jasaten ari ez diren ur eskasia dugula.

"Debagoiendarron ur kontsumoa ia erdira jaitsi da"

Eta zertan ari da eragiten klima aldaketa? Zein eragin ari da izaten urtegietan?
Momentuz, eragina euria egiteko moduan ikusten dugu, euriteak oso puntualak izaten ari direlako, eta, zehatz, Urkuluko kasuan hori ez da komenigarriena urtegia betetzeko, eurite jarraituak behar izaten baititu ur sarrera potentea nabaritzeko. Baina bestelako eraginak ere badaude; esaterako, tenperaturen igoerak uraren lurrunketa bizkortzen du eta hortik ere ura galtzen da. Orain arteko eragin negatiboak zati handi batean kontsumoaren beherakadarekin konpentsatu izan ditugu, eta ez da arazorik izan. Izan ere, ur-ihesak asko murriztu dira azken hiru hamarkadetan. Etxe eta lantokietan ere ur gutxiago erabiltzen da, ekipo eta etxetresna eraginkorragoak daudelako. Esaterako, garbigailuek ur gutxiago kontsumitzen dute, eta, industriak ere inbertsioak egin dituenez, askoz gutxiago kontsumitzen dute. Denera, 1990eko hamarkadan biztanleko 340 litroko kontsumoa izatetik soilik 180 litroko kontsumoa izatera pasatu gara. Alegia, ia erdia kontsumitzera igaro gara.

"Ez da aurreikusten urtegi berririk egitea"

Zeintzuk dira pronostikoak?
Klima aldaketa aztertzen duten zientzialariek pronostiko desberdinak dituzte, berotegi-efektuko gasak zenbat murriztea lortzen dugun arabera. Euskal Herriko kasuan, tenperatura igoera aurreikuspenak ez dira hain pesimistak. EHUko ikastaroan esan bezala, Gipuzkoako kasuan ez da aurreikusten klima aldaketak eraginda urtegi berririk eraiki beharra izatea.

Kezkatuta egoteko arrazoiak baditugu?
Kezkatuta egoteko baino gehiago, etor daitezkeen arazoak ekiditeko lanak aurrera eramateko arrazoiak ditugu, aurrerago berandu izan daiteke-eta
ezer konpontzeko. Baina, momentuz, 2024ko maiatzera arte hornitzen jarraitzeko ura ba daukagu Urkulun –hori, kasurik txarrenean, euri tanta bat
ere egin gabe–. Orain bertan Urkulun 6.100 milioi litro dauzkagu bilduta, eta momenturen baten euria ganoraz egiten hasi beharko du.

Zein dira aurrera begira dituzuen erronkak?
Helburua da bailara barruan azpiegiturak interkonektatuta egotea. Geroz eta konexio gehiago baditugu jokatzeko aukera gehiago izango dugulako, urtegi batean ura falta bada bestetik hornitu ahal izateko eta abar. Aixola eta Urkulu konektatuta daude dagoeneko eta badaude lotu gura ditugun beste sistema batzuk ere. Elgoibarren Kilimon, Brinkolako Barrendiola eta Azpeitiko Ibai Eder, esaterako. Azken horiek biak konektatuta daude dagoeneko eta Barrendiola Beasaingo Arriaran urtegiarekin ere bai.

Hori guztia, aurreikusten delako datozen urteetan arazoak egon daitezkeela?
Bai; ez dakigu arazo horiek zenbaterainokoak izango diren, baina uste dugu izatekotan puntualak izango direla. Joan den asteko ikastaroan esaten zen bezala, mundu mailako tenperatura igoko da, baina, aurreikuspenen arabera, hemen inguruan ez da askorik igoko, eta, beraz, ez gara hain pesimistak. Gertatzen dena da balitekeela hemendik aurrera zaparrada oso mardulak botatzea sarriago, eta hori horrela gertatzen bada zailagoa izango da ur horiek jasotzea.

"Sortuko diren arazoak puntualak izango dira"

Horixe erronka, beraz; izan ere, azken urteetan egindako lanari esker, araztegiak eraiki direnetik, uraren kalitatea asko hobetu da, ezta? Alde horretatik, ez dago asko egiteko?
Edateko uraren kalitatea beti izan da ona Debagoienean, eta, araztegiak egin direnetik, errekako uraren kalitatea ere askoz hobea da, bai. Halere, beti dago zer egin.

Gure herrietako ur zikin guztiak garbitzen dira kolektoretan?
%95 inguru. Eta, poliki-poliki, kolektorera konektatuta ez daudenak konektatzen joatea da asmoa. Elgeta eta Antzuola falta dira konektatzeko. Ur agentzia dabil lan horiek egiten, eta ez da askorik falta konexio horiek bukatzeko. Behin lan horiek bukatuta, ia Debagoien osoko ur-zikinak garbi itzuliko dira errekara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak