2022ko ekitaldiaren itxiera izan zuten hizketagai, eta, bertaratu ziren bazkideen aldeko botoekin, proposatu zituzten puntu guztiak onartu zituzten. Hala, 2023ari begira jarri ziren. Azaldutakoaren arabera, parke fotovoltaikoa eraikitzeko finantziazioa lortu dute jada, eta lanak ere martxan dira; beraz, beste zeregin batzuk dituzte eskuartean. "Gehien bat sozializazio kanpainari begiratu diogu, orain arteko komunikazioa pixka bat motela zela nabarituta. Bagenituen aipatu beharreko kontuak", adierazi du Iñaki Aranburu kontseilu errektoreko lehendakariak.
Herritarrei orain arte eginikoaren berri eman nahi diete, aipagarritzat jotzen baitute orain artean eginikoa kontatzea; esate baterako, obrak martxan daudela eta hemendik gutxira panelak jartzen hasiko direla. Horretan aritu dira asteon Arrasaten ere, baina batzar ireki bat egingo dute bazkide ez direnentzat. "Finantziazioa edukita, zergatik ari gara bazkide gehiago eskatzen? Ez da dirua behar dugulako; gure helburua da hainbat familiek energia berriztagarria hartzea gure instalazioetatik".
Hurrengo urratsak
Batzar horretarako data zehatzik ez dago, baina datozen asteetan egitea da asmoa. Parke fotovoltaikoari dagokionez, Aranburuk azaldu du urrirako aurreikusten dutela lanak amaitzea, baina eguraldiak eta legalizazioak baldintzatu dezaketela. "Behin ja instalatuta dugunean eta konexio guztiak eginda daudenean, legalizazio bat eskatu behar da, eta hori ez dago gure esku. Normalean bi hilabete da, baina ez dakigu zein den gure kasua".
Bien artean, Arrasateko Polo Garaia alboko esparruan egiten ari diren lanekin aurrera jarraituko dute, asmoa baita seiehun familiaren kontsumorako baliokide izango den energia sortzeko 2.300 panel fotovoltaiko instalatzea.