Leintz Bailarako Ekiola, bazkide berriak erakartzeko fasean

Hasier Larrea 2023ko eka. 19a, 18:51

Leintz Bailarako Ekiolako Kontseilu Errektoreko kideak: José Mari Balzategi, Iñaki Aranburu, Lurdes Larrañaga, Jesús Mari Arizmendiarrieta eta Carlos Martínez.

Joan den astean, Ekiola proiektuaren Kontseilu Errektoreko kideek obren hasieraren berri eman zuten, eta aste honetan, ekainaren 19an, 20an eta 21ean, Arrasateko BAZeko bulegoan izango dira teknikariak, interesdunen galderei erantzun eta zalantzak argitzeko.

Bazkideak erakartzeko kanpaina berria abiatu du Ekiolak, herritarrak jarriz proiektuaren erdigunean. Fase horren lehen agerraldia egin zuten  Leintz Bailarako Ekiolako Kontseilu Errektoreko kide diren bazkide kontsumitzaileek, Arrasateko Polo Garaian.

Adierazi zutenez, "trantsizio energetikoan murgilduta dagoen gizarte batean, Leintz Bailara ez da salbuespena. Ekimen aitzindari eta berritzaile hau, aurrean ditugun erronka energetikoei erantzuteko bidea da, baita herritarrek parte hartzeko tresna ere".

Gaur egun, 220 familia daude kooperatiban, 450 izatera iristeko asmoz. Hala, sozializazio-prozesu bat garatzen ari dira Leintz Bailarako biztanleak proiektura hurbiltzeko. Ekainaren 19an, 20an eta 21ean, Arrasateko BAZeko bulegora bertaratu beharko dira interesa dutenak, Ekiolako teknikariei galderak egin eta zalantzak argitzeko. Herritarrek Ekiolaren webgunearen bidez (www.ekiola.eus) ere bideratu ahal izango dituzte galderak edo eskaerak.

Parke fotovoltaikoa zertan den

Maiatzaren hasieran eguzki-plakak jartzeko lurra egokitzen hasi ziren Polo Garaia alboko esparru publikoan. Orain, transformazio-zentroa eraikitzen ari diren bitartean, metalezko egiturak fabrikatzen ari dira, uztailean jarriko diren panelen euskarriak izango direnak.

2.300 panel fotovoltaikoak abuztu inguruan jarriko dira, eta konexioak amaitu ondoren, irailaren amaierarako instalazioa amaituta egotea espero da. Sare elektrikora konektatu ondoren, bazkideak urritik aurrera lursailetik sortutako energiaz hornituko dira.

Lan horiek egiteko aurrekontua 1.845.043 euro ingurukoa da, eta gaur egun inbertsioa egiteko behar den kapital guztia dago. Bazkideen eta erakunde laguntzaileen ekarpena daukate, Laboral Kutxaren kreditu bat, eta  700.000 euro inguruko diru-laguntzak.

Sustatzaileek zehaztu dutenez, Ekiolaren helburua 600 familiaren baliokidearentzat –450 familia eta erakunde laguntzaile– energia sortzea da, irabazi-asmorik gabeko jarduera kooperatibizatu baten bidez.

Ekainak 21ean, Batzar Orokorra

Ildo beretik, Leintz Bailarako Ekiolako bazkideek Ohiko Batzarra egingo dute ekainaren 21ean, 18:30etan, Amaia Antzokian. Bertan, 2022ko Kudeaketa Txostena eta urteko kontuak aztertu eta onartuko dituzte. 2022ko ekitaldiko emaitzen aplikazioa eta kooperatibari dagozkion Araubide Ekonomikoko Estatutu Xedapenak formalki onartzeko aurkeztuko dira.

Bestalde, martxoan hautatutako Kontseilu Errektore berriak azken 3 hilabeteetako deskargua aurkeztuko du, eta proiektuan interesa duten pertsona guztiekin partekatuko du honako informazioa: "Elektrizitatearen prezioen bilakaera, autokontsumoari eta tarifa arautuei buruzko azken arauketak, gure fakturan eragina, emandako dirulaguntzak babestea eta eskaera berriak izapidetzea, eta abar.

Bukaeran, galdera-erantzun tarte zabala eskainiko zaie bertaratzen diren guztiei, bazkideak izan ala ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak