Iban Arantzabal zuzendari nagusiak eta Monika Belastegi presidenteak hartu dute berba saioan eta 2022a ontzat jo dute, bereziki hiru arrazoirengatik: Batetik, publizitate arloan hazkunde bat egon delako, bestetik, kanpo zerbitzu gehiago eman dituelako enpresak eta azkenik, proiektu berriak ere sortu direlako. "Balorazioa positiboa da, zentzu horretan. Gero, nola ez, onura horiek guztiak langileetan inbertitu ditugu, hori baita Goienaren ardatz oso inportante bat, lantaldea bera", azaldu du Belastegik.
Halaber, inbertsio batzuk ere egin dituzte, esaterako, telebista digitalizatzeko 100.000 euro inguru inbertituta. Horrez gain, Zut eta Ttap aldizkari digitaletan hobekuntzak egin dituzte, diseinu zein eduki aldetik, eta Ttap-i dagokionez, webgune bat ere sortu dute. "Aldizkariaren osagarri da webgunea. Horren harira, aipatuko nuke orain arteko lau urteotan egindako elkarrizketa guztiak, ia 250 elkarrizketa, jasotzen dituela webguneak. Hala, hemeroteka funtzioa ere betetzen du eta hori ere urrats inportantea izan da", gaineratu du Goienako presidenteak.
Kazetaritza, kalitatean indarra jarriz
2022a aurrekontua ondo orekatuta itxi ostean, 2023ko aurrekontua eta kudeaketa plana ere onartu ditu batzar orokorrak eta aurrera begira, orain arte moduan, kazetaritza egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du Goienak, kalitatean indar berezia jarriz. "Kalitatezko edukiak sortzen jarraitu gura dugu, hedabide guztietan. Hala, esaterako, jarraipena emango diogu, memoriarekin lotuta, biktimen ahotsak jasotzeko elkarrizketei. 2022an lau egin genituen eta asmoa da aurten ere beste horrenbeste egitea".
Elkarlanari ere garrantzi handia
Edukian sakontzeaz gain, elkarlanean ere indar berezia jartzen jarraitu gura du taldeak. "EITBrekin eta Tokikomekin batera, Saretzen egitasmoan sartuta gaude, zenbait eduki modu amankomun batean lantzeko, nahiz eta bakoitzak bere berezitasunak izango dituen, tokiko kazetaritza egiten dugun aldetik".
Azkenik, irail inguruan, Primeran ekimena aurkeztuko du EITBk eta Tokikomek bertan izango du leihoa. Horren barnean, Goiena telebistak egindako hainbat saio ikusi ahal izango ditu ikus-entzuleak bai telefonotik, bai telebistako urrutiko-agintea erabilita. Hala, Goienak plataformetan egingo duen apustua Primeran deitzen da eta EITBrekin duen elkarlanaren beste fruitu bat izango da.