Auzoko egitasmoaren jaia aurten Elgoibarren ospatuko dute

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko eka. 8a, 17:00

Auzoko egitasmoaren jaia, aurten Elgoibarren ospatuko dute. Bailaran lau herritan dago egitasmoa, Arrasaten, Eskoriatzan, Oñatin eta Aretxabaletan. Guztira 100 lagun baino gehigo joango dira domekan Elgoibarrera. Egun osoko egitaraua prestatu dute urte amaierako festa borobiltzeko.

Auzoko egitasmoa duten herri guztietako partaideak Elgoibarren elkartuko dira domekan, Euskaltzaleen Topaguneak sustatutako Auzoko Jaia ospatzeko. Euskal Herrian bederatzi herritan daude taldeak eta horietako lau dira Arrasate, Oñati, Aretxabaleta eta Eskoriatzakoak. Denera, 100 lagunetik gora joango dira Debagoienetik.

Jai giroan egiten den ospakizuna dela azaldu du Arrasateko Auzoko egitasmoko dinamizatzaile Jasone Giraldok, eta jende berria ezagutzeko aukera dagoela. Hortaz, aurtengoa ere ez da gutxiago izango, egitarau oparoa osatu baitute herrialde askotariko musika, dantza eta gastronomia uztartuta –baita hemengoak ere–; betiere, euskararen bueltan.

Giraldok nabarmendu duenez, Auzokoko partaideek –auzokideak– euskarara hurbiltzea eta kultura partekatu nahi dute. Horretarako, ordea, beharrezkoak dituzte euskal hiztunak –auzotarrak–: "Zelanbait, hori da Auzokoren funtsa. Euskal hiztunak bidelagun izatea prozesu horretan, askotan zaila da eta. Nolabait, euskara bera kohesiorako hizkuntza da. Auzokoren bueltan hori bereizten dugu, elkar ezagutza, elkar aitortza eta euskara kohesio hizkuntza dela erakustea herritarrei".

Auzokide nahiz auzotarrei zuzendutako festa da, baina Giraldok aitortu du auzotarren profila faltan igartzen dutela. "Urtean zehar antolatzen ditugun saioetan euskal hiztunak faltan igartzen ditugu", dio. Horregatik, dei egin die euskal hiztunei Auzoko egitasmora batzeko eta euskarara hurbildu nahi duten horiek bidelagun izateko. Ikasturte honetan 35 jatorritako 226 lagun elkartu dira Auzokon, 14 taldetan banatuta.

2014an egin zen lehen Auzoko jaia, Bergaran, eta, ordutik, Eskoriatzan, Oñatin, Antzuolan, Aretxabaletan eta Arrasaten(iaz) egin dituzte, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak