Puntua aldizkariaren 369.alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Kerik Gabeko Astea sustatu du egunotan Osakidetzak, urtero egin ohi duen bezala, osasun zentroetako sarreretan, baina baita udalerrietako plaza eta ikastetxeetan ere. Tabakorik ez probatzeko arrazoiak eta erretzeari uzteko gomendioak ematen aritu dira Debagoienean Mila Perez (Durango, 1972) eta Ramon Sanchez-Garrido (Antequera, 1994) erizainak. Kontsumoaren bilakaera eta joerak aletu dituzte.
Osakidetzak Hobe paseoa kea edo bapeoa baino aukeratu du aurtengo lelo moduan. Lehen lerrora ekarri du bapeoa. Hain arriskutsua al da?
Mila Perez: Bagenituen zigarro elektronikoen eta pipen kalteen aurrekariak, eta bapeoarekin ere gertatu da mito asko eta ezjakintasun handia batzen direla gaiaren bueltan, biltzeko tabakoarekin gertatzen den moduan. Jendeak, eta bereziki gazteek, uste dute naturala eta osasunarentzat kaltegabea dela zigarro elektronikoak kontsumitzea. Osasun profesionalok ikusten duguna da mendekotasuna sortzen duten substantzia asko botatzen dizkietela ekoizleek. Beraz, engantxatu egiten du, eta hor dago arazoa. Hau da, txokolate eta mentarekin nahastuta substantzia toxiko gero eta gehiago botatzen dizkiete, gustagarriago egiteko. Egia esan, gaur-gaurkoz, ez dakigu ze produktu botatzen dizkieten, baina betidanik esan dugu eta esaten jarraituko dugu bapeoa ez dela batere gomendagarria.
Aurtengo kanpainaren jomuga gazteak dira, bapeoaren ekoizleena bezala. Kontsumoa gero eta goiztiarragoa da?
Ramon Sanchez-Garrido: Lehen, batez beste, 15-16 urterekin hasten ziren substantziak erretzen, eta, orain, 13-14 urterekin. Sare sozialek eta influencer-ek eragina izan dute horretan, egiten duten publizitatea nerabeei zuzenduta baitago. Presio soziala ere hor dago, guaia baita bapeatzea eta pipan erretzea. Gainera, gero eta zapore gehiagorekin eskura daitezke produktuak. Bat hasten bada, besteak jarraitzen dio... Prebentzioari begira, aurtengo kanpaina adin guztientzat dago zuzenduta, baina bapeoaren gaia gazteak kontuan hartuta azaleratu dugu.
"Terrazetan erretzea debekatzea aurrerapauso garrantzitsua izango litzateke"
M.P.: Urteekin ikasi dugu gazteengana heltzea zaila dela. Erretzaile heldu bati gaixotasunei buruz hitz egiten badiozu –arnasketa arazoak, arazo kardiobaskularrak, minbiziak...–, atzera egiten du, baina 13-14 urterekin erretzen hasten diren gazteek ez dituzte gaixotasunak inondik inora ikusten. Unibertsitateetara eta ikastetxeetara joaten garenean, espirometria probak egiten dizkiegu ikasleei, organismoan ze karbono monoxido maila duten ikus dezaten, eta orduan hasten dira interes handiagoa erakusten; gerturatu egiten zaizkigu, batek putz egiten du... Baina, bestela, paso egiten dute. Mezua helarazteko beste modu bat ohitura osasuntsuak sustatzea da, kirola egitea eta abar. Bestalde, neska-mutilentzat irudia oso garrantzitsua denez, zimurrei, ahotik irteten den usainari eta halako kontuei buruz hitz egiten diegu, gaixotasunekin limurtzea oso zaila da eta.
Gazte erretzaileen datuek ze beste bilakaera izan dute?
M.P.: Egia da indizea jaitsi egin dela: lehen, lautik batek erretzen zuen, eta orain, gutxiagok, bostetik batek. Baina generoan aldaketa gertatu da: 16 eta 24 urte artean, neskek mutilek baino gehiago erretzen dute; oso datu esanguratsua da, aurrekaririk gabekoa. Hainbeste berdintasun nahi dugu, ohitura txarretan ere eragina du. Ze, adikzioa, fisikoa izateaz gain, psikologikoa eta soziala ere bada. Kafe bati edo garagardo bati laguntzeko hasten zara erretzen; gero, edozein ospakizun egiteko erretzen duzu; edo urduri bazaude, edo pozik bazaude.
Osakidetzak ze baliabide jartzen ditu erretzaileen eskura?
R.S.: Erretzeari uzteko taldeko programak dauzkagu, helburu bera duten pertsonekin egonda, askorentzat motibagarriagoa delako erretzeari uztea. Programa indibidualak ere badauzkagu, lotsatzen direnentzat, edo, beste barik, modu horretan utzi nahi dutenentzat. Gora egin duen beste modu bat aplikazio bidezkoa da; duela gutxi ateratako Vive sin tabaco aplikazioa, adibidez. Jende askok uste du tratamendu ez-eraginkorra dela, baina esan behar da programa indibidualen eta taldekoen laguntza osagarri moduan funtzionatzen duela. Laguntza farmakologikoa ere hor dago, eta online tailerrak ere bai, presentzialki osasun joan gerturatu ezin direnentzat. Nahiko harrera ona izaten dute.
"19 eta 24 urte arteko emakumezko erretzaile gehiago daude gizonezkoak baino"
Badirudi nikotina-partxeak eta txikleak iraganeko kontua direla, ezta?
M.P.: Tabakoaren aurkako tratamenduak zenbat eta azkarragoak izan, orduan eta arrakastatsuagoak dira. Gaur egun, Todacitan tratamenduak oso ondo funtzionatzen du. Telebistan irten denez geroztik, booma eragin du, eta farmazietan hornidura gabe geratzen ari dira. Lehengo tratamenduak 8-9 astekoak baldin ziren, eta orain 25 egunekoak dira. Lehen hiru egunetan sei pastilla har ditzakezu, eta gero, dosia jaisten zoaz, 25 egunera heltzean pilula gabe geratu arte. Gainera, profesional baten eskutik tabakoa uzten bazabiltza, subentzionatu egiten da. Momentuz, oso berria denez, ez daukagu tratamenduari buruzko informazio askorik. Otsailean errezetatzen hasi zirenetik jendea oso gustura dago; dezente laguntzen duela aipatzen digute, abstinentzia sindromea askoz hobeto daramatela, eta urduritasuna zein antsietatea baretzen duela. Izan ere, pastilla hartzean nazka sentitzen dute, eta hurrengo egunetan erretzeko gogoa joaten zaie. Makilatxo magikoa bezala da.
Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren erdiak baino gehiagok ez du tabakoa sekula probatu, eta hirutik bat erretzaile ohia da. Ze irakurketa egiten duzue?
R.S.: Azken urteotan abian jarri diren debekuaren aldeko legeek asko kontzientziatu dute jendartea. Gogoan dut tabernetan erretzea debekatu zenean, hasieran kexa ugari sortu zirela, baina, gero, modu positiboan eragiten zuen erretzeari uzteko orduan. Argi dago tabakoak osasunean eragiten dituen efektu negatiboek –bereziki, minbiziak– atzera botatzen dutela jende asko. Baina faktore ekonomikoak ere eragin handia dauka. Nahiz eta erretzeari uzteko argudio handiena beti izango den osasunarekin eta bizi-kalitatearekin lotutakoa, gaur egun tabako pakete batek 6 euro balio du, eta egia da badagoela jendea aitortu diguna tabakoa garestia delako utzi duela. Beraz, prezioen igoerak ongietorriak dira.
Suitzan tabakoari buruzko publizitatea debekatuko dute prentsa idatzian, zineman eta Interneten. Hemen ze puntutan dago araudia?
M.P.: Aurrez aipatutako bidetik, asko aurreratu da araudia. Lehen, komunikabide guztietan eta kirol ekitaldietan egoten zen tabakoaren aldeko publizitatea. Medikuek kontsultetan erretzen zuten, irakasleek ikasgeletan... Egoera asko aldatu da. Orain, osasun zentro guztiak kerik gabeko guneak dira, eta jendeak errespetatu egiten du. Tabako-markei gaur egun askoz ere oztopo gehiago jartzen zaizkie iragarkiak egiteko orduan; saihestu egiten da ahalik eta gehien. Hala ere, oraindik badaude egiteko urratsak; gura duguna da tabako pakete guztiak ilunak izatea eta marka komertzialak ez agertzea, atentzio gutxiago deitzeko. Bereziki, gazteei begira.
"Gazteekin gaixotasunei buruz hitz egitea baino, hobe da ez erretzearen onurak aipatzea"
Ze beste egokitzapen egingo zenukete?
R.S.: Familia eta Komunitateko Espainiako Medikuntza Elkarteak (semFYC) egindako inkesta baten arabera, biztanleriaren %72 establezimenduetako terrazetan erretzea debekatzearen alde dago. Modan baitago terrazetan erretzea; pandemiak joera hori indartzea ekarri du. Saiatu ginen COVID-19aren testuingurua aprobetxatzen tabakoaren gaia ere lehen lerrora ekartzeko, baina, gure ustez, luzatzen ari da afera; bizkorrago hartu beharko lirateke neurri berriak. Beraz, aurrera begira jarraitu beharra dago.
Kontzientziazio kanpainetan jorratzen al duzue tabakoaren kontsumoak ingurunean duen inpaktua?
R.S.: Osasun profesionalok pertsonen osasunari ematen diogu lehentasuna, gaixotasun eta patologia askok lotura zuzena baitute tabakoaren kontsumoarekin.
M.P.: Hori hala da, baina ikastetxeetara joaten garenean beste gai batzuei buruz ere egiten dugu berba, lehen azaldu bezala, saiatzen garelako alde negatiboan baino gehiago positiboan arreta jartzen. Izan ere, alde txarrari buruz bakarrik hitz egiten badugu, erretzen duen jendeak aitzakiak bakarrik jarriko ditu. Jendeari zergatik erretzen duen galdetzerakoan, gehienek ez dute erantzun arrazionalik ematen. Beraz, garbiketa egitearen garrantzia azaleratzen badugu, mutxikinak jaso eta murriztearen onurak aipatzen baditugu, beste modu batera eragiteko aukerak zabaltzen zaizkigu.
Egiten zabiltzaten lanketatik ze ondorio ateratzen duzue?
R.S.: Erretzaileen ehunekoa behera doa, gaur egun %21ean dago, eta espero dugu gehiago jaitsiko dela; hori da garrantzitsuena. Saiatzen gara urteko egun guztietan lantzen gaia, ez bakarrik aste bakarrean. Herritarrek eskura dituzte baliabideak, aplikazioak eta online tailerrak. Erretzeari uzteko aukerak gero eta ugariagoak dira, hein batean, teknologiaren eskutik irteten diren berrikuntza guztiak txertatzen ditugulako programetan.
M.P.: 2012an hasi nintzen kanpainak lantzen, eta igarri dut jendea gero eta kontzientziatuago dagoela. Erretzaile pasiboari arreta handiagoa jartzen zaio orain; lehen, berriz, oharkabean pasatzen zen. Medikuek eta erizainok hiru minutuko kontsulta batean asko eragin dezakegu erretzailearengan. Askotan, zergatik erretzen duten galdetzea nahikoa da aldaketak sortzeko.