Puntua aldizkariaren 368.alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Ainhize Belarrek (Etxauri, 2006) maiatzaren 13an kateatu zuen Etxauriko Kale Borroka sektorean dagoen Begi puntuan bidea. 9 mailakoa. Euskal Herrian eta Espainian maila hori lortzen neska goiztiarrena izan da, 17 urterekin. Josune Bereziartuk (Lazkao, 1972) 1998ko maiatzaren 21ean kateatu zuen Araozko Korea sektorean dagoen Honky tonky bidea. Mundu mailan, 8c mailako bidea egiten zuen lehen emakumea izan zen. Bi mugarrien artean 25 urteko aldea eta eskalatzeko bi modu ezberdin; baina bi mugarrietan garaiko emakume eskalatzaile onenetakoak protagonista. Biak ala biak, naturaren legea apurtzen. "Honky tonky bidea entrenatzen ibili nintzenean, horma baten kontra jotzea bezala izan zen. Bultzaka ibilita ere, ez zen mugitzen. Adiskideen babesagatik, bidea eskalatu nahi zuen jendearen gogo zintzoarengatik eta barrenean hartutako konpromisoagatik heldu nintzen helmugara. Azkenean, kateatu nuenean, benetan, bideak eskatzen zuena baino askoz maila fisiko handiagoa hartu nuelako izan zen", gogoan du Josune Bereziartuk. Honky tonky izena ipini zioten, Hank Williamsen izen bereko CD baten omenez.
Apaloosa, Mala vida, Honky mix, Panoramix... Horiek dira Araozko eskalada-gunean irekitako bideetako batzuk. Punta- puntako eskalatzaileak hara heldu aurretik, eskalada odolean zeramaten beste batzuek egin zuten lan zikina. Hau da, lekua txukundu eta bideak hornitu.
Erañatik Araotzera
1986an zabaldu zuten Oñatiko Zubillaga auzoan dagoen suhiltzaileen parkea. Donostialdeko suhiltzaileak etorri ziren lanera. Haien artean, Josetxo Rodriguez. Suhiltzaileak eta eskalatzaileak ziren, eta Araotzera joaten hasi ziren. "Hormak birjinak ziren eta diamante gordina aurkitu zuten. Sandailin hainbat bide hornitu zituzten", gogoan du Josean Mulasek. Garai hartan, bailarako eskalatzaileak beste toki batzuetara joaten ziren eskalatzera: Oñatikoak Gazteluaitzera eta Arrasatekoak eta Bergarakoak, Eskoriatzako Erañara. Bergarako eskalatzaileak Pol-Pol taldearen baitan elkartzen ziren bideak zabaltzeko, Erañan. Han ibiltzen ziren Iñurrategi anaiak ere. Haien bidez jakin zuten Araotzen bideak irekitzen ari zirela. "Jaturabera joan ginen eta suhiltzaileek zabaldutako bideak ikusi genituen. Bi urtera, suhiltzaileak Donostiara itzuli, eta Iñurrategi anaiak alpinismoa egiten hasi ziren. Pol-Poleko kideek hartu genuen bideak ekipatzeko ardura", dio Mulasek.
Araozko mugarri aipagarrienak
Conan Dax Libaria. 8a mailakoa. Maila horretako lehenengoa Araotzen. Patxi Arozenak hornitu zuen.
Apaloosa. 8a mailakoa. Patxi Arozenak igo zuen lehen aldiz. Urak sortutako zutabe batetik doan bidea.
Panoramix. 8b+/8c mailakoa. Korea sektoreko lehenengoa. Manu Beriainek hornitu eta Rikar Otegik igo zuen.
Mala Vida. Euskal Herriko lehenengo 8c mailako bidea. Oso aurrerakoia. Rikar Otegik kateatu zuen lehen aldiz.
Honky Tonky. Emakumezko batek munduan egin zuen lehenengo 8c mailakoa. Bereziartuk eta Otegik hornitu zuten.
Honky Mix. Emakumezko batek munduan egin zuen lehenengo 8c+ mailakoa. Bereziartuk eta Otegik hornitu zuten.
Garai hartan hasi ziren eskalada tradizionaletik bereizten zen beste eskalada mota bat egiten: kirol-eskalada. "Tradizionalaren helburua gailurrera iristea da. Aldiz, kirol-eskaladarena da ahalik eta bide zailenetik gailurrera heltzea".
Hitzarmen aitzindaria
Patxi Arozenak, Rikar Otegik eta Josune Bereziartuk Araotzen lortutako mugarriek mundu mailako panoraman ipini zuten Araozko eskalada-gunea. Atzerriko eskalatzaileak etortzen ziren Sandaili, Korea, Seriedad eta Dolu Haitz guneak ezagutzera eta hango bideak kateatzera. Bat-batean, autoak pilatzen hasi ziren Araotzerako bidean, eta 90eko hamarkadan leku lasaia zena jendez betetzen hasi zen. Turismo-lekua zen askorendako. Erabiltzaileen segurtasuna eta gunea bera babeste aldera, Gipuzkoako hainbat eskalada- guneri kirol-azpiegitura publiko izaera emateko proiektua abiarazi zuten hainbat erakundek. Horietako bat zen Araotzekoa.
Lanketa sakon eta luzea egin ostean, hitzarmena sinatu zuten Oñatiko Udalak, Gipuzkoako Mendi Federazioak, Aloñako eskalatzaileek, Foru Aldundiak eta bideak dauden lursailetako jabeek. Hitzarmen aitzindaria izan zen. Udalak eskalada-gunea garbitzeko eta sarbideak txukuntzeko ardura dauka, eta Mendi Federazioak egiten du bideen mantentze-lana. Proiektu horretan egin dutena izan da balizko gertaeren erantzukizunak zehaztu eta erakundeen artean banatu, lursailetako jabeak kanpoan kanpoan utzita.
Zailtasun mailak
Gipuzkoako Mendi Federazioak egindako triptikoaren arabera, ia 400 bide daude hornituta Araozko hainbat gunetan. 4b eta 8c+ maila arteko bideak dira. Zenbaki eta letra horiek markatzen dute bidearen zailtasuna. Baina ez da matematika kontua. "Bidea ekipatzen dugunean, gutxi gorabehera badakigu zein zailtasun maila izan dezakeen. Bideak berak dituen ezaugarriak, heldulekuen arteko distantzia, bideak berak duen altuera... Horiek markatzen dute zailtasuna. Baina bidea kateatzen duten eskalatzaileak dira benetan zein maila duen esaten dutenak. Ez dago taula bat zailtasun mailak zehazteko. Ez daude bi bide berdinak direnak", dio bideak hornitzen ibiltzen den Martin Ramirez de Alda bergararrak.
Ekipamendua, goitik behera
Eta nola hornitzen da kirol- eskaladako bide bat? Bada, goitik behera. Haitz edo zuhaitz batean finkatzeko sendoak sartu eta soka botatzen da paretatik behera. Soka horri bizi-lerroa deitzen diote. Lurreraino jaitsi, eta handik gora bideak izango duen altuera kalkulatzen da. Amaiera izango den puntu horretan finkatzeko oso sendoa ipintzen dute. 3.500 kilo aguantatzen duena. Ostean hasten dira heldulekuak ipintzen, berriro ere, behetik gora. Lehen heldulekua, lurretik bi metrora. "Hasierakoek oso gertu egon behar dute elkarren artean, erorketaren bat gertatuz gero lurraren kontra ez jausteko. Hamar metrotik gorako heldulekuen arteko distantzia handiagoa izango da. Adibidez, 30 bat metroko pareta baten hamar bat helduleku ipintzen ditugu", esan du Ramirez de Aldak.
Kirol-eskaladako bide bat ekipatzean, erabiltzailearen segurtasuna bermatzea da helburu nagusia. Erorikoren bat izanez gero, kalteak ahalik eta txikiena izan behar du. Horretarako, eraikuntzako materiala erabiltzen dute: herdoilgaitza, 30-40 urte iraungo duena eta 3.500 kilo eusteko gai dena.
Lazkaoko eskalatzailea munduko kirol-eskaladaren zailtasun handienean ibili zen 1997tik 2017ra. Lehen emakumezkoa izan zen 8c (Honky tonky), 8c+ (Honky mix), 9a (Bain de sang/ Logical progression) eta 9a+ (Bimbaluna) zailtasunetako bideak egiten.
Belle epoque, Hiena, Acción mutante, Honky mix... guztiak dira Araozko bideak. Zenbaterainoko eragina izan du Araotzek zure ibilbidean?
Araotz nire etxea izan da urte askoan. Udaberritik udazkenera, arratsaldero, haren horma amilduez, bideez, jendeaz eta lagunez babestuta pasatzen nuen. Araozko haitz zati bakoitza ñabarduraz beteta zegoen. Han egindako bide bakoitza margolari batek mihise zuri batean egindako pintzelkada bezalakoa zen.
Garai hartan, Araotz mundu mailako eskaladaren mapan kokatu zen. Atzerriko eskalatzaileak joaten ziren bide horiek probatzera. Komentarioak eta aurreiritziak jasan behar izan nituen haiengandik. Nik kateatutako bideak igotzean bakarrik ezabatu zirenak. Aurreiritzietatik begirunera pasa ziren.
Zer dauka berezi Araotzek?
Gustatzen zaizkit bildua sentiarazten zaituzten lekuak, eta Araotz halako lekua da. Haren argia, haren arratsaldeko itzal luzeak bedeinkazio bat dira eguzkiaren beroaren erradiazioa saihesten duen eskalatzaile batentzat. Hormen inguruan dagoen landaretza basatia, Sandaili, kobazuloaren barruan dagoen ermita... Osagai guztiak ditu leku paregabea izateko.
Zuk erakutsi zenuen zortzigarren eta bederatzigarren mailak ez zirela gizonezkoendako bakarrik. 9a+ egitera heldu zinen.
Garai hartan, Frantziako gidalerroek agintzen zuten eskaladan. Frantziako eskalatzaile handi eta ospetsu batek esan zuen emakume batek ez zuela inoiz 8b+ maila eskalatuko. Ziur nago nire subkontzientea esaldi hartaz blaitu zela, eta, agian ideia haren aurkako borroka batek bultzatu ninduen etengabe aurrera egitera eta emakume eskalatzaileen aurkako edozein klixe zentzugabea zela erakustera.
Zer geratzen da Araotzen hasi zen eskalatzaile gaztetxo hartatik?
Nire baitan daramadan oroitzapenak nik bizi izan dudan eskaladarenak dira. Badakit eskaladaren garai pribilegiatu bat bizi izan nuela. Oroitzapenek gogorarazten didate nik lortu nahi nuenaren antza dutela, baina ez gauza guztietan. Araotzen eskalada-gunea geratzen da oraindik. Ongi zainduta dagoela badakit. Oñatik berak eta mendiarekin zerikusia duten erakundeek balioa eman diote, eta horrek pozik egoteko arrazoiak ematen dizkigu. Aurrerapauso handia da, eta azpimarratzekoa, onerako.
Al filo de lo imposible telebista saioan ezagutu zenuen eskalada; Eginon maitemindu zinen harekin eta Jesus Eginorekin hasi zinen kirol horretan. Zure ametsa bete duzula esango zenuke?
Ez naiz neska ameslaria izan, baina eskaladarekin gozatzen jakin dut. Gaur egun, beste gauza batzuk behar ditut bizitzan, gozatu ahal izateko.