Kepa Errasti: "Bakardadeaz dihardut, preso baten azaletik"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko mai. 26a, 11:31

Posdatarik gabeko gutunak izeneko "bakarrizketa-lagundua" estreinatuko du Aretxabaletako aktoreak gaur, egubakoitza, Tolosako Leidor antzokian, 20:00etan.

Xake Produkzioen laugarren ikuskizuna bakardadeari buruzkoa da eta Kepa Aretxabaletako aktorea da protagonista nagusia. Gaur estreinatuko duzu Posdatarik gabeko gutunak.

Zer moduz zaude?

Urduri samar, baina ondo gaude, etxeko-lanak ondo egin ditugu eta jendaurrean erakusteko gogotsu gaude.

Zure-zurea da antzezlana, zuk idatzitakoa eta kide zaren Xake Produkzioen eskutik datorrena.

Nik idatzi nuen bakarrizketa batetik abiatutako istorioa ja- sotzen du Iñigo Legorbururekin batera idatzi dudan gidoiak. Antzezlanean gutun batzuk agertzen dira, eta, nire enkarguz, gutun horiek Legorburuk idatzi ditu. Askotariko gutunen artean aukeraketa egin dugu eta horietako baten aipatu zuen bakarrizketa-lagundu terminoa asko gustatu zitzaidan; izan ere, aspaldiko erronka nuen bakarrizketa luze bat idaztea eta taularen gainera eramatea, baina ez telebistako Barre librea saioan egin izan ditudan modukoak, baizik eta istorio garatuagoa zuena, eta bakardaderi buruzko bakarrizketa idaztea pentsatu nuen.

Baina taularen gainean bi lagun zarete; zer dela eta?

Beldurra eman zidan aretoz areto teknikariekin batera bakarrik ibiliko nintzela irudikatzeak, eta, bakarrizketa horretan lagun bat izateak lagunduko zidala pentsatuta, alegiazko lagun bat asmatu genuen, eta hala sortu zen Bakarne pertsonaia, Charlot pertsonaiaren itxura duen piano-jole mutua. Ez du berbarik egiten, baina protago- nistak adierazten ez dituen gau- za asko adieraziko ditu Nerea Ariznabarretak gorpuzten duen Bakarne pertsonaiak.

Dena kontatu barik, laburbildu egiguzu istorioa.

Bost urtez preso egon ondoren, kartzelatik ordubete barru aterako den Mikel naiz ni. Azkeneko urteetan zehar hilero gutun bat jaso du Mikelek; ez daki nor den igorlea, eta gutun horiek komunean dute posdatarik eta sinadurarik ez dutela. Igorlea nor den ez jakiteak sortzen dion ezinegonari aurre egiteko, kartzelan egongo den azken ordubetea gutunen idazleari eskaintzea erabakiko du, eta hori izango da haren bizitzari buruzko pasarteak kontatzeko aitzakia. Bukaeran deskubrituko du gutunen atzean nor ezkutatzen den, Bakarnek bultzatuta, azken gutuna irakurrita.

Gutunak istorioaren osagai nagusia badira ere, musikak ere pisu handia dauka, ezta?

Hala da, bai. Nereak dio ez dela musikaria, pianoa jotzen dakien arren; hortaz, Nerearendako erronka izan da berak jotako piezekin istorioa osatzea. Sekulako lana egin du; esker oneko pertsonaia da eta arnasa eman dio istorioari. 80ko hamarkada bukaeran eta 90ko hasieran Euskal Herrian asko entzuten ziren Nikaraguako musikarien kan- tuak entzungo dira obran zehar; esaterako: Pablo Milanesenak eta Silvio Rodriguezenak. Antzezlanean zehar kontatuko duen moduan, erbestean jaio zen Mikel, eta, 8 urte zituela, Euskal Herrira bizitzera etorri zen amarekin, aita deportatu zutenean.

Dekoratuak ere nahiko itogarriak direla diozue.

Espetxe baten kokatuta dago, eta idazketa prozesuan ari nintzela oso argi nuen bi pertsonaiak oso eremu mugatuan mugitu behar zutela, eta erronka polita izan da hori lortzea ere.

Tolosan estreinatuko duzue gaur; Debagoienean izango da ikusteko aukerarik?

Ez dugu oraindik ezer lotuta, baina oso gustuko dut nire eskualdean nire lanak erakustea, gertuko lagunen eta familiaren aurrean. Ahaleginak egingo ditugu hala izan dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak