Iraungitzetik urrun, fresko bueltatu dira

Hasier Larrea 2023ko mai. 23a, 15:00

Aretxabaletako Akulu taldea.

Fenomeno orokor bilakatu da: garai batean aktibo egondako musika talde asko, etenaldi luzea egin eta gero, berriz itzuli dira oholtzara. Mundu mailan, Euskal Herrian, baita Debagoienean ere. Hemengo taldeen artean, gainera, antzekotasunak daude jorratzen duten musika estiloaren eta eszenara bueltatzearen arrazoien aldetik. Egin dezagun atzera, bada, gaur egunera itzuli eta etorkizunera begira jartzeko.

Puntua aldizkariaren 367. alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Musikatik bizi ez diren taldeen ibilerak gorabeheratsuak izan ohi dira, halabeharrak aginduta zaila izaten delako proiektu musikalari lehentasuna ematea. Gaztetan pasioz sortutako ekimenek indarra galtzen dute denboraren poderioz, eta, sarri, kaxoi batean gordetzea beste erremediorik ez dago. Baina kaxoiak ez dira giltzarrapo gabeko kutxak, zabaldu egin daitezke, barrukoari hautsa kendu eta erakusleihora eraman. Vintage estiloa ez baita inoiz modaz pasatzen.

Baldintza txukunagoak

Hori jakinda, kuriosoa da azkenaldian iraganeko zenbat bandak erabaki duten berriz elkartzea. Debagoienean bakarrik dozena bateko zerrenda egitetik has daiteke; 80ko, 90eko eta 2000ko hamarkadetan sortutakoak, rock eta punk-oi! estilokoak eta karteletan aspalditik ikusten ez zirenak. Ezeren aurretik, komeni da eszenaren argazki orokorra egitea. "Izan ere, gaur egun gaztetxe, areto eta jai egitarauetako kontzertuak baldintza txukunagoetan antolatzen dira, eta taldeek badakite zuzenekoetan gozatu egingo dutela; ordu txikitan baino, egunean zehar edo, asko jota, gauerdian jotzea da ohikoena, eta talde askoko kontzertu bateratuak egitea", bota du Ubane Uzinek, Gaztelupeko Hotsak zigiluko kideak.

Oñatiko Potemkin taldea.

Soraluzetarra izanda, gogoan du nola joaten ziren Bergarara eta Arrasatera asteburuetan talde bakarreko kontzertuak ikustera: "Aitzakia zen, beste herri batera joan eta kalean egun eta gau ibiltzeko; gaur egun, publikoari gehiago kostatzen zaio mugitzea; jaialdi handiak dira salbuespena. Zuzeneko musika kontsumitzeko moduan aldaketa izan da, zalantza barik, eta, besteak beste, ikus- entzuleak une oro esparru berean egotea ekarri du".

Lagunak oroitzeko

Lehengo taldeen itzulera ezin baita jaialdi handien aldagaia kontuan hartu barik ulertu; are gehiago, horietako asko omenaldi itxurakoak izaten direnean. Pisuzko arrazoiak behar baitira urteetan alboratuta egondakoari berriro heltzeko. Eta jada ez dauden gertuko lagunak oroitzea, zer eta haiei eskainitako kontzertuetan parte hartuta, karga emozional handiko kontua da. Esaterako, Material Rechazadok eta Neallta Folak Josu Azkarate elgetarraren omenaldian jo zuten, aspaldiko partez –2022ko irailean–, eta Mikel Perea arrasatearrari Oñatiko gaztelekuan egindakoan Enboskadak eta Dirty Brothersek –2023ko otsailean–; 2000ko hamarkada inguruan sortutako taldeak laurak. Apirilaren 30ean eta San Andresko jaien baitan, ostera, Alberto Rollan Figueras oroitu zuten: 80ko hamarkadan sortutako taldeekin harreman estua zeukan; hortaz, naturala izan zen Aramaioko Xementerio eta Aretxabaletako Akulu taldeak hitzordu hartan egurrean ikustea. Esan behar da bi horiek aktibitatea berreskuratuta zebiltzala azken urteetatik; hain justu, beste omenaldi batzuen harira. Izan ere, aramaioarrek Iban Elejalde abeslaria galdu zuten 2006an, eta, hamar urte geroago, hura gogora ekartzeko kontzerturako batu ziren, gaur arte. Antzera aretxabaletarrekin, Mikel Unanue lagun-minari keinu egiteko itzuli baitziren 2016an, eta ordutik hona disko berria ere kaleratu dute.

Bergarako Doubling Boys taldea.

Bestalde, aipamen txiki bat merezi dute hiru emanaldi haietako batean jo zuten zenbait taldek: Never Surrender, Agressive Combat, Kañeria 13, Des-kontrol, Arkada Social, Sindy Berbenas... Euren ibilbidean zehar etenaldiak bizi izandako bandak dira, zorionez musika tresnei itsatsita jarraitzen dutenak.

Toki kuttunak

Pertsona maitatuek ez ezik, leku maitatuek ere badute musika taldeak berriz elkartzeko gaitasuna. Oñatiko Potemkin eta Golpe de Estadokoei galdetu, bestela. Aktibo egon ziren garaietan, 2000ko hamarkadan, harreman berezia izan zuten lehenengoek Tolosako Bonberenea aretoarekin: "Besteak beste, han grabatu genituen bi disko, eta, iazko udazkenean Bonberenearen 25. urtemuga ospatzeko jaialdia egin gura zutenez, antolatzaileen deia jaso genuen, handik pasatako taldeekin kontzertua egin nahian zebiltzala, eta ea animatuko ginen", azaldu zion Goienari Aixibar Arteaga abeslariak joan den azaroan. Bira betean murgilduta zeuden orduan, gonbidapen haren aitzakian lau emanaldiko sorta programatu baitzuten: lehena Tolosan, eta beste hirurak Bergaran, Ondarroan eta etxean, gogo biziz jaso zituzten zaleen aurrean.

Golpe de Estadoko kideak ere 25. urtemuga bategatik animatu ziren berriz entseatzera: "Boga tabernakoak lagunak ditugu, ordu dezente pasa ditugu han; 2020ko uztailean ospatu behar zuten urteurrena, eta aproposa iruditu zitzaigun gure ekarpena egitea. Baina ospakizuna pandemiak eragotzi zuenez, aurtengo uztailera atzeratu dugu", azaldu du Xabi Elorza Txirli abeslariak. Zaleek badakite dagoeneko martxan daudela, Ernairen 10. urteurreneko ekitaldian eta aste batzuk lehenago Antixena gaztetxean gozatu baitzuten Golpe de Estadoren zuzenekoaz.

Sormena galdu gabe

Eta poztuko dira, ziur, lerro hauek irakurrita: "Etenaldia egin genuenean, konposizio berriak lantzen genbiltzan; orain, pentsatu dugu ideia horiei heltzea, eta ea lortzen dugun abestiak osatu eta grabatzea. Eta kontzertua jotzeko proposamenen bat jasotzen badugu, ilusioa egiten badigu, ba, ikusiko dugu...".

Oñatiko Golpe de Estado taldea.

Oñatiarrei gertatu zitzaiena, etenaldia egiterakoan kantu batzuk erdibidean geratu eta itzuleran borobiltzeko gogoa izatearena, Neallta Folari eta Iskanbilari ere gertatu zaie. Bi taldeok, gainera, bideratuta dauzkate disko berriak. Aretxabaletako hirukoteari, gaur- gaurkoz, diseinuari baiezkoa eman eta biniloa fisikoki gauzatzeko itxarotea bakarrik falta zaio, sei abestiko lana grabatuta baitauka: "Espero dugu uda ostean kalean egotea eta aurkezpen kontzertuak ematen ibiltzea", baieztatu du Gorka Uriarte baxu-jole eta abeslariak.

Arrasateko Iskanbila talde mitikoak ere berri onak dauzka esku artean, kideek adierazi baitute irailean sartuko direla estudioan: "Ganoraz grabatu ez genituen aspaldiko kantuak grabatzeko".

Zer dabil aldatzen?

Euskal Herrian oi! mugimenduko lehen taldeetakoa izan zen Iskanbila, Zakarrak taldearen eskutik joan zena 90eko hamarkadan. Eskoriatzako Inkernu tabernan eta Arrasateko Zigarrola auzoko jaietan jo dute duela gutxi. Egungo panoramari buruz, "lehen baino askoz talde gehiago daudela" diote, "gu hasi ginenean ia bakarrak baikinen oi!-a egiten". Haien testigua jaso zuten aurrez aipatutako askok, baita Special Crewk ere. Eta, hara, Arrasateko hirukotea ere berriz ikusteko aukera egongo da, uztaileko Mondra&Roll jaialdian arituko baita. Ekaineko Ekinez jaialdian, bestalde, 2004an sortutako Doubling Boys bergararrak eta Enboskada bera azalduko dira.

Bistakoa da lehengo formulek funtzionatzen jarraitzen dutela, nahiz eta egungo eszenan badauden zenbait osagai berri. Honela azaldu du Neallta Folako Uriartek: "Rapak, trapak eta reggaetonak erreferentzialtasuna lortu dute gazteen artean; bestalde, bateria-baxu-gitarratik abiatzen diren taldeen presentzia inoiz baino handiagoa da. Ondorioz, taldeok balio erantsi bat eskaintzeko beharra dugu, publikoa erakarri nahi badugu; guk zuzenekoei dinamismoa gehitzearen alde egin dugu. Lehen ez ginen orain bezain beste mugitzen eszenatokian. Banda yanki eta australiarrengandik ikasi dugu soinua lantzeaz bat ikuskizuna ere landu behar dela".

Arrasateko Enboskada taldea.

Ez dago soberan esatea estilo urbano berriak jorratzen dituzten talde gazteek badutela ezaugarri hori; hau da, haien zuzenekoak ikuskizun edo festa itxurakoak izaten direla. Bide batez, publikoaren eta interpretearen artean oholtzak ezartzen duen muga lausotzeko gai dira mikrofonoa eta mahai-jokoa soilik erabilita. Musika egiteko eta zuzenekoak kontsumitzeko moduak aldatu egin direla, alegia.

Eta generoak ere izan du bilakaera, noski, egungo musika eskaintza oparoaren barruan emakumeek gero eta presentzia handiagoa dutela agerikoa baita. Irakurleari ez baitzaio oharkabean pasa gizonezkoek osatutako taldeak direla orriotan aipatu diren guztiak. "Lehen oso neska-talde gutxi baitzeuden. Trikitian eta, agian, gehiago. AMAK datorkit burura orain... Baina rockean gutxi, eta aktibo jarraitzen dutenak, ba, Anari, Ines Osinaga...", aipatu du Ubane Uzinek.

Kulturgintzako eragile horrek ondoko bi gaiak bizi ditu kezkaz: "Taldeek Spotify dute plaza nagusi, talde handiak zein txikiak izan; Spotifyn dagoen eskaintza guztiaren %15 bakarrik entzuten da, eta ez nuke esango talde txikiak ehuneko horren barruan daudenik. Bestalde, musikagintzan beti egon da amateurismo puntu bat, baina agintariek gero eta exijentzia handiagoak jartzen dizkiete kontzertuen antolatzaileei –Fakturabai, Gizarte Segurantzan alta eman beharra...–, eta amateurismoa zirrikitu barik geratzen dabil".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak