Mendozak hartu zuen hitza, eta bere kezka iturriak zeintzuk izan ziren adierazi zuen. Haren arabera, "alderdi politikoetako arduradun batzuek" ez dute Gipuzkoako "benetako errealitatea" ezagutzen, eta "ezagututa ere, desitxuratu" egiten dute. "Ez zait gustatzen eta negargarria iruditzen zait horrekin hamarkadetako ahalegin kolektibo bati mespretxu egitea. Izugarrizko ahalegin kolektiboa egin da Gipuzkoa, gure herria, aurrera ateratzeko, eta batzuek katastrofismoa nahi dute eratu guri kalte egiteko".
Haren arabera, Gipuzkoak "oinarri sendoak" ditu, eta "adierazle guztiek diote Europa zein mundu mailan ere ondo kokatuta" dagoela. Lurraldeko ekonomian du jarria arreta, "lehiakorra" dela adierazita eta "berrikuntzan asko inbertitzen" dutela. Alabaina, "ezker abertzalearen jarrera" salatu du, erantsita "badirudiela orain deskubritu dutela" industria. "Esaten dute haien proposamena dela berrikuntzaren aldekoa eta langileen partaidetzaren aldekoa. Berandu etorri dira ibilbide honetara (...), baina gure lurraldeak aspaldi hasita dauka. Ez daukate inolako ekarpenik, ezer. Guk ehun proposamen zehatz ditugu".
Mikel Leteren hitzartzea
Mikel Lete Bergarako EAJren alkategaiak ere hitza hartu zuen ekitaldian, eta azken legealdiko udal gobernuaren aritzeko ere izan zuen hizpide. Haren hitzetan, "erabakirik ez hartzea da EH Bilduren estiloa", "herritarrentzat etorkizuneko proiektu estrategikorik ez garatzea", eta "beraientzat gobernatzea". Horren aurrean, ordea, alderdi jeltzalea goraipatu du. "Herria entzun, erabakiak hartu, proiektuak hasieratik martxan jarri eta gure herriko etorkizuna eraiki. Herri eraikuntzaren eta elkarlanaren aldeko apustua egingo dugu. Bergarak aurrera egiteko erabakiak hartu behar dira, Udalak lidergotza behar du; horretara gatoz".
Elgetara ere bisita
Mendoza ez zen soilik Bergaran izan, arratsaldea aprobetxatu baitzuen beste herri batzuetara ere joateko. Elgetan izan zen lehendabizi. Herriko plazan elkartu ziren Iker Laka Elgetako EAJren alkategaia eta alderdikideak, eta tartean ziren Maria Eugenia Arrizabalaga Deba-Urola barrutiko EAJren hautagaia eta Aintzane Oiarbide diputatua ere.
Herriko leku ezberdinak bisitatu zituzten, hala nola kiroldegia eta industrialdea, eta era horretan, Elgetan zer dagoen ezagutu zuen EAJren diputatugai nagusiak.
Antzuolan ere izan zen
Elgetatik Antzuolara joan zen Mendoza, eta Josu Xabier Aranguren Antzuolako EAJren alkategaia eta alderdikide gehiago izan zituen alboan. Elgetako eran, Antzuolako herriko plazan elkartu ziren, eta herrian zehar bueltaka ibili ziren txokoak ezagutuz eta herritarrekin hitz eginez.
Arangurenek udal hauteskundeetarako aurreikuspenen berri ere eman zuen. Adierazi zuenez, "ilusionatuta" daude eta "irabaztera" doaz, horretarako hamahiru puntuko programa bat osatuta. "Guk nahi duguna da herri hau bizitzeko herri bat izatea, eta horretarako guretzako oso garrantzitsua da bertan dagoen industriari bizi berri bat edo arnasbide bat ematea, eta gehiago ekarri badaiteke ere, ondo". Horrez gainera, garrantzitsutzat jotzen dute tokiko komertzioari eta ostalaritzari baliabideak ematea, eta baita kultura indartzea ere.