Urbil Artola: "Aita oso kontent dago egin dugun lanarekin"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko mai. 12a, 08:09

1978an Txomin Artolak argitaratu zuen Belar Hostoak diskoaren birmoldaketa eskainiko du haren semeak gidatutako boskoteak Seminarixoan gaur, egubakoitza, 20:00etan. Arrasate Irratiko Igo autobusera! saiora gonbidatu dute Urbil Artola.

Disko "berezia eta apurtzailea" izan zen Walt Whitmanen Leaf of grass liburuko testuekin eta Errobi taldeko musikariak lagun, Txomin Artolak grabatu zuena, bada, harrera "polita" ari da izaten Bilboko Loraldia jaialdiak bultzatuta haren seme Urbil Artolak (Hondarribia, 1972) sortu duen Belar hostoak II lanak.

6 urte besterik ez zenituen arren, aitaren diskoan parte hartu zenuen. Ze oroitzapen dituzu?

Oroitzapen ederrak ditut; aita lana sortzen ari zela, hamaika aldiz entzun genituen kantu haiek etxean, eta oso gogoan dut aitak kantu baten ahotsak sartzera arreba eta biok Donibane Lohizuneko estudiora eraman gintuenekoak.

Bilboko Loraldia jaialditik jaso zenuen, 2022an, lan hori birmoldatzeko eskaera; a zelako erronka.

Berezia izan zen oso; ez nuen sekula imajinatuko nire kabuz halakorik egitea. Buelta dezente eman nizkion lana nola planteatu eta zeinekin egin, baina inguruan nituen lagun musikariei proposatuta aurrera egin genuen, eta pozik gaude. Disko bikoitza argitaratu genuen, kantu originalak batean eta moldatutakoak bestean.

Jon Gurrutxaga da abeslaria; argi zenuen ez zenuela kantatu gura?

Egia da sormen prozesuan burutik pasatu zitzaidala nik kantatzeko aukera, baina ez dut neure burua kantari nagusitzat sekula hartu, ez dut grina hori. Gurrutxagarekin harreman oso ona dut, oso gustuko dut haren ahotsa eta kantatzeko modua, eta oso egokia iruditzen zitzaidan proiekturako.

Bost lagun zarete, guztira; zeintzuk dira beste taldekideak?

Gitarrarekin, bereziki, baina teklatuarekin ere bai, Dani Benegas Irungo lagun handi bat. Urteak daroa musika arloan, eta hark eraman du kantuak moldatzen pisu handiena. Bestelako proiektu askotan lagun izan dudan Andoni Etxebeste da bateria-jolea eta askotariko instrumentuak jotzen dituen Antxon Sarasua da bosgarrena.

Kantu originalak oinarri, baina beste bizitza bat emanda. Zer dio aitak?

Oso kontent dago egin dugun lanarekin. Hasieratik engantxatuta geratu zela esan zidan. Gure fan handiena bilakatu da! Zortzi kantu dira, guztira, eta ukitu berezia ematen saiatu gara bakoitzari: badira blues kutsua dutenak, kaleko edo zirkuko musikarien doinua dutenak ere bai, akustikoagoak... Hitzei dagokienez, testu berak dira, hizkuntza aldetik moldaketa txiki batzuk bakarrik dituzte. Ikaragarria da orain dela 200 urte baino gehiago idatzitakoak ba- dira ere berritzaileak izaten jarraitzen dutela zentzu askotan.

Eta zer diote Txomin Artolaren betiko jarraitzaileek?

Denetatik entzun dut; esaterako, proiektuan asko lagundu digun Joxerra Gartziari "bikaina bikainarekin alderatzea ederra da" entzun nion. eta badira 78koa nahiago dutenak ere. Eta ulertzen dut; niri ere gertatzen zait beste proiektu batzuekin sarritan lehenengo bertsioa gustukoago izateko joera hori. Seminarixoan aurkeztuko duzue gaur, 20:00etan; zelako emanaldia duzue prestatuta?

Iazko Loraldia jaialdian eskaini genuen formatu bera izango du. Belar hostoak II lana eskainiko dugu bere horretan, eta Walt Whitmanen beste testu batzuk txertatu ditugu kantu eta kantu artean. Joxerra Gartziak lagundu digu testu horiek moldatzen, eta musikarekin lagunduta eskainiko ditugu.

Seminarixoan izan zara sekula?

Ez, baina aspalditik dut hara joateko gogoa, oso gauza politak entzun ditut-eta Bergarako aretoari buruz.

Belar Hostoak boskotea. Argazkia: Gari Garaialde.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak