Mondraren erabakia "atsekabe handiz" hartu dute Arizmendi KEk, UDAk eta Aloña Mendik

Mirari Altube Arrese 2023ko mai. 4a, 18:43

Leintz Arizmendiko jokalariak Touringen aurka jokatutako partiduan, apirilaren 30ean.

"Beharrak batu gintuen eta interes pertsonalak banatu" adierazi dute ohar bidez Arizmendi kirol elkarteak, UDAk eta Aloña Mendik jakin ostean Mondrak irten egingo duela Leintz Arizmendi proiektutik eta talde propioak izan gura dituela. Jokalarien interesak ez direla kontuan hartu uste dute eta atzerapausoa izango dela diote.

Komunikabidetara bidalitako ohar batean gogorarazi dute hiru kirol elkarteek zergatik batu ziren 2017an: "Elkarte bakoitzak norbere taldea ateratzeko arazoak zituen eta ondorioz, neska asko beraien gustuko kirolean, futbolean, jokatzeko aukerarik gabe gelditzen zen, gutxiengo jokalari kopurura iristen ez zirelako". Hala, Arizmendi, Mondra eta UDA kirol elkarteek "elkarlanean" jardutea adostu zuten eta bi urte beranduago Aloña Mendi batu zen proiektura.

Sei urteotan "lan handia" eta "ondo" egin dela diote: "Ondorioz, 50 jokalaritik 100 jokalari izatera pasa gara. Hori guztia ez da bat-batean lortzen, ondo egindako lanaren ondorioa da. Ikasturte honetan benjamin, alebin, infantil bi talde, kadete bi talde eta senior talde bat osatzea lortu da".

"Interes pertsonalak"

Horregatik, "atsekabe handiz" hartu dute erabakia eta uste dute guraso batzuen "interes eta gogo pertsonala" gailendu dela, Mondraren zuzendaritzari eskatuaz taldea ateratzeko bere kabuz: "Mondrako zuzendaritzak, guraso horien hitzak lehenetsi eta guztion artean egindako lana aprobetxatuz proiektu amankomunetik irtetea eta 23-24 denboraldirako beraien talde propioak ateratzea erabaki du".

Jokalarien interesak ez direla kontuan hartu uste dute eta atzerapausoa izango dela diote: "Orain artean egindako lan guztia hankaz gora uzten du eta familietan nahasmena sortu du, nahasmen handia. Ez dugu uste nesken interesak kontuan hartu direnik eta etorkizunera begira atzera pauso handi bat dela deritzogu". Gaineratu dute batera egindako bideak erakutsi duela "batuta banatuta baino osasuntsuagoa dela emakumezkoen futbola".

Lanean jarraitzeko asmoa

Era berean, argitu nahi izan dute nesken interesen alde lanean jarraituko dutela UDA, Aloña Mendi eta Arizmendi kirol elkarteek; eta horretarako, beharrezkoak diren baliabide pertsonalak eta materialak jarriko dituztela orain arte legez.

Arazoak eta proposamenak mahai baten bueltan eztabaidatzearen alde agertu dira: "Egon daitezkeen arazo eta hobekuntza proposamenak mahai baten bueltan konpontzen direla uste dugu, hitz eginez eta eztabaidatuz. Kasu honetan, zoritxarrez, ez da proiektuaren inguruko eztabaida eta hobekuntza proposamenik izan. Erabakia guztiz aldebakarrekoa izan da, elkarrizketa asmorik gabekoa". Eta aditzera eman dute proposamen eta ekarpen berriak  jasotzeko gertu daudela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak