Mondrako zuzendaritzak klub barruan emakumezkoen saila sortzeko erabakia hartu du, eta harrobiko kategoria ezberdinetan taldeak izateko lanean hasi da. Apustua da, eta baditu bere arriskuak, egonkortutako proiektu batetik irtetea esan gura duelako, alegia, Leintz Arizmenditik. Hain zuzen, Leintz Arizmendi 2017an sortu zuten Arizmendi Ikastolak, UDAK eta Mondrak. Beharretik sortutako ekimena izan zen, bereziki klubetan emakumezkoen hutsunea zutelako, eta klub bakoitzak euren kabuz kategoria ezberdinetan taldeak sortzeko arazoak zituztelako. Alegia, indarrak batu zituzten, eta urte hauetan bidea egin dute, bai Euskadiko txapelketan, orain Ohorezko erregional mailan, eta baita harrobiko kategorietan ere.
Indar batuketa hura posible izateko batekoek eta bestekoek alde batera utzi behar izan zituzten hainbat eskaera, klub ikuspuntutik lan egin beharrean bailara ikuspuntua izatera pasa ziren denak, eta 2019an oñatiarrak batu ziren egitasmora, Aloña Mendikoak –Bergarak urte hauetan bere kabuz jarraitu du lanean, baina harrobiko taldeetan antzuolarrekin dute hitzarmena–.
Orain, irailetik aurrera, Mondrak bakarkako bideari ekingo dio: "Azken urteotan gurasoen partetik jaso dugun eskaera bati erantzuna ematera gatoz, jokalariak batera eta bestera ibili beharrean Mojategin entrenatzea eta jokatzea nahi dugu", adierazi du Xabier Etxeberria Mondrako presidenteak.
Desadostasunak ere egon dira
Mondrako presidenteak gaineratu du, erabaki hau hartzeko pisuzko arrazoiak izan ez badira ere, egon direla eragina izan duten bestelako kontuak ere: "Proiektua abian jarri zenean adostasun batzuetara iritsi ginen, esaterako, partiduak Mojategin jokatzea. Eta, urteak aurrera joan ahala gauzak aldatzen joan dira. Esaterako, oñatiarrak egitasmoan sartu zirenean partiduak Azkoagainen jokatzen ere hasi ziren, bigarren taldeari Leintz Aloña izena jarri zioten... Ulertzen ez ditugun gauzak dira horiek, eta halakoekin motxila betetzen joan da. Hori ez da izan Leintz Arizmenditik irteteko motibo nagusia, baina aitortuko dut ezinegona sortu dutela klubean. Hala, ikusita Arrasaten emakumezko jokalari kopuru polita dugula, gure kabuz aurrera egitea erabaki dugu".
Bada, klubetik Arrasateko jokalari gazteei deialdia egin diete, inprimaki hau bete eta interesa dutenek izena eman dezaten.