Aurten Ibarrako eta Mojategiko berdeguneetan gertatu denak ez du erakutsi benetan bi talde horietako errealitatea. Arizmendi UDAko neskek Euskal Ligara igotzea lortu dute. Eta Mondrako neskek Gipuzkoako Kopa irabazi dute: "Baina bi taldeetan egoera berdintsua izan dute, jokalari faltan ibili dira, nahiko justu denboraldiari aurre egiteko, eta, ikusten dugunez, datozen urteotan egoera ez da askorik aldatuko. Neska gutxi ditugu gure taldeetan, hori da egia, eta, aurrera egin gura badugu, klubak batzea da irtenbide onena", adierazi du Arizmendiko koordinatzaile Urtzi Amianok.
"Duela bizpahiru urte gabiltza talde hau sortzeko ahaleginetan eta azkenean lortu dugu. Duela hamar bat urte federatuak ziren neska futbolarien kopurua handiagoa zen, eta denborarekin behera egin gu. Zailtasun asko dago taldeak sortzerako garaian eta horregatik zerbait egin behar zela uste genuen. Aukera hau onena dela uste dugu eta etorkizun oparoa desio diogu", esan du Mondrako ordezkari Ramon Azkaratek. Hau honela, hiru taldeak elkartuko dira eta proiektu bateratu honen nondik norakoak gaur goizean aurkeztu dituzte Mondrako, UDAko eta Arizmendiko futbol elkarteetako ordezkariak Mojategin.
Otsailean hasi ziren
Bai Mondrak bai UDAk taldeak aurrera ateratzeko arazoak izan ditu neska kopuru faltagatik eta horri irtenbidea topa guran, otsailean hasi ziren proiektuarekin. "Fruitua hiru hauen batuketa da; futbol taldeak elkartu egingo dira bailaran futbolaria izan nahi duen edozein neskari aukera duina eskaintzeko eta edozein neskak aukera hori izango du", azpimarratu du Amianok.
Kudeaketari dagokionez, Leintz Arizmendi futbol taldea, Arizmendiren estrukturan sartuko da baina, edonola ere, kudeaketa lanak hiru taldeen artean burutuko da. Horietako bakoitzak, Mondrak, UDAk eta Arizmendik, kudeaketa lanetan izango den pertsona bat izango dute. Eta, hirukotearen adospen guztia barik, ezingo da erabakirik hartu; denon oniritzia beharrezkoa izango da. Entrenatzaileak ere batu dira; izan ere, Leintz Arizmendi talde berria egituratzen dabilen lantaldearen asmoa da Euskal Ligan Esti Loiti Titu izatea entrenatzailea –Arizmendi UDAko entrenatzailea izan da aurten–, Mondra zuzentzen ibili diren Andoni Ezkurraren eta Rakel Modinoren laguntzarekin.
Guztira, hiru talde
Printzipioz, guztira hiru futbol talde izango du Leintz Arizmendik: infantilen kategorian bat, kadetetan beste bat eta senior mailan ere bakarra. "Asmoa, serior kategorian bi talde sortzea da baina, momentuz, talde bakarra lehiatuko da Euskal Ligan", esan du Arizmendiko futbol elkarteko ordezkariak. Benjamin eta alebin mailei dagokienez, nesken futbol eskola martxan jarriko dute baina, 12 pertsonako taldea sortu behar da horretarako. Kopuru hori lortu ezean, neskek mutilekin batera entrenatuko dute bai Mojategin, bai Ibarran. "Ikastetxeetan gutxieneko izen-emate kopuru bat egon beharko da, hamabi inguru, eta hori da zaindu behar duguna, hori izango da-eta goiko taldeendako etorkizuneko harrobia", esan du Amianok.
Historia egiten
"Emakumeak zerbait historikoa lortzen ari gara, nork esango zuen UDA eta Mondra elkartuko zirela eta emakumeok lortu dugu. Bailaran elkarte bakarrenetarikoa izango gara hiru herri eta kirola bakarra uztartzen dituenak. Elkartzea ez da erraza izan, baina bidea bai; bakoitzak ahal izan duena eman du eta emaitza oso handia lortu da", azpimarratu du, UDAko ordezkari Agurtzane Elkorok.