Bizitzaren garestitzearen erdian dator Maiatzaren 1a

Hasier Larrea 2023ko api. 28a, 17:03

Sindikatuek langile klasearen bizimoduaren zailtzean kokatu dute 2023ko Langileen Nazioarteko Eguna. Manifestazioak egingo dituzte astelehenean Hego Euskal Herriko hiriburuetan; LABek Eibarren ere egingo du, eta GKSk Ermuan, bihar.

Egutegiak datorren astelehena jaieguna dela dioen arren, Maiatzaren 1a, langileen eskubideen defentsa egiten duten sindikatuek argi dute kaleak hartzeko eguna dela. Hala, manifestazio gehienak Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Maulen eta Baionan izango dira, baina Debagoienetik gertuagoko herrietan ere egingo dituzte mobilizazioak. Esaterako, Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak Ermuko Lobiano kulturgunean egingo du ekitaldi politikoa bihar, zapatua, 12:00etan, Alternatiba sozialista eraiki lelopean. Hitzordu horretan dei egingo dute astelehenean Iruñera joateko.

LAB: "Altxa, langileok!"

Langile Abertzaleen Batzordeak zortzi mobilizazio egingo ditu, denera, gehienak hiriburuetan. Eibarko kaleetan ere entzungo da haien aurtengo leloa,

Beste mundu bat, 12:00etan Untzaga plazatik irtengo den manifestazioan. Ana Sebalek, LAB sindikatuko eskualdeko ordezkariak, salatu du "euskal langileriaren kaltetan kapitalak aberastasuna metatzen jarraitzen duela". Bizitzaren garestitzea ere izan du hizpide: "Argindarra igotzen eta erosketa-saskia garestitzen dabilela ikusita, zaintza, enplegu eta aberastasuna banatu eta berrantolatzea aldarrikatuko dugu, zerbitzu duinak eta oinarrizko eskubideak bermatu daitezen, hala nola pentsioen, soldaten, etxebizitzaren eta energiaren arloan". Hortaz, euskal langileriak kalera irteteko arrazoi asko dituela gaineratu du, eta batzeko dei egin die "pentsiodun, emakume, gazte, migratu eta arrazializatuei".

MAIATZAREN LEHENA KALEAK HARTZEKO EGUNA DELA DIOTE SINDIKATUEK: "EGOERA ZAILDU DA"

ELA: "Greba da bidea"

Eusko Langileen Alkartasuna sindikatuak, berriz, afiliatu, militante eta lagunei Bilbora eta Iruñera joateko gonbidapena egin die. Borrokan irabazteko lelopean hartuko dituzte kaleak. Deba eskualdeko ELA sindikatuko arduradunak, Amagoia Lasagabasterrek, "mezu positiboa" dela azpimarratu du, "borrokan egiten duenak bakarrik" irabazten duela aintzat hartuta. Ildo beretik, grebaren estrategia "bide egokia" dela arrazoitu du, "2022an 86 garaipen ekarri zituelako".

Hala ere, egungo testuingurua kezkaz ikusten du, "lan munduko prekarietateari bizi baldintzen trakestea" gehitu zaiolako. ELAk horri buelta emateko borondatea duela aipatu du: "Ez agintari politikoek eta elkarrizketa-mahai sozialean elkartzen diren sindikatuek bezala, paperean geratzen diren neurri ez-eraginkorrak onartzera mugatzen dira eta".

ESK: "Pribatizazioak gelditu"

Ezker Sindikalaren Konbergentzia sindikatuak, bestalde, "era guztietako promesek etenik ez duten hauteskunde-testuinguruan" kokatu du Maiatzaren Lehena. Era berean, pribatizazioetan jarri dute arreta: "Hezkuntzan eskola-segregazioa dakarte, eta osasunean azpikontraten aldeko apustua egitea, osasun publikoan zerbitzuak deseginez; negozio-eredu horiek udaletan edo aldundietan ere sartu dira apurka-apurka". Horiek eta kontu gehiago salatzeko martxa egingo dute Oreretatik Donostiara, 09:45ean hasita, CNT eta Steilas sindikatuekin batera.

Gainera, ESK-k asteon inauguratu du Bergaran egoitza berria, Artekale 10etik Fraizkozuri 5era lekualdatu baitira.

CCOO eta UGT, batera

Espainia mailako sindikatuek ere egingo dituzte elkarretaratzeak EAEko eta Nafarroako hiriburuetan, Comisiones Obrerasek eta UGTk, besteak beste. Soldatak igo, prezioak jaitsi, irabaziak banatu leloa aukeratu dute elkarrekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak