Demokrazia beste edozein gobernu mota baino hobea dela uste dute hamarretik bederatzik

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko api. 19a, 15:32

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek demokraziari buruz duten iritzia jakiteko ikerketa egin du Arantzazulab-ek, EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean. Gaur aurkeztu dituzte telefono bidez egindako inkestek emandako lehen emaitzak.

‘Demokraziari buruzko ulermenak gurean’ izeneko ikerketaren lehen emaitzak aurkeztu dituzte goizean Arantzazun. Euskal Autonomia Erkidegoan herritarrei egindako inkesta honen bidez, gure gizartean demokraziari buruz dauden iritzi, uste eta ulermen nagusiak ezagutu gura izan dituzte. Eta lortutako datuek diote, demokrazia dela, herritarrendako, erregimen politiko gustukoena. Hamarretik bederatzik erantzun dute demokrazia beste edozein gobernu mota baino hobea dela. Funtzionamenduarekiko duten gogobetetzeaz galdetuta, kopurua txikiagoa da; herena baino gehiagok adierazi du pozik edo betere pozik ez daudela. %88,4k demokrazian sinisten duen arren, baina, gehienek uste dute ez dela erraza herritarrek politikan eragitea. Beestalde, hirutik bik uste dute poilitikariek ez dituztela herritarren iritziak kontutan hartzen.

Demokrazia nola ulertzen duten galdetuta, berriz, galdetuen %81ek esan dute «indar nagusien eta gutxituen arteko akordioaren bidez eraikitzen denean” demokraziarekin identifikatuago sentitzen direla. Bestalde, demokrazia hitzak eragiten duen sentimenduei buruz galdetuta, herena baino gehiagorentzat axolagabekeria, mesfindantza eta haserrea dira demokrazia hitzak sortzen dizkien sentimenduak. Hala ere, %51,8ari konpromisoa sorrarazten die. Eta parte hartzeko eredu demokratikoenaz galdetu denean, %58,6ak esan du arazoak konpontzeko gure izenean jarduten duten ordezkariak boto bidez hautatzea dela parte hartzeko eredu demokratikoena.

Guztira, 20 galdera egin ditu Arantzazulab-ek, gizarteak demokrazia ulertzeko duen modua jakiteko. Informazioaren bilketa 2023ko otsailaren 22a eta martxoaren 24a bitartean egin dute, telefono bidez. Hemezortzi urte edo gehiagoko biztanleriarena da lagina; Euskal Autonomia Erkidegoko 2.173 pertsona elkarrizketatu dituzte guztira. Datuen irakurketa soila egin gutela adierazi du aurkezpenean Goiak, interpetazio barik. Landa lana eginda, datuak sakonago aztertzeko eta gogoetarako jardun behar dutela gaineratu du. Lanketa hori hiru unibertsitateetako ikerlariekin batera egingo dute, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak