"Hipotekaren hileko kuota igoko zaie, baina ez dakit zenbat. Badakit dezente izango dela eta kezkatuta daude. Momentuan, agian, 200 euro eta gero gehiago. Dena igotzen ari da. Haurrak, etxea... Lanean ere ez dituzte soldatak igotzen eta dena gora doa", horixe da euskal herritar askoren errealitatea eta kezka. Etxebizitzaren euskal Behatokiak interes tasen igoerak Euskadin izandako inpaktu sozialaren gaineko txostena argitaratu berri du eta bertan azaltzen dutenez, Gipuzkoan, batez beste, 171.000 euroko hipoteka eskatzen da. Era berean, inflazioa %10eraino igo da eta denbora gutxian, euriborra negatiboa izatetik %4ra iritsi da; eta etxeen salneurriek ere gora egin dute.
Iosu Urzelai finantza-hezitzaile eta planifikatzailea da Barymont taldean, baita irakaslea ere UEMC unibertsitatean, eta egoera "delikatu" bezala deskribatu du: "Egungo egoera oso delikatua da, inflazioaren igoerak eta euriborraren igoerak desegonkortasun handia eragin dute familien ekonomian. Egia da gaur egun oso zaila dela finantzaketarik eskatu gabe etxe bat erostea, etxebizitzen prezioen igoera dela eta. Norbere diruarekin etxebizitza bat erosi ahal izateko urte asko igaro beharko dira".
Etxebizitza Behatokiak egindako simulazio baten arabera, 30 urterako 160.000 euroko hipoteka baten kasuan, interes tasak %0,5etik %3,5era igotzeak zera esan nahi du: finantza kostua hilean ia 250 euro igotzea.
Soldataren %30 hipoteka ordaintzeko
Ikerketak ondorioztatu duenez, soldataren %30a bideratzen da, bataz beste, hileko kuota ordaintzera. 2016an, %26koa zen kopurua. Urzelaik azaldu duenez, Hipoteka lege berria dela eta ere maileguaren kuotak ezin duela %30-%35 baino gehiago izan. "Ehuneko horren mugan dauden pertsonak eta Euriborraren igoerarekin, maileguak soldatarekiko duen ehunekoa nahi eta nahi ez igo zaie. Honek hilabeteari aurre egiteko geratzen zaien kantitatea murriztu du eta are gehiago produktu eta zerbitzuen prezio igoerek", dio finantza-planifikatzaileak.
Hala ere, gomendio bat egin die herritarrei: "Uste dut denok egin beharko genukeela norbere hileko gastu bakoitzak gure diru-sarrerekiko duen ehunekoa kuantifikatzeko ariketa".
Mailegu finkoa ala aldakorra?
Ikerketak ondorioztatu du, interes-tasak igotzeak ez duela eragin hipoteken sinaduran; izan ere, 2013tik gora doa urtero sinatzen den hipoteka kopurua. Hala ere, finkoa eta aldakorraren arteko datuak aldatu dira. 2016an, esaterako, sinatzen ziren hipoteketatik %90 zen aldakorra; gaur egun, ordea, erdia baino gehiago finkoa da.
Interes-tasen eta euriborraren datuak ikusita askoren zalantza da egun, bietako zein aukeratu. Hauxe dio Urzelaik: "Euriborra igotzen denean, denok nahi dugu finkoa, etorkizuneko balizko igoeren izuagatik; euriborra jaisten denean, denok nahi dugu aldakorra. Uste dut 2008tik gaizki ohitu garela. Euriborra oso baxua izan dugu, baita negatiboa ere 2015etik. Aholkatzen dudana zein den erantzunez, bakoitzaren kasuistika aztertu behar da, baina, oro har, tasa finkoa gomendatzen dut. Izan ere, nik uste dut honek emango diola egonkortasun ekonomikoa familia bati. Badakizu zenbat ordainduko duzun hipotekan zehar, eta horrela ez zara arduratuko".
Hala ere, "aldakorra sinatuta izateak ez du esan nahi arriskuan zaudenik edo akats larri bat egin duzunik". Beraz, lasaitasun deia egin du: "Jakina, hileko kuota bat-batean igotzeak inori ez dio graziarik egiten, baina oso modu seguruak eta bideragarriak daude ekaitz hau prestatzeko eta ahalik eta airosoen pasatzeko. Aldakorra izatetik finko izatera pasatzeko aukera ere badago, eragiketa horren bideragarritasunari begiratu behar zaio".
Kontsultak ere gora
Nabaritu dute taldean herritarren kontsulten hazkundea. Dioenez, gehienek informazioaren inguruko laguntza behar izaten dute: "Oso ohikoa izaten da zorpetze hori kontrolatzen laguntzea". Halako gaien inguruan "ezjakintasun handia" dagoela dio, eta horren aurrean, normala dela nola jokatu ez jakitea.
Hezkuntzan jarri du arreta: "Garrantzitsua da finantza-hezkuntza, pertsona guztiok oinarrizko finantza-ezagutza izan beharko genuke erabakirik onenak hartu ahal izateko. Pena da hain garrantzitsuak diren ezagutza horiek eskoletan ez ematea. Familiekin oinarrizko ezagutza horiek partekatzen ditugu, horixe baita guztiok gozatu beharko genukeen ongizate ekonomikoaren oinarria, ezagutza".