Horri gehitu dio taldeak ulertzen duela, unean uneko beharrak eta erronkak identifikatuta, horiek behar moduan heltzeko bitartekoak jartzea eta baldintzak sortzea dagokiola, eta orain, garapen iraunkorrerako helburuak erdigunean jarririk, beharrezkotzat duela gizartearen auto-eratzean sakontzen segitzea horiek lortzeko.
Besteren artean, kooperatiba taldeko komunitateari begirako ekinbideak bultzatu ditu Fagorrek 2022. urtean, orotara, 663.043 euro bideratuta. Kooperatibetako euskara planetara eta haren bueltan abiarazitakoetara bideratu da zatirik handiena (578.362 euro), Fagor Taldeko langileei euskaraz lan egiteko aukera bermatze aldera. Horrez gain, 54.584 euroko ekarpena egin zaio boluntariotza, eta, oro har, gizarte egitasmoak bultzatzeko sorturiko Fagor Elkarrekin tresna sortu berriari; eta, 30.097 eurokoa, lanerako bidean mugikortasunerako bide iraunkorren erabilera (bizikleta, garraio publikoa, auto partekatua...) sustatu nahian dabilen Fagor Mugi aplikazioari.
Ostera, 1.733.107 euro bideratu ditu Fagor Taldeak Debagoieneko bestelako ekinbideetara. Hain zuzen ere, Debagoiena 2030 iraunkortasun sareak jaso du laguntza handiena: 937.860 euro. Diruz lagundu ditu hartatik sorturiko zenbait proiektu: trantsizio energetikora begirako ekimenak barnebiltzen dituen Eraginez Piztu egitasmoa, adibidez. Era berean, 602.460 euro bideratu ditu Gizabidea Fundaziora, hark, bailarako hezkuntza eragile kooperatiboen ekinbideak babes ditzan. Haren bidez, besteak beste, Arizmendi Ikastolaren Torrebaso 2030 proiektua eta Hirekin berrikuntza zein ekintzailetza zentroa lagundu ditu 2022an. Horiez gain, Taldeko kooperatibak leku hartuta dauden bestelako eragileak lagundu dira, orotara, 192.787 eurorekin.
Euskal Herrian eta nazioartean
Eta Euskal Herriko beste lekuetara begira ere badabil Fagor Taldea. Kasu horretan, 145.146 euroko ekarpena egin du 2022an, laguntza nagusiak sortu berri duen Fagor Herrigintza lankidetza programaren bidez bideratuz (120.000 euro): Zaporeakera (60.000 euro), Itsas Salbamendu Humanitariora (40.000 euro) eta Seaska Ikastolara (20.000 euro). Bestetik, 25.146 eurorekin lagundu ditu Euskal Herriko beste hainbat egitasmo.
Era berean, Fagor Taldeak garapen bidean dauden herrialdeak laguntzen jarraitzen du. Hori horrela, Mundukide Fundazioa eta Garabide elkartea lagundu ditu 2022an, 230.984 eta 10.000 euroko ekarpenekin, hurrenez hurren.