Oraingo honetan, Hego Euskal Herriko immigrazioa izango du aztergai Saretzen proiektuak. 2002tik 2021era atzerritik etorritako lagunen jatorria, urte horietan izandako hazkundea eta helmuga aztertu dituzte EITBk eta TOKIKOMek elkarlanean, eta, baita pertsona horien jarduera ekonomiko batzuk ere.
INE Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako datuak erabili dira lana egiteko, eta horiek aztertzeaz gain, etorkinen istorioak eta bizipenak ere jaso dira hainbat formatutan.
Datu kazetaritza, elkarrekin eta elkarlanean
EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak 2022an jarri zuten abian Saretzen proiektua, elkarrekin datu kazetaritza jorratu eta datuok modu bateratuan kudeatu eta ustiatzeko.
Lehen argitalpenean 2001-2021 bitarteko Hego Euskal Herriko demografia datuak landu zituzten EITBk eta TOKIKOMeko hedabideek, nork bere esparrura, ezaugarrietara eta eremura egokituta.