Elkarretaratzeak egin dituzte Oñatin eta Arrasaten Hezkuntza Sailaren matrikulazio prozesua salatzeko

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko mar. 31a, 14:00

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak onartutako dekretuak harrabotsa sortu du Debagoienean ere. Dekretu honen ondorioz, Oñatiko Txantxiku ikastolan zazpi familia gelditu dira plaza gabe ikastolan, eta Bergarako Aranzadi Ikastolan bi.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2023-2024ko ikasturteko matrikulazioko behin-behineko zerrendak argitaratu zituen martitzenean. Hautsak harrotu ditu gaiak eta elkarretaratzeak ere egin dituzte desadostasuna adierazteko. Datorren urteko matrikulazio prozesuan aldaketak  egin ditu Eusko Jaurlaritzak. Diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek plaza kopuru  jakin bat gorde beharko dute ume zaurgarrientzat, eragin eremuko zaurgarritasun indizearen arabera. Hezkuntza Sailak ikasleak onartzeko eta eskolatzeko dekretuaren eta hura garatzen duen arauaren bidez arautu du prozesua.

Hezkuntza eragile guztiak ez daude konforme Hezkuntza sailak onartu berri duen dekretuarekin. Ikastolen elkarteak adierazi du Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten ikastetxe guztiek matrikulaziorako baldintza berak izatea exijitzen dutela, eta hori gertatzen ez den bitartean ikastoletan matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartzen dutela. Oñatin, adibidez, zazpi familia gelditu dira plaza gabe Txantxiku ikastolan eta Bergarako Aranzadi Ikastolan bi familia. Horiek horrela, kaltetutako guraso taldeak deituta, elkarretaratzeak egin zituzten atzo arratsaldean Arrasaten eta Oñatin.

Txantxiku Ikastolatik ere beraien atxikimendua adierazi nahi izan zuten kaltetutako guraso taldeari. Ez dute ulertzen erabakia, eta guraso taldea babestuko dutela iragarri zuten.

Kristau Eskolak eta EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak ere euren desadostasuna agertu dute. EHIGEtik salatu dute  zenbait eskola publikotan lekuak libre badaude ere, bertan matrikulatu nahi dituzten ume batzuk beste ikastetxe batzuetara bideratzen ari dela Hezkuntza Saila. Kristau Eskolatik gardentasun falta egotzi diote Jaurlaritzari; epeak luzatzea eskatzeko asmoa azaldu dute eta baita elkarlanean aritzeko borondatea ere.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako zerrenda behin behinekoa da eta familiek hurrengo asteartera arte dute helegiteak jartzeko aukera. Behin betiko zerrendak apirilaren 20an argitaratuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak