Mireia Gabilondo: "Pozik nabil aktore eta zuzendari obra berean"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko mar. 31a, 11:57

Ez naiz inoiz Dublinen egon lana eskainiko du Tentazioa Produkzioak-ek domekan, 19:30ean, Amaia Antzokian; Arrasate.eus-en eta leihatilan sarrerak, hamar eurotan.

Proiektu askorekin batera ari da Bergarakoa: gaur, Santiagon eskainiko duten Semea pixka bat motelago dabil soilik lanean parte hartuko du; eta domekan, Amaia antzokiko taularen gainean Amesti familiako Begoña ama izango da, obrako zuzendari izateaz gainera.

Komedia da, baina garratza.

Egunerokotasunari buruz egiten dugu berba, familiarteko harremanez, eta ze zaila izaten den askotan bestea den modukoa onartzea. Amesti familia gara, gurasoak eta semea eta alaba. Alaba orain dela hiru urte etxetik joan zen, haserre; homosexuala dela esan zigun, guk ez genuen onartu eta Londresera egin zuen alde. Hiru urteren ostean etxera itzuli da Gabonetan eta denak prest gaude konpontzeko, baina alaba neska-lagunarekin etorriko da eta besteok ez dugu ondo ulertuko hori.

Zu zeu ama zara, beste behin, ezta?

Adin honekin hala tokatzen zait; kar-kar. Ama askok bezala, gauzak ondo egin nahian gaizki egiten ditut askotan; kontu asko eskatzen dituen ama eta isilik egoten ez dakien ama da Begoña.

Alboan dituzu Iñigo Aranburu, Iñigo Azpitarte eta Aitziber Garmendia.

Lantalde oso polita egin dugu. Aranbururekin aurretik lan egin barik nengoen, baina Iñaki aitaren papererako aproposa iruditu zitzaidan. Azpitarterekin Sisiforen paperak lanean izan nintzen; gustuko aktorea dut, eta Martin semea izateko aproposa. Eta Aitziber Garmendia Elena alaba da. Askotan zuzendu izan dut, aktore oso kuttuna niretzako. Publiko helduentzako egindakoa da, gazteentzako ere aproposa.

Iñigo Azpitarte, Mireia Gabilondo, Iñigo Aranburu eta Aitziber Garmendia. Argazkia: Mikel Blasko.

Lan bikoitza duzu: aktorea eta zuzendaria; zelan daroazu?

Lehenengo aldia da bizitzan, eta, erabakia hartzea kostatu egin zitzaidan arren, oso gustura nago orain eta erraza egin zait besteak zuzentzea, baita neure burua ere. Sara Cozar izan dut zuzendari-laguntzaile, eta esperientzia polita ari da izaten, bai.

Markos Goikolea da istorioaren idazlea; nor da?

Iruñekoa da, orain dela zazpi urte Bartzelonan bizi bada ere; antzerkigintzan eta telesailetan ari da lanean. Patxo Telleriak eta biok iaz zuzendu genuen Antzerkigintza berriak laborategian ezagutu nuen. Orduan idatzi zuen istorio hori, eta Tentazioak taularatzeko aproposa iruditu zitzaidan.

Zer diozu eszenografiaz?

Komedia askotan izaten den moduan, batez ere, aktore-lanak dauka pisua. Eszenografia nahiko xumea da: etxeko egongela bat eta atzean dagoen balkoia da ikusiko duguna, eta kontakizun osoa jarraian eginda dago, denbora-salto barik.

Aurrera begira, baduzu esku artean beste proiekturik?

Irailean hasiko gara orain borobiltzen ari garen Esnearen kolorekoa izeneko ikuskizun berria prestatzen.

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna izan zen astelehenean; zer da egun hori zuretako?

Ondo dago guretzako egun bat izatea, eta pozik joaten gara Donostia Antzerki Sariak banatzen dituzten galara, nahiz eta aurten ez garen joan; Galiziara etorri garenez, ezin han izan.

Ibilbide luzea duzu antzerkigintzan; atzera begiratuta, zer diozu?

Zaila da honetaz bizitzea, baina kide naizen Ttanttaka taldeak 40 urte beteko ditu eta Tentazioa Produkzioak-ek, 25 urte; hortaz, ezin kexatu, ezta?

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak