63.648 herritar bizi ziren bailaran 2002an, eta horietatik jatorri ez espainiarra –eta ezta hego euskal herritarra ere– zutenak 970 ziren; biztanleria osoaren %1,52, INE Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera. Alabaina, egoera bestelakoa da gaur egun. Biztanleria orokorraren datuak ez du aldaketa handirik izan, baina, bai, ordea, etorkinenak: 2021ean 63.847 herritar zeuden Debagoienean, eta horietatik 6.259 ziren atzerritarrak; alegia, auzokide guztien %9,8, hamarretik ia bat.
Hego Euskal Herriko immigrazioaren azterketa egin baitute EITBk eta Tokikom tokiko komunikabideen sareak –Goiena ere partaide da–, datu kazetaritza jorratuta Saretzen proiektuan, eta hori da ateratako ondorioetako bat. 2002tik 2021era atzerritik etorritakoen jatorria, hazkundea eta helmuga aztertu dituzte.
Bada, kontinenteetako egoerari dagokionez, batik bat, amerikarrak etorri dira bailarara hogei urteko aldian. 2001ean, 456 ziren handik iritsitako pertsonak, eta, 2021ean, 3.157. Hala ere, ipar amerikarrak baino, latinoamerikarrak dira gehiengoa.
Amerikarren ondoren, batez ere, afrikarrak iritsi dira, historikoki joera errepikakorra izan ez den arren. Izan ere, 2002an, esaterako, afrikarrak, europarrak eta asiarrak baino gutxiago ziren Debagoienean, baina, egoera aldatuz joan da. 2015erako afrikarrak aurreko bi jatorrietakoak baino gehiago ziren, eta, ordutik, gorantz egin du kopuruak; hain justu, 2021ean, jatorri afrikarreko 1.494 pertsona zeuden eskualdean.
Bada, beste hiru jatorriei dagokienez, Europatik heldu dira gehien bat, eta, ostean, Asiatik. Azken datuen arabera, 700 asiar eta 901 europar bizi dira inguruotan, Espainia kontuan hartu gabe. Are gehiago, badira ozeaniarrak eta aberrigabeak ere; 2021ean, guztira, zazpi ziren.
Herriz herri egoera zein den aztertu ezkero, egun, bailarako herririk populatuenean pilatzen dira etorkin gehienak: Arrasaten. 21.760 biztanle zeuden 2021ean, eta horietatik 2.557 ziren jatorri espainiarra ez zutenak; alegia, %11,75. Bergaran, Oñatin eta Eskoriatzan daude, ostean, etorkin gehien; hurrenez hurren, herritar guztien %9,90, %9,53 eta %8,32. Are gehiago, guztietan gehien nabarmentzen direnak jatorri amerikarrekoak dira, afrikarrak eta asiarrak ondotik dituztela.
Hego Euskal Herriko egoera
Hego Euskal Herriari dagokionez, 2002an 2.690.414 herritar zeuden, eta horietatik 112.147k ez zuten jatorri espainiarra; zehazki, %4,17k. Aldiz, hogei urteren ondoren, ia 200.000 biztanle gehiago –2.872.291– ziren Hegoaldean, eta horietatik 365.705 ziren kanpotik etorritako pertsonak; guztira, biztanleria osoaren %12,73.
Bada, jasotakoak gogoan izanda, Xabier Aierdi soziologoak ondorioztatu duenez, datuok erakusten dute "errealitate berri baten aurrean" dagoela gizartea, eta, gainera, "egiturazkoa" izango dela. "Norbaitek uste badu joan-etorriko pertsonak direla, ez da horrela: datozenak bertan geldituko dira, eta bertan garatuko dute euren bizitza". Era horretan, nabarmendu du "gizarte berri bat" sortuko dela, hala nola, askotariko jatorrietako herritarrez osatua izango dena, eta, beraz, erronkak "nolabaiteko hiritartasun praktikoa" bultzatu behar duela. "Bizitzeko baliagarria den gizarte bat sortu behar dugu, denentzako aukera berdinekin".