Komikien urrezko aroan bizi gara

Josu Bilbao Atxutegi 2023ko mar. 28a, 11:37

2022an kaleratutako euskarazko komikien sorta.

Loraldia bizi izaten ari da komikigintza, eta iazkoa euskarazko komikigintzaren urte oparoena izan zen kaleratutako komikiei dagokienez. Gainera, gazteen eta emakumeen presentzia ere handitzen doa gurean. Bailaran komikiaren lotutako hainbat ekintza antolatu dituzte, Komikiaren Egunaren harira.

Puntua aldizkariaren 361. alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Urrezko aroa, loraldia, eztanda... Euskarazko komikigintzak urterik onena bizi izan zuen iaz, euskarazko 67 komiki kaleratu ziren eta. Fenomeno hori komikigintzan orokorrean gertatzen ari da, adituen esanetan. Horri lotuta, martxoaren 17an lehenengoz ospatu zen modu ofizialean Komikiaren Eguna, eta aste honetan komikiarekin lotutako hainbat ekimen egin dituzte Debagoienean. Oñatin, adibidez, nerabeendako komiki-tailerrak, tertuliak eta Euskal komikia 1975 urtetik erakusketa izan dituzte.

Euskarazko komikigintzaren eztanda ulertzeko, Igor Leturia komikizalearen ahotsa eta esperientzia ezinbestekoak dira. Euskal komikigintza bultzatzeko blog bat sortu zuen duela 20 urte arrasatearrak: "Komikigintzaren inguruan euskaraz aritzeko eta ezagutzera emateko. Blogean idazten hasi nintzenean, euskaraz idazten nuen komikien inguruan, baina euskarazko komiki askorik ez zegoen. Gauzak guztiz aldatu dira".

Komikien loraldi horren atzean hainbat arrazoi egonik ere, Igor Leturiaren ustez badaude azpimarratu beharreko bi alderdi: "Orokorrean, komikia modan dagoela uste dut, baina, gainera, fenomeno bitxi bat gertatu da. Duela 40 bat urte, komikiak haurrendako egiten ziren, eta askok uste zuten umeendako bakarrik zirela. Krisi sakona bizi izan zuen komikigintzak, eta mende honetan beste prestigio bat hartzen joan da; batez ere, eleberri grafikoen fenomenoarekin. Beste tematika batzuekin eta beste publiko batendako kaleratu izan dira, gai sozialak, politikoak... Helduendako komikiak. Eta horrela prestigioa lortzen joan da. Eta azken urteetan, gainera, haur eta gazteendako komikiek ere gora egin dute. Beraz, bi fenomenoak batu dira komikien gorakada horretan".

Urte borobila

Azken bi hamarkadetako datuei erreparatuz gero, euskarazko komikien gorakadaren joera argia ikus daiteke. 2000. urtean, bi komiki kaleratu ziren euskaraz. 2006ra arte ez zen hamar komikien langa gainditu –hamahiru kaleratu ziren 2006an–. Eta hurrengo bost urteetan berdin jarraitu zuen joerak, hamar komikiak ezin gaindituta. 2011n, euskarazko hamazortzi komiki kaleratu ziren, baina goranzko joera erreala 2015ean hasi zen, 21 komikirekin. Ordutik gaur egun arte gora egin du urtero kopuruak: 2019an 36, 2020an 34 eta 2021ean 36 publikatu ziren. Iaz, goia jo zuen kopuruak, euskarazko 67 komikirekin. "Urte ikaragarria izan da. Azken bost urteetan 30etik gora publikatu dira, eta iaz 67 publikatu ziren. Euskaraz zergatik horrenbeste? Apurka-apurka, kopurua handitzen joan da azken urteetan, baina ezingo nuke azaldu iazko fenomenoaren arrazoia. Oso bitxia eta pozgarria da", dio Leturiak.

Igor Leturia, 2022an kaleratutako euskarazko komiki batzuekin.

"Azpimarratzekoa da Xabiroi aldizkaria eta Ikastolen Elkartea egiten ari diren lana. Duela ia 20 urte sortu zuten aldizkaria, euskarazko komikigintzan erreferente izandako Ipurbeltz komiki- aldizkaria desagertu ostean. Xabiroi jada ez zen haurrendako, baizik eta gazte eta helduendako. Apurka, euskal komikilarien komunitate bat sortzen joan dira, eta gero eta marrazkilari gehiago bultzatu dituzte euskaraz lan egitera. Bestalde, Harriet argitaletxea ere gakoa izan da. Urtero lau-bost komiki argitaratzen hasi zen, horietako batzuk itzulpenak, eta lan handia egin dute nazioarteko lanak itzultzen. Bi faktore horiekin, eta behin olatua hartuta, olatu horri gehiago batu zaizkio: Nabarralde, Txalaparta, Astiberri... Eta, apurka, Euskal Herritik kanpoko argitaletxeek ere ikusi dute euskaraz publikatzen dela eta merkatua badutela", aipatu du Leturiak.

Gainera, euskarazko komikigintzari dagokionez, 2022an bi mugarri garrantzitsu izan ziren. Lehenengoa euskarazko lehen manga-komikiaren kaleratzea izan da –X-venture–: "Irakurle gazteen artean manga da gehien irakurtzen dena mundu mailan. Euskaraz mangarik ez izatea, beraz, kaltegarria da euskararendako. Urteak zain egon gara ea mangaren bat euskarara itzultzen zuten, hori aldarrikatzen ibili gara, eta iaz lehenengo aldiz argitaratu zen. Eta ez da gauza puntuala izan, bi argitaratu ziren eta; eta aurten beste bi kaleratu dituzte. Aurten dozena bat manga egongo direla espero da".

2022. URTEAN EUSKARAZKO 67 KOMIKI ARGITARATU ZIREN; INOIZKO DATURIK ONENA

Bigarren mugarria 80ko hamarkadan Pulitzer saria irabazi zuen Maus komiki klasikoaren euskarazko itzulpena da: "Bertako produkzioa beti da oso garrantzitsua, baina munduan ezagunenak diren edo klasikoak diren komikiak euskaratzea ere garrantzitsua da.  Munduan eleberri grafikoen arloan aitzindari izan den eta ospe handia izan duen Maus lana euskaraz izatea ezinbestekoa da".

Kalitatea eta aniztasuna

Kalitate aldetik 2022. urtean maila handiko komikiak kaleratu direla esan du Igor Leturiak; hau da, kantitatean bai baina kalitatean ere gora egin du euskarazko komikigintzak: "2022a aurretik urtero 30 komiki inguru publikatzen ziren, eta lan haietako asko oso onak izan ziren. Zaila da kalitate oneko lanen proportzioa mantentzea, batez ere, kopurua bikoizten duzunean, baina lan asko oso onak izan dira. Asiskoren Amaiur, Koldo Almandozen Natasha, Juan Luis Landaren Orreagako kronikak, Ainara Azpiazuren Utzi azalari, Harkaitz Cano, Joseba Larratxe eta Unai Iturriagaren Ni ez naiz Mikel Laboa...".

LEHEN ALDIZ MANGA EDO KOMIKI JAPONIAR BAT EUSKARAZ KALERATU ZUTEN IAZ: 'X-VENTURE'

Emakumeen presentziak ere gora egin du euskal komikigintzan: "Komikien munduan emakume gutxi aritu izan dira, eta horrek eragin die gaiei, pertsonaiei... Oso proportzio txikietan egon dira emakume egileak komikietan, eta emakume irakurleak erakartzea ere zailagoa izan da. Poliki eta gutxinaka, azken bost urteetan aldatzen joan dela esango nuke. Iaz, beste koska bat egin zuen gora, eta, bereziki, ikusita bikoiztu egin direla euskarazko komikiak, emakumeen presentziak gora egin duela ikustea oso pozgarria izan da. Iaz, euskarazko komikien ia erdietan parte hartu zuen emakumeren batek".

Komikigileak kontu-kontari

Usue Egia (komikigile eta ilustratzailea): "Marrazketa indar handia duen lengoaia da"

Nerabeendako komiki-tailerrak eskaintzen ari da Oñatin egun hauetan komikigile durangarra.

Komiki-tailerra eskaintzen ari zara Oñatin; zein da tailerraren helburua?

Bi saio antolatu ditugu: bat joan den asteartean egin genuen eta bestea datorren asteartean egingo dugu. Hizkuntza grafikoa erabiliko dugu istorio labur bat kontatzeko. Bizi izan dugun zerbaitekin autofikzioa egitea da asmoa. Berbaz askotan kontatu dugun istorio bat irudien bitartez komunikatzeko gai izatea da helburua. Irudiek eta marrazkiek lengoaia moduan indar handia dute, eta sentimenduak, emozioak edota buruan dugun hori irudien bitartez kontatzea garrantzitsua da.

Modan dago komikigintza?

Aldatzen ari da. Ikusten dira beste mota bateko istorio grafikoak, eta ez bakarrik biñetak edo komiki klasikoetan oinarritutako diskurtsoak. Asko aldatzen ari da, eta oso aberasgarria da aldaketa hori ikustea. Artista berri askorengandik kontatzeko era berriak ikasten ari gara. Euskarazko komikiak, adibidez, asko kaleratzen ari dira eta ni asko ikasten ari naiz horietatik. Niretako ohorea da euskal komikigintzaren parte izatea.

Gero emakume gehiago ari zarete, gainera; belaunaldi aldaketa badator?

Nik gehien kontsumitzen ditudan komikiak emakumeek egindakoak dira. Identifikatuta sentitzen naiz lantzen dituzten gaiekin, eta niretzat komikigile erreferente horiek izatea garrantzitsua da. Zenbat eta gehiago bagaude, orduan eta hobeto.

Julen Ribas (komikigile eta ilustratzailea): "Komikigintzan 'lantegia' ez da inoiz ixten"

Azken urteetan euskarazko komikigintzan lekua egin du Julen Ribas arrasatearrak. Besteak beste, Xabiroi aldizkarirako lanak eta Santa familia, Numenak, Azken garaipena eta Sua komikiak sortu ditu.

Atzera eginez, Julen: nola hasi zinen komikigintzan?

Kasualitatez. Batxilergoa amaitzean, ez neukan garbi zer ikasi nahi nuen. Nik batxilergo zientifikoa egin nuen; nire sentsibilitatearekin zerikusi handirik ez zuten ikasketak. Betidanik izan ditut gustuko Arte Ederrak, literatura, zinema... Baina ez nintzen oso kontziente komikigintza lanbide bat izan zitekeenik. Unai Busturia ezagutu nuen eta Bartzelonako Joso Comic eskolan udako ikastaro baten berri eman zidan. Art Grafic ikasketak egin nituen han: ilustrazioa, komikia, diseinu grafikoa... Bartzelonatik bueltatzean, lehiaketak izan ziren lehen pausoa, dosier txukun bat egin eta argitaletxeetara bidaltzea.

Bartzelonara joan behar izan zenuen; komikilarien etorkizuna Euskal Herritik kanpo zegoen?

1999an ez zegoen horrelako zerbait egiteko aukerarik. Baina esan beharra dago komikilari izateko ez dagoela zertan komiki eskola batetik pasatu. Mundu honetan diharduten asko autodidaktak dira edo Arte Ederrak ikasi dituzte. Joso eskolako maisu batek zioen bezala, komikigintza etxean ikasten da, komikiak irakurriz eta marrazketa mahai gainean landuz. Ez zitzaion arrazoirik falta. Nik Bartzelonan hiru urte egin nituen eta ondoren ia beste hogei igaro ditut etxean marrazten. Formakuntza eta ikasketa prozesu konstantea da. Lana aurkitzearena, ordea, beste kontu bat da. Soilik Euskal Herrian argitaratuz oso zaila da bizimodua egitea. Baina gaur egun, Internet bitartez munduko edozein merkatu eta argitaletxerentzako lan egiteko aukera dugu. Onerako eta txarrerako, mundu globalizatu honetan lan aukerak gehitzen dira, baina baita lan bakoitzerako hautagaiak ere.

Eta ordutik, zenbat proiektu... Gaur egun zer duzu esku artean?

Iban Zalduarekin batera Xabiroi-rako kolaboratzen jarraitzen dut Botere handi batek izeneko saila egiten. Dena ongi badoa, datorren urterako bilduman aterako da. Eta horretaz gain, Yurre Ugarterekin Txalaparta argitaletxearentzat Iris zientzia fikziozko eleberri grafiko bat egiten hari naiz.

Euskal komikigintza unerik onenean dagoela uste duzu?

Ez dakit. Badaude argitalpenak, komikiek badute hedabideetan nolabaiteko oihartzuna... Pixkanaka, komikiekiko aurreiritzia aldatuz doa, eta lengoaia bat dela ikusten ari gara. Haurrei eta gazteei zuzenduta izateaz harago –horrek ezer txarrik eduki barik–, genero guztietako istorioak kontatzeko aukera dago. Baina unerik onenean egonda ere izango du zer hobetu. Nire kasuan, ahal dudan eta libururik onena egiten saiatzen naiz. Gainontzekoa ez dago gure esku.

Komikia, marrazkia, ilustrazioa... Zein arlotan gozatzen duzu gehien?

Paper zuria edo oihala zikintzea gustuko dut. Arkatzarekin edo pintzelarekin ideiak transmititzeko ahalegin horretan ari naizeneko momentua gozagarria da. Baina, denborarekin, konturatu naiz etengabeko prozesua dela. Lantegia ez da inoiz ixten. Burua beti martxan dago. Beti dago zer ikusi, zer jaso; sormenerako probetxuzkoa izango den zerbait.

Pernan Goñi (komikigilea eta ilustratzailea): "Komikigile ez direnentzat da urrezko aroa"

EHUko Arte Ederretako irakasle lanetan dabil gaur egun Pernan Goñi oñatiar artista.

Irakaskuntzan murgilduta harrapatu zaitugu; komikia alde batera laga duzu?

Egia esan, komiki gutxi egin ditut eta egiten ditut. Gaur egun ez ditut horrenbeste egiten, irakasle lanean nabilelako. Ilustrazioak eta komikiak egiten ari naiz Elhuyarrendako, neskak gradu zientifikoak ikastera animatzeko. Irakasleendako material didaktikoa ere prestatzen ibiltzen naiz. Agian, ez da oso sexya, ez da Durangoko Azokan ikusten, baina oso gustura nabil; kar-kar. Orokorrean, enkargu txikiak. Gainera, Oñatiko gaztetxeak antolatuta, komikiaren gaineko mahai-inguru bat prestatzen ari gara apirilaren 14rako.

Komikizale amorratua zara?

Txikitatik gustatu izan zaizkit. Zelanbait, gaztaroan gure garaiko komikiak zirenak gaur egungo tiktokak dira. Kioskoan erosten genituen komiki-aldizkariak. Ez ziren eleberri grafikoak, baizik eta grapatutako aldizkariak komiki askorekin; batez ere, umorezkoak eta umeei zuzendutakoak. Gaur egungo mangazale bati arraroak egingo zitzaizkion, baina gure belaunaldiari asko gustatzen zitzaizkion komikiak, eta niri marraztea asko gustatzen zitzaidan. Gazte garaian, horregatik, nahiko komiki egin nituen. Asterix-ek gogor jo zuen Euskal Herrian, abertzaletasuna dela eta. 20 urtetik gora nituenean, Corto Maltes, Comes Didierren Silencio, Moebius-en l'Incal... haiek ziren nire kuttunenak. Tantaka heltzen ziren liburu- dendetara album bezala. Ez zen gaur egungo uholdea bezala. Gaur egun, ehunka komiki dituzten dendak daude. Oñatiko Ibarrondo liburu-dendan Juan Ibarrondo oso komikizalea zen, eta hark piztu zigun zaletasuna. Gehienak gaztelerara itzulitako komiki frantziarrak eta belgikarrak ziren. Gerora, komikien fanzine bat sortu genuen: KRO. Han komikilari xelebre batzuk ibili ginen; besteak beste, komikigile profesionala den Luis Duran oñatiarra. Komiki ederrak egiten zituen.

Zeinek edo zeintzuek izan dute eragina zure estiloan?

Asisko Urmeneta, adibidez. Gertuko jendeak gustuko dituzun gauzak egiten dituela ikusten duzuenean, horrek asko laguntzen dizu. Napartheid aldizkarian batera ibili ginen, eta urtean lau aldizkari kaleratzen genituen. Asisko oso inspiratzailea zen, eta oso ondo marrazteko erraztasun handia duenez, nolabait, animatu egiten zaitu gehiago egitera. Oñatin ere artista eta marrazkilari asko zeuden. Adibidez, Xabin Egaña eta Anton Maiztegi. Ereduak ziren niretako.

Eleberri grafiko bat egitea gustatuko litzaizuke?

Egingo nuke, bai, baina horren diru gutxi irabazten da... ez dut horregatik egiten. Gaur egun, komikigintza urrezko aroan dago, baina komikigileak ez direnentzat. Irakurlearendako, saltzaileendako eta argitaletxeendako urrezko aroa da. Baina komikigileak oso gutxi irabazten du. Ni ez naiz bestseller bat izateko bezain ona; hori badakit. Beraz, ez naiz ausartzen. Bakarkako lana da, gainera, oso gogorra, eta asko egin behar dituzu ondo saltzen hasteko. Gazteago banintz animatuko nintzateke, baina nire garaian ez zegoen eztanda hau. Gure garaia fanzineena izan zen. Napartheid-en 3.000 ale saltzen genituen!

Euskal komikiaren gaineko erakusketa Oñatin

Euskal komikigintzaren ibilbidea 1975etik gaur egunera batzen du Kike Infame eta Mikel Begoña komikigile eta adituek sortu duten erakusketa bereziak. Lehenengo aldiz Gipuzkoara heldu da erakusketa eta Oñatiko kultura etxean ikusgai egongo da martxoaren 31ra arte. 18:00etatik 20:00etara bisitatu daiteke, egunero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak