Laudiotik Aramaiora saria eroateko "gogoz"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko mar. 24a, 12:13

Aramaioko Izena Pentsau Bida eta Gasteizko Errexala eta Katuko Muinoak taldeek jokatuko dute, bihar, zapatua, Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketako finala Laudion; egun osoko egitaraua prestatu dute eta 17:00etan izango da finala, BHi institutuan. Arrasate Irratiko Igo autobusera! saiora gonbidatu dute Izena Pentsau Bida Manex Agirre bertsolaria.

Arabako bertsolaritzak urteetan eraikitzen joan den mugimendua saretzeko eta indartzeko helburuekin sortu zuten 2010ean Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa. Ordutik hona bi urtean behin taldekako ekimen hori antolatu dute; aurten, zazpigarren aldiz.

Taldekako txapelketa bat da, modu kolektiboan jokatzen dena. "Horrek esan gura du bertsolariez gainera bertsoaren bueltan ari diren beste figura batzuek ere parte hartzen dutela; izan ere, talde bakoitzak, besteak beste, gai-jartzaile bat, epaile bat, saioaren berri jasoko duen argazkilari eta kronikagile bat eta sukaldari bat izan behar ditu. Eta txapelketa horrek hori du polita, beste txapelketa batzuetan ikusten ez diren figura horiek lehen lerroan jartzen dituela, taldearen parte direlako", azaldu du Izena Pentsau Bida taldeko kide Manex Agirrek.

Izena Pentsau Bida taldea

Manex Agirrerekin batera Martin eta Sabin Abarrategi anaiek eta Danel Herrartek osatuko dute Aramaio ordezkatuko duen taldea. "Ni baino gazteagoak dira hirurak. Abarrategi anaiak ez dira Arabako txapela eskuratu zuen Peru anaiaren aldean atzean gelditzen. Martinek, gaztea den arren, badauka bere ibilbidea, hainbat txapelketatan ere parte hartu du eta. Bertsolari serioa, jantzia eta elegantea da, kantaera oso polita du. Sabinek, anaia gazteenak, sekulako txispa du eta freskotasun handia ere bai, eta esango nuke finaleko saioan erakutsiko duela hori. Danel estilo berekoa dela esango nuke, edozein gairi heldu eta espero ez duzun lekutik ateratzeko gaitasuna duena".

Finalerako txartela duen Izena Pentsau Bida taldeaz gainera, Aramaioko beste bi taldek ere hartu dute parte txapelketan: Tratamendurik Gabeak eta Ibarrako Periferia taldeek, hain justu. "Herriko bertso eskolan jende asko ari gara, adin askotarikoak, gainera, eta hiru talde egiteko aukera izan genuen. Pozik ikusi ditut beste taldeak ere; batez ere, kide gazteenak, lehenengo plazak izan dira-eta batzuentzat. Bihar Laudiora etorriko dira jaian parte hartu eta gu animatzera".

Konpetentzia "gogorra"

"Gogotsu" daude finala jokatzeko, nahiz eta Agirrek aitortu duen lehia polita besteko gogorra izango dela. "Beteranoak daude tartean. Ariketa bitxiak egingo ditugu: talde osoak parte hartuta, bakarka kantatzekoak, baita aurkariekin batera binaka kantatzekoak ere; denetik dago. Bertsotan serio egin beharko dugu, maila handia izango delako, baina helburu nagusia ondo pasatzea da; txapelketa honek topaketa izaeratik ere asko du, eta gozagarria da hori".

Finala jokatuko duten taldeak

  • Izena Pentsau Bida (Aramaio):
    • Manex Agirre.
    • Martin Abarrategi.
    • Sabin Abarrategi.
    • Danel Herrarte.
  • Katuko Muinoak (Gasteiz):
    • Eli Zaldua.
    • Iñaki Viñaspre.
    • Xabier Antia.
    • Ekaitz Samaniego.
  • Erraxala (Gasteiz):
    • Eelipe Zelaieta.
    • Asier Otamendi.
    • Marta De Pedis.
    • Ignacio Trojaola.
    • Patxi Alkorta.
    • Kerman Lopez de Lacalle.

Bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke finalerako sarrerak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak