Jesus Mari Lazkano (margolaria): "Arte-liburu ez zurrun bat egin nahi nuen"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko mar. 21a, 13:52

Aspalditik zuen ametsa bete du Bergarakoak, arteari buruzko askotariko hausnarketak eta artean murgiltzeko jarraibideak batzen dituen ¡Maldita pintura! 1001 ideas para amarla y entenderla (Abada argitaletxea) gaztelerazko liburua idatzita.

Eskarmentu handiko Bergarako pintoreak Maldita pintura! 1001 ideas para amarla y entenderla (Abada argitaletxea) liburua argitaratu du, publiko zabalari eskainia.

Urteetako lanaren fruitua izan da; gustura emaitzarekin?

Orain dela hamar urte hasi nintzen ideia lantzen, eta, azkenean, atera da eta oso pozik nago; ondo eginda dagoen sentsazioa dut.

Bidaia asko egin izan dituzu eta zure lanen inspirazio iturri izan dira; 2012an New Yorken zinela, hiria ezagutzeko gidak piztu zizun liburu horretarako harra, ezta?

Hala izan zen, bai. Orokorrean, arte-liburu gehienak nahiko itxiak edo zurrunak izaten dira, eta ikuspegi zabalagoa falta dela uste dut; hau da, turismorako gidek izaten duten planteamendu pedagogikoarekin. Ezaugarri horretako arte-libururik ez dagoenez, aproposa iruditu zitzaidan abentura horretan murgiltzea.

Maldita pintura. 1001 ideas para amarla y entenderla da liburuaren izena; zer adierazten du?

Izenburu ironiko samarra da, probokatzeko nahia du eta barruan dagoena iragartzen du. Artearen askotariko arloak jasotzen ditu liburuak, hainbat ikuspegitatik begiratuta. Ataletan banatuta dago. 1.001 sarrera dira, guztira: teknikari buruzkoak, arte-historiarekin lotutakoak, argazkilaritzari buruzkoak ere bai...

Irakurtzeko modu berezirik gomendatzen duzu?

Irakurle bakoitzak nahi duen moduan irakurtzeko modukoa dela esango nuke; hau da, hasieratik hasita bukaeraraino edo bukaeratik hasita, atzera eginez ondoren, edo zergatik ez, arlotik arlora saltoka ere bai. Liburu zabala da irakurtzeko erei dagokienez; hortaz, bakoitzak bere bidea aurkituko du.

EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasle izan zara urte askoan; publiko hori izan duzu buruan?

Artistendako aproposa da, baina artearekiko kuriositate gutxi duenarentzako ere bai, testu literarioak modu oso sinplean daude eta. Pintzelak sekula eskuetan hartu ez dituztenek margogintzan murgiltzeko aholku praktikoak aurkituko dituztela esango nuke.

"Artistendako eta arteari buruz kuriositatea dutenendako ere aproposa da"

Testuek garrantzia dute, baina marrazkiek eta bestelako irudiek badute tokirik?

Hasierako ideia sarrera bakoitzak irudi bat eramatea zen, baina oso zaila eta garestia zen hala egitea; hala ere, 250 irudi sartu ditugu, azkenean: nire lanenak batzuk eta beste pintore edo artista batzuenak beste hainbat.

Eskuragarri dago?

Bai; dagoeneko liburu-dendetan dago.

Liburua, erakusketak eta bestelako proiektuak ere esku artean... margotzen jarraitzen duzu?

Bai, noski! Alpeetan, Chamonix inguruan, ibili naiz orain dela gutxi, esku artean dudan beste proiektu erraldoi baterako marrazkiak eta margolanak egiten, film bat egiteko asmoarekin.

Artikon izan zinenean, dokumental bat sortu zenuen gero; ze asmo duzu orain Alpeetako paisaiekin?

Stop motion teknika erabilita Mer de Glace glaziarrari buruzko animaziozko filma egitea da asmoa. Urteetan zehar izan duen bilakaera geologikoa jasotzea da helburua.

Bakarrik ari zara ekimen horretan ala baduzu bidelagunik?

Nafarroako Unibertsitateko museoak diruz lagundu du proiektuan, eta arlo teknikoan Artiko dokumentalean bidelagun izan nuen Josu Venero ikus-entzunezkoetan aditua izango dut oraingoan ere alboan.

Ze puntutan dago?

Bi urte barru amaitzea da nire asmoa. Hasita nago marrazkiak egiten, baina halako proiektu handiak ez dira egiteko errazak. Buru-belarri eta ilusio handiarekin, pozik ari naiz lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak