Aldaketa handietatik sortzen dira aukera handiak dio esaera zaharrak. Hain juxtu, horretaz aritu ziren Aretxabaletako Goi-mailako Lanbide Heziketako Institutuan Bergara enpresa-sareak, Debagoieneko Mankomunitateak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatutako jardunaldian. Enpresa txiki eta ertainei zuzendutako topaketa izan zen, eta berrikuntzaren bitartez emaitzak hobetzeko eskura dituzten laguntzak eta eragileak aukeratzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Horretarako, Industrias Ugatu, Lazpiur, eta Metagrako ordezkariek beraien enpresetan egin dituzten aldaketak azaldu zituzten. Geroz eta lehiakorrragoa den merkatu batean, berrikuntzak egitearen garrantzia nabarmendu zuten. Aldaketak arlo askotan egin zituztela aipatu zuten; Produktuetan, giza baliabideen sailean, instralogistikan edo aliantza estrategikoen esparruan.
Bukatzeko, Javier Ibarra Metagra konpainiako finantza-zuzendariak enpresaren ibilbidea azaldu zuen. Belaunaldiz belaunaldi akzioak banatzearen ondorioz jabetza oso banatuta zegoela adierazi zuen. Giza baliabideen departamentuan egindako berrikuntzen ondorioz langileak bazkide bihurtu direla esan zuen eta kontrola galtzeko arriskua saihestu egin dela argitu zuen.