Askotariko aldarriekin eta ekintzekin josiko dira kaleak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mar. 8a, 08:00

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat dira instituzioek zein mugimenduek zabaldu asmo dituzten aldarriak. Horiek kalera aterako dituzte Debagoieneko herri guztietan.

Eusko Jaurlaritzak, Emakundek, hiru foru aldundiek, Eudelek eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek erabaki-postuetan emakume gehiago egon behar dutela adierazi dute, eta, horretarako, "baldintzak garatu" behar direla. Hala, asmoa da erakustea zein diren emakumeei postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopoak.

Tokiko erakundeek ere, eta Debagoieneko udal gehienen kasuan, Eudelek eginiko adierazpenarekin bat egin dute, eta baita mugimendu feministak antolatutako mobilizazioekin ere.

Zaintza sistemaren eraldaketa

Euskal Herriko Mugimendu Feministak, adibidez, zaintza sistema eraldatzea izango du aldarrikapen, "emakumeen aurkako indarkeriaren ardatzetako bat" dela iritzita. Azaldu dutenez, gainera, euren aldarriak ez dira asko aldatu iaztik, egoerak ere ez duelako aldaketarik izan. Hala, azpimarratu dute "zaintzaz hitz egitea gorputzen, lurraldeen eta herrien arteko independentzia loturak jostea eta saretzea" dela, eta hori izango dutela aldarri, Denon bizitzak erdigunean dinamikarekin bat eginda.

Arrasateko Mugimendu Feministak bat egin du aldarriarekin, "zaintzen inguruko kontzientziazio terminoetan jendartean inflexio-puntu bat sortzeko funtsezko unea" dela nabarmenduta. Neska* Gazteak taldeak elkarretaratzea egingo du 11:15ean Herriko Plazan, eta, arratsaldean, 19:00etan, mugimendu feministak Biteri plazatik abiatuko du manifestazioa.

Bizitzak erdigunean jartzeko aldarria egin dute Aretxabaletako Udalak, Atxabaltako Mugimendu Feministak eta UDAk ere, manifestazioa egingo baitute 18:30ean Herriko Plazatik hasita, Erantzukizun sozial bihur dadin, ez negozio; denon bizitzak erdigunean lelopean.

Antzuolako Andramanuelak taldeak ere bat egin du mugimendu feministak eginiko aldarriarekin. Antzuolako Udalarekin batera, elkarretaratzea egingo du Herriko Plazan 12:00etan, eta, 19:00etan, manifestazioa, leku beretik abiatuta, Zaintzarako eskubide kolektibo baten alde lelopean.

Bergaran, berriz, Martxanterak talde feministak ere ekintzak antolatu ditu gaurko. Mahai inguruak egingo dituzte San Martin plazan 18:00etan, Feminismotik alternatibak eraikitzen izenpean, eta, 19:30ean, manifestazioa eta ekitaldia.

Oñatin ere mobilizazioa egingo da, 19:00etan, Herriko plazan. Goiz partean, ostera, Debagoieneko Ikasle Abertzaleak deituta Zapalkuntza orotatik askatzeko, emakume langile antolatu! leloarekin, 11:00etan hitzaldia izango dute gaztetxean, eta 12:15ean, elkarretaratzea Santa Marina plazan.

Bailarako gainontzeko herrietan ere mobilizazioak egingo dituzte. Aramaion elkarretaratzea izango da 18:00etan, Bizente Goikoetxea plazan; Eskoriatzan manifestazioa egingo dute, 19:00etan, Fernando Eskoriatza plazatik abiatuta; eta Elgetan, 19:30ean, elkarretaratzea antolatu dute Mendizaleen Plazan.

Deba Bailarako Itaia

Deba Bailarako Itaiak ere mobilizazioak egingo ditu. "Emakume langileek askotariko indarkeria formak pairatzen" dituztela adierazi du, eta krisi testuinguruan "modu gordinagoa, normalizaziora iristeraino". Are gehiago, erantsi du ikus-entzunezko plataformekin bortizkeria forma berriak garatu daitezkeela eta horrek "gizartearen sektore batentzat bizi-baldintza okerragoak" dakartzala. "Klase gorenen irabaziak gora doaz eta emakume langileon egoera larria da". Hala, 19:00etan egingo du manifestazioa Bergarako epaitegitik hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak