Emakumeen Nazioarteko Egunaren aldarrikapenak herritar guztiengana irits daitezen ekintzaz betetako egitaraua antolatu dute Udalak, Atxabaltako Mugimendu Feministak eta Aretxabaleta kirol elkarteak. "Emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko beharra" agerian uztea dute helburu ekitaldi horiek.
"Aldarrikatzea, ezinbestekoa"
Aste bukaeran hasita hainbat kultur, kirol eta aldarrikapen jarduera izango dira. Horien artean daude emakumeen frontenis txapelketa, bakarrizketa bat, Aresko martxa, ipuin saio bat eta dokumentalak.
Hala, Udalak bat egin du Martxoaren 8ko aldarrikapenekin, eta zera adierazi: "Ezinbestekoa da Emakumeen* Eguna aldarrikatzen jarraitzea; jasaten duten zapalkuntza egiturazkoa da, eta antolaketa ekonomiko, politiko zein ideologikoan errotuta dago. Oraindik ere emakumeek* bereizkeria pairatu behar dute emakume* izate hutsagatik, eta diskriminazio hori beste batzuekin gurutzatzen da: sexu-orientazioa, klasea, etnia, adina, migrazio-estatusa eta genero-identitatea, besteak beste. Ondorioz, politika feministak zeharlerrokotasunez garatzea beharrezkoa da sistema patriarkala arrakalatzeko".
Eguaztenean manifestazioa
Eguazteneko manifestazioak batuko ditu aldarrikapen nagusiak –goiz partean hainbat ikastetxetan lanketak egingo dituzte–. Atxabaltako Mugimendu Feministak deituta Erantzukizun sozial bihur dadin, ez negozio; denon bizitzak erdigunean leloa izango du eta zaintza-eredua eraldatzea eskatuko dute "sistema publiko-komunitario feminista baterantz" iristeko. Horrekin bat egin dute herriko hainbat eragilek eta manifestazioan euren aletxoa jarriko dute, besteak beste, Neska* Gazteen Taldeak, Auzokok, Jaikik, Aretxabaleta Lanbide Eskolako kideek eta Erdu feminista taldeak.
Herriko Plazatik abiatuko da, 18:30ean, eta Otalora kaletik bueltan zaharren egoitzaraino joango da lehenengo, han egiten den lana agerian uzteko. Ondoren, Errekabarren kaletik Andramari auzuneari buelta eman, eta Mitarte eta Durana kaleetatik Herriko Plazaraino iritsiko da. Han azalduko dituzte zaintza-eredua aldatzeko arrazoiak, eta hurrengo pausoen berri eman; bukaerako unea Jaikik gidatuko du, herritarrak batuko dituen dantza batekin.
Egitaraua
Martxoaren 8aren bueltan antolatutako egitaraua:
- 1. Martxoak 4 eta 5: IX. Emakumezkoen Frontenis Txapelketa. Iturrigorri pilotalekuan.
- 2. Martxoak 8: Manifestazioa. 18:30ean hasita Herriko Plazatik.
- 3. Martxoak 9: Binakako bakarrizketa Luze edo motz, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairekin. Generoa hartuko dute umoregai, gure gizartea zertan luze eta zertan geratzen den motz galdetzeko: hilekoa, menopausia, ligatzeko teknikak eta sexua… Arkupeko Zaraia aretoan, 19:00etan (bost euro).
- 4. Martxoak 12: Aresko Emakume Martxa. Aretxabaletatik irtenda, 12:00etan.
- 5. Martxoaren 15: Ameli ikuskizuna Amagoia Elizagoien narratzailearekin. 3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Liburutegiko txiki txokoan (18:00etan). Izen-ematea martxoaren 13ra arte zabalik udal liburutegian.
- 6. Martxoak 16: Emakume ijitoen aniztasuna jorratzen duen Helena Bayona zuzendari nafarraren Romipen dokumentalaren emanaldia. Adin eta toki ezberdinetako zazpi emakume dira protagonistak. Proiekzioaren ondoren, solasaldia izango da, Gaz kalo Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioko kideen eta dokumentaleko protagonisten parte-hartzearekin. (19:00etan).
- 7. Martxoak 23: Pronoia clown ikuskizuna. Virginia Imazek umorez eta samurtasunez aurkezten ditu honako gai hauek: falozentrismoa, sexismoa hizkuntzan, emakumeen aurkako indarkeria fisikoa eta sinbolikoa, berdintasun errealaren eta berdintasun formalaren arteko aldea... Arkupeko Zaraia aretoan, 19:00etan (bost euro).
- 8. Martxoak 30: Elbira dokumentalaren emanaldia Arkupen (19:00etan). Elbira Zipitria Irastortza hezitzaile eta euskaltzale aitzindariaren bizitzan sakontzen duen lana, haren heriotzaren 40. urteurrenean.