Puntua aldizkariaren 355. alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Urtarrilarekin batera iritsi da Inauteri garaia. Maskaradak martxan dira Zuberoan, baita kaskarotak ere Lapurdin. Iturenenen eta Zubietan atera dira joaldunak, baita Donostian kalderero, inude eta artzainak. Donibane Lohizunen ospatu dute hartzaren etorrera, Arizkunen Gizakundea... Otsailaren 16an izango da aurten Ostegun Gizena eta otsailaren 21era arte, Inauteri-martitzenera arte, ospakizunez beterik dator egutegia. Beti bezala, maskaradek emango diote bukaera tradiziozko euskal Inauterien egutegiari: apirilaren 21an egingo dute azkena. Bien bitartean, Debagoienean ere izango da tradiziozko euskal Inauteriez gozatzeko hainbat aukera beheko taulan ikus daitekeen moduan:
Antzinako usadioaren berreskuratzea
Inauteriaren data aldakorra da, ilargiaren zikloarekin baitu zerikusia. Europan jaiegun horiek izendatzeko carnaval, carnavale eta antzerako hitzak erabiltzen dira. "Honek, etimologikoki, carne-levare-ri, haragi uzteari, egiten dio erreferentzia eta garizumarekin erlazio zuzena du", dio Inauteriak ikertzen aritua den Maite Irizar oñatiarrak. Hortik, baita ere, gure aratuste –haragi uzte–.
Baina Irizarrek erantsi du Inauteria kristautasuna baina lehenagoko erritua dela, eta Euskal Herrian antzinatik ospatzen dela uste da. Izan ere, Inauteriak inausi aditzarekin du lotura. Inauteria inausteko aroa da eta otsaila, zuhaitzak inausteko hilabetea: kaltekoa eta txarra utzi eta ongarria indartzekoa. Beraz, Inauteria lurrarekin lotutako festa da, ezinbestean, ziklo aldaketaren ospakizun handia. "Neguko festen barruan egiten den erritua. Lurra esnatzeko egiten dena. Gure arbasoen ohitura eta sinismen zaharren birsortzea. Ziklo bat amaitu eta beste bat hasten dela ospatzeko garaia, gaitz eta txar guztiak akabatu eta txar guztia on bihurtzeko garaia", gehitu du Irizarrek. Juan Antonio Urbeltz adituaren esanetan, Inauteria izurritea uxatzeko asmoz egiten zen erritua da. Xomorroak uxatzekoa; horregatik mozorrotzen, zomorro-tzen, gara. Francoren diktadurak Inauteri askoren etenaldia eta beste askoren heriotza ekarri zuen. Gure herrietako hainbat eta hainbat pertsonaren lanari esker, aldiz, Inauteri tradizional asko eta asko berreskuratu ahal izan dira. Eta ez hori bakarrik, Inauteri tradizionalari tokia egite aldera, sortu ere egin baitira. Hori da, esaterako, Oñatiko kasua.
Francoren debekuen ondorioz ia desagertu ostean, berreskuratze-lan handia egin da
Aratustea edo Inauteria, halaber, festarako garaia ere bada, identitatea aldatzekoa, zirikatzekoa eta herritarrak konfort-egoeratik ateratzekoa. Horregatik estaltzen dira aurpegiak, jabetzen gara bestelako nortasunez, baimentzen dira arau-hausteak. "Identitatea aldatuz, ez garen hori izateko modua ematen dute", dio Irizarrek. "Dikotomiak ere sortzen dira: negua eta uda, hotza eta beroa, loa eta esnatzea, txarra eta ona, mundu zibilizatua eta basatia. Maskaradetan argi ikusten da hori. Gorriek uda sinbolizatzen dute, ona dena, eta beltzek, berriz, negua, basatia dena", azpimarratu du.
Europako festekin lotura
Tokian toki, Inauteriek badituzte ezaugarri desberdinak, baina egia da euskal Inauterian aurkitu genitzakeen arketipo asko eta asko aurkituko ditugula Europako beste Inauterietan ere. "Ospakizun hauek ospatzen diren tokiari dagozkion berezitasunak dituzte, ezaugarri propioak, eta, hori horrela izanik ere, askotan uste izan dugu Euskal Herriko Inauteriak esklusiboak direla, baina ez da horrela. Europako tradizio zaharreko Inauteriekin alderatzen baditugu, konturatuko gara errepikatzen diren ezaugarri komunak daudela", dio Maite Irizarrek. Besteak beste, dantza, auzoz auzo eta baserriz baserri egiten diren eske-errondak, mozorroak, maskararen erabilera, kapela konikoak, zarata sortzen duten tresnen erabilera, joareak, zintzarriak eta, nola ez, leize-zuloko lozorrotik udaberriari ongietorria egiteko iratzarri den animalia basatiaren piztea. Izan ere, hartza da Europako Inauteriaren ikur nagusia. Euskaldunontzat animalia totemikoa, mende luzeetan mirespena eta begirunea jaso duena. Neguan lotan gelditzen da, udaberriaren zain, lurrari gertatzen zaion bezalaxe, eta hartza esnatzean esnatzen da lurra ere. Elezahar baten arabera, Kandelario egunez –otsailaren 2an– irteten da hartza leize-zuloko iluntasunetik eta Inauteria iragartzen du, eta udaberria.
Elgetan koko-batzea, bihar
Debagoienean bihar, zapatua, da lehenengo hitzordua, Elgetan. Urte luzez galduta egon ostean, iaz berreskuratu zuten koko-batzea. Eske-errondak dira Inauteria bizirik mantentzea ahalbidetu duten elementuetako bat eta horixe da, hain zuzen, Elgetakoa. Erritual bat da non kantua, zarata eta pertsona desitxuratuak diren protagonista. Etxez etxeko eskean, izurritea uxatzeko, jatekoa eta edatekoa ateratzen zaizkie mozorrotuei. Kokoa, kokomorroa, kukumarrua, zomorroa, moxorroa... Mozorroa izendatzeko hainbat modu daude.
Sorgin dantzatik txino dantzara
Sorgin dantza da Bergaran eta Antzuolan Inauteri tradizionalaren adierazpena. Bergaran Eguen Gizenean irteten dira Musika eta Dantza Eskolakoak sorgin dantza egitera. 2011n berreskuratu zuten ohitura Xamatz dantza taldean aritutako zenbait dantzarik. 2016an, Musika Eskolako ikasle gazteek hartu zieten erreleboa. Eta eskola bereko txistularien eta trikitilarien laguntzarekin egiten dute sorgin dantza. Haiekin batera aterako da hartza, domadorearekin. Sorgin dantza Inauterietako domekan egin izan da urte luzez Antzuolan, nahiz eta orain zapatuan egiten den: dantzariekin, musikariekin, hartzarekin eta domadorearekin batera tximinoa irteten da.
Sorgin dantzarekin antzekotasunak dituen beste dantza bat Aretxabaletako txino dantza da; antza, sorgin dantzen ondoren sortua. "XIX. mendearen bukaeratik edo XX. mende hasieratik dator eta 1934ra arte ospatu zen. Gizonezkoek egiten zuten eta emakumeen ehunezko azpikogona zuri luzea janzten zuten dantzariek, buruan kapela zahar bat eta lehenagoko oinetakoak –abarkak, abarketak...– galtzerdiekin. Horretaz gain, aurpegia belztu egiten zuten ikatzarekin", azaldu du Aretxabaletako dantza aztertu duen Jokin Antxiak. Azken urteetan Aratuste-igandearen aurreko asteburuan Txapel Txin Eguna ere ospatzen dute, herria girotu eta Aratusteak datozela iragartzeko.
Hamar urteko loraldia
Oñatin otsailaren 18an 400 lagunetik gora aterako dira kalera, dantza eta festa giroan. Dantzariekin batera borreroak edo txokolateroak ere aterako dira herritarrak beldurtzera. Hartzak eta artzainak ere egingo dute agerraldia, baita Oñatiko Inauterian ikur diren kondeak eta kondesak ere. "Oñatiko Inauterian izurria eta espiritu txarra irudikatzen dute kondeak eta kondesak", dio Maite Irizarrek. "Horregatik bukatzen dugu kondea eta kondesa herririk kanporatzen, izurria kanporatzeko". Oñatik ez du Inauteri giroko tradiziorik jaso, baina, Oñatz dantza taldeak duela hamar urte Oñatiko Inauteria sortu zuenetik, oñatiarren egutegian toki berezia hartu du.
Urdelardero eta kukumarroa
Eskoriatzan Ostegun Gizenean Urdelardero eguna ospatzen dute. Haurrak baserritar jantzita eta eskuan ziri bat hartuta eskean ibiltzen dira, kalez kale. Garai batean, eskean ibiltzen zirenei etxekoandreek janaria jartzen zieten zirian, baina, egun, ohikoagoa da leihotik gozokiak botatzea. Aratuste-martitzenean, berriz, kukumarroa aterako da, puxikarekin, umeak ikaratzera. Antza, basajauna irudikatzen du kukumarroak. Soinean daraman amantal loredunak udaberriari egiten dio keinu. Bizkarreko ardi-larruak, berriz, atzean uzten ari garen neguari.