Gaurtik aurrera, maskara ez da nahitaezkoa izango garraio publikoan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ots. 8a, 10:27

Espainiako Gobernuak hartu du erabakia, eta, ondorioz, eragina izango du Hego Euskal Herrian eta baita bailaran ere. Hala ere, osasun zentroetan eta zentro soziosanitarioetan oraindik beharrezkoa izango da.

Gaurtik aurrera, garraio publikoan maskara jartzea ez da nahitaezkoa izango, bertan behera gelditu baita agindua, Espainiako Gobernuak hala erabakita. Ministroen Kontseiluak atzo sinatu zuen indarrean zen betebeharra, eta gauerdian sartu da indarrean. Hala, aurrerantzean norberak erabakiko du maskara jantzi ala ez, gomendagarria den arren pertsona zaurgarrientzat eta COVID-19aren sintomak dituztenentzat.

Erabakiak, beraz, eragina izan du Hego Euskal Herrian ere, eta, ondorioz, baita Debagoienean ere. Dena den, bailarako kasuan, soilik autobusetako gidariei eta erabiltzaileei eragingo die, ez baitago bestelako garraio publikorik.

Egoera epidemiologikoa "oso egonkorra"

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak azaldutakoaren arabera, egoera epidemiologikoa "oso egonkorra" delako hartu da erabakia, eta uste du "izurriaren okerrena igaro ondoren", "normalizaziorako" pauso bat dela. Esate baterako, azken hiru asteetan, Debagoienean bosna kasu atzeman dira aste bakoitzean.

Hala, garraio publikoetan ez ezik, optiketan, audiometria zentroetan eta ortopedietan ere ez da beharrezkoa izango maskararen erabilera; baina bai, ordea, osasun zentroetan eta zentro soziosanitarioetan. Are gehiago, horren barruan leudeke farmaziak eta hortz klinikak ere.

Hiru urte betetzear

Erabakia, gainera, kasik urteurrenarekin batera hartu dute, duela ia hiru urte atzeman baitzituzten koronabirusaren lehen kasuak. 2020ko otsailaren 29an izan ziren lehenak Euskal Herrian: bat, Araban, eta bestea, Gipuzkoan. Ondorioz, martxoaren 15ean sartu zen indarrean alarma egoera, eta, beraz, herritarrek martxoaren 14an hasi zuten berrogeialdia.

Maskararen erabilerari dagokionez, gorabeherak izan ditu. 2020ko uztailean arautu zuten erabilera derrigortzea toki itxietan eta irekietan, eta urtebete geroago gelditu zen bertan behera kalean erabiltzeko derrigortasuna. Dena den, iazko apirilaren 20ra arte irmo mantendu zen barrualdeetan maskara janzteko betebeharra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak