Ikasitakoa praktikara, eta gizarteari ekarpena

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko urt. 20a, 12:11

Almeneko hamasei ikasle bizikleten inguruko proiektua egiten ari dira Arrasateko Caritasen Bidean proiektuarekin eta Oreka bizikleta dendarekin elkarlanean; edukiak modu praktikoagoan landu eta barneratzea da helburua, gizarteari ekarpena eginez.

Duela sei urte hasi ziren Arizmendi Ikastolako batxilergoko lehen mailako ikasleak proiektuka lan egiten. Ikasturtean zehar hiru proiektu egiten dituzte eta bigarren proiektua darabilkie esku artean; urtarrilaren 9tik eta hilaren 24an amaituko dute lana. Almeneko eta Gaztelupeko teknologia modalitatean dabiltzanak bizikleten inguruko proiektua ari dira garatzen. Almenen kasuan, 16 ikasle dira; Xabi Aranzabal eta Alaitz Martinez irakasleak dituzte gidari.

Aranzabalek adierazi duenez, proiektuen helburua da hainbat ikasgaitako edukiak batera lantzeaz gain modu praktikoagoan barneratzea, ikasleak errealitatearekin harremanetan jartzea eta gizarteari ekarpenena egitea, "zer eskaini diezaioket munduari/gizarteari bizikleta baten bitartez? " galderari erantzunez. Horregatik, bizikletak muntatzen, desmuntatzen eta funtzionamendu egokia zein den ikasten dabiltza Oreka bizikleta dendako Sergio Valentirekin. Ondoren, Caritasen Bidean proiektuarekin izan dute hartu-emana. Amaitzeko, infografiak eta proiektua osorik jasotzen duen ikus-entzunezko erreportajea egingo dituzte.

Ikasleak eta Caritas, eskutik

Caritasekin duela hiru urtetik ari dira lanean. "Urtetik urtera proiektuari forma ematen joan gara", dio Aranzabalek. Izan ere, Bidean proiektuan parte hartzen dutenek bizikletak erabiltzen dituzte egunerokotasunean; hortik dator Caritasen eta proiektuaren arteko lotura.

Aurten, adibidez, urtean zehar bizikleta zaharrak eskuratu dituzte Caritasekoek eta proiektua hasi aurretik jaso dituzte Almenen: "Guk hartu eta konpondu ditugu, eta konponketa lan horretan boluntarioki sartu da Sergio Valenti; gu ez baikara mekanikariak. Sekulako zortea izan dugu".

Harreman horren barruan bizikletak konpontzeaz aparte, elkar eta egiten dutena ezagutzeko aukera dute. Astelehenean izan ziren ikasleak Oreka denda eta Bidean proiektua gertutik ikusten: "Zaurgarriak diren pertsonekin egiten dute lan. Jostailuak eta bigarren eskuko arropa jasotzen dituzte, gero saldu eta dirutxo bat ateratzeko. Tailer bat ere badaukate. Egoera erreala ezagutu zuten; ziur, bestela, ezagutzeko aukerarik ez zutela izango". Asteleheneko eguna "polita" bezala deskribatu du. Gaur, Caritasekoak doaz Almen nahiz ikasleen proiektuak ikustera eta Aranzabalek aitortu du Caritasetik badutela asmoa bizikleta dendara bisita egiteko.

Halaber, Almenen jostailuak eta arropa biltzeko kanpaina jarri dute martxan, Bidean proiektuari babesa emateko. Nahi duenak ekonomikoki ere eman dezake laguntza.

Eskerrak Caritasi eta Orekari

Almenek eskerrak eman nahi dizkie Caritaseko arduradun eta erabiltzaileei eta Oreka dendako arduradun eta laguntzaileei: "Garatu nahi dugun proiektuan emandako laguntza eskuzabalagatik eta, batez ere, bizi dugun esperientzian bidelagunak izateagatik. Ikasten eta, aldi berean, disfrutatzen ari gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak