Txemi Etxebarria: "Musikala oso gertukoa da eta denetik dauka"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko urt. 13a, 14:34

Belgikan "pozik" bizi da orain dela hogei urtetik, baina aukera duenean herriko musika proiektuetan parte hartzen du; BAM! –Bergarako Antzerki Musikala– elkarteak, gaur, egubakoitza, Donostiako Victoria Eugenian estreinatuko duten Bretxa musikalean, esaterako.

Tronpa-jole profesionala da, baita orkestra zuzendaria ere. Bergarako BAM! elkartearen Bretxa musikaleko orkestra zuzenduko du Donostiako hiru emanaldietan.

Bretxa musikala estreinatzeko atarian, ze sentsazio dituzu?

Oso onak. Orkestrak oso ondo funtzionatzen du, koruak oso ondo dakizki abestiak, bakarlariak itzelak dira, dantza eta guzti egiten dute; hortaz, Victoria Eugenia antzokian estreinatzeko gogotsu!

Orkestra zuzendariaren ikuspegitik, zelakoa da obra da?

Denetarik du; eszena dramatiko asko ditu, baina eszena erromantikoak ere bai, euskal musika ere badago, ingeles musika pixka bat eta musika espainiarra ere bai... Hunkigarria!

Erraz ulertzeko musikala da adituak ez direnentzako?

Bai; oso gertukoa da, liburua irakurri dutenentzako eta ez dutenentzako ere bai.

Noiz eta zelan jaso zenuen Bretxa musikalean parte hartzeko proposamena?

Orain dela sei urte, gutxi gora- behera, kontatu zidan Oihan Vega zuzendariak buruan bueltaka zebilela musikalarekin. Garai hartan, Orkestra Zuzendaritza ikasketak egiten ari nintzen.

Belgikan bizi zarenez, zelan izan da lan-prozesua?

Iazko Gabonetan hemen izan nintzen eta buelta oso bat eman genion musikalari orkestrarekin. Oihan ibili da ondoren orkestraren kargu, entseguak eta bestelako lanak egiten; bideoak bidaltzen zizkidan, gero nik horiekin lan egiteko. Eten barik izan gara musikala lantzeko Oihan eta biok harremanetan.

Bergarara etorritakoan, etxeko lanak ondo eginda aurkitu dituzu?

Bai, horixe! Atzean zenbat lan dagoen eta zelako serio egin duten lan argi geratu zait. Oihani esaten nion moduan, a mesa puesta etorri naiz ni. Domekan entsegu orokorra egin genuen eta dena ondo zihoan.

Victoria Eugeniarako sarrera guztiak agortuta daude hiru emanaldietarako; zer adierazten dizu horrek?

Itzela da! Ez dut antzoki horretan inoiz zuzendu, baina orain dela urte asko, 11 urte nituela, taula- ren gainean izan nintzen, Berga- rako Musika Eskolaren Misera- bleak musikalean parte hartzen beste haur batzuekin batera kantuan, eta orain, zuzentzen izango naiz. Oso hunkigarria izango da, eta, are hunkigarriagoa, Bergaratik jende asko joango delako ikustera.

Martxoan Bergaran eskainiko duzue; han ere izango zara?

Gurako nuke, baina ikusi egin behar dut nola ibiliko naizen hango lanekin. Gabonetako oporrak luzatu egin ditut hango nire lanetan ordezkoak utzita, baina martxoan ez dakit posible izango den; hala ere, ahaleginduko naiz, zalantza barik.

Oihan Vega txikitatik ezagutzen duzu eta aurretik ere elkarrekin hainbat proiektu egin dituzue. Zelakoak?

Esango nuke, 15 urte nituela, Bergarako Musika Eskolan ari nintzela, hemengo beste ikaskide batzuekin Wonder Brass metal boskotea sortu genuela eta bateria-jole baten bila ari ginela; Oihan sartu zen taldean. Oso gustura jardun genuen denok talde hartan. Oihanek eta biok antzerako zaletasunak genituela konturatu ginen eta elkartu eta musika-jolasean ibiltzen ginen gustura, ni haren etxera joanda edo hura nirera; musika konposatzen genuen, ordenagailuarekin eta pianoarekin lagunduta. Bola hori handitzen joan zen poliki-poliki eta Olentzero&Co! musikala etorri zen geroago.

Antzekotasunik badu Olentzero&Co! ikuskizunak Bretxa-rekin?

Musikari begiratuta, gutxi; pop- rock musikala zen aurrekoa eta soinu-banda moduan sailkatuko nuke nik Bretxa. Ikaragarria da denbora tarte honetan Oihanek zenbat ikasi duen musika kon- posatzeari dagokionez. Autodidakta da, eta harrituta geratu naiz zein ondo idatzi duen lana.

Herrigintzatik sortutako proiektua da; Belgikan badago halakorik?

Musikalak egiten dituzten antzerki taldeak badaude, baina profesionalak dira denak, eta hemen, berriz, boluntarioak dira parte hartzaile gehienak; hala ere, sekulako kalitateko lanak egiten dira hemen.

Zure hango lankideek eta gertukoek zer diote Bretxa-ri buruz?

Asko gustatu zaie, harrituta daude ekimenarekin eta horrek lagundu dit Bergarako egonaldia luzatzen.

Noiz arte izango zara herrian?

Asteburuko emanaldiak eskaini ostean, astelehen goizean abiatuko gara emaztea eta biok.

Noiztik bizi zara Belgikan?

Maastrichtera ikastera joan nintzen eta harrezkero hogei urte daroat han. Pozik bizi naiz han eta lan kontuei dagokienez ere oso gustura nago. Aukera asko ditut bandak eta orkestrak zuzentzeko; azkenaldian, orkestra profesional munduan gehiago sartzen ari naiz, eta, gaur egun, hori dut ogibide; hortaz, ezin naiz kexatu.

Belgikan bizi zara, baina Herbehereetan egiten duzu lan, ezta?

Hori da; gertu dago muga. Banden arloan hasi nintzen lanean; hiru banda zuzendu izan ditut, baina orain dela gutxi bat utzi dut orkestra zuzendaritza lanak ikasteko denbora asko eskatzen didalako. Horrez gainera, CoMA Maastricht musika garaikide taldean ere banabil. Abesbatzak zuzentzen ere ibili izan naiz eta garai batean tronpa eskolak ematen nituen.

Ze proiektu dituzu esku artean?

Hainbat; adibidez, Bulgariatik deitu didate eta datak zehazten ari gara. Ekainean Philharmonie Zuidnederland Herbehereetako Hegoaldeko Orkestrarekin izango naiz...

Euskal Herrira lanera etortzeko asmo handirik ez duzu, oraingoz?

Gustatuko litzaidake Bilboko edo Euskadiko orkestran lan egitea, baina, oraingoz, itxaron egin behar. Euskal musikariekin ere lan egiten saiatzen naiz; adibidez, egunotan, Garikoitz Mendizabal txistulariarekin izan naiz, elkarrekin proiektu bat lantzeko gogoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak