Gora egin du langabeziak urtebeteko epean bailaran: 37 langabe gehiago daude

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urt. 3a, 11:55

2.423 langabe daude egun Debagoienean, eta %7,88koa da langabezia-tasa; iazko azaroan baino %0,14 gehiago. Aretxabaletan, Arrasaten, Elgetan eta Oñatin egin du gora kopuruak.

Bilakaera negatiboa izan du langabeziak urtebetean Debagoienean. 2.386 langabe zeuden 2022ko urtarrilean, baina ordu hartan baino 37 pertsona gehiago zeuden lanik gabe urtea amaitzearekin batera, iazko abenduaren azkenetan; hain justu, 2.423 langabe debagoiendar.

Hilabeteek aurrera egin ahala, beraz, gorabeherak izan arren, langabezia kopuruak gora egin duela argia da. Eta horrela egin du azarotik abendura bitartera ere. 2.379 langabe zeuden bailaran azaroan, baina aurreko hilabetean baino 44 langabe gehiago izan dira abenduan. Gaur-gaurkoz, 2.423 langabe izanda, %7,88koa da langabezia-tasa bailaran —azaroan, %7,74koa zen—.

Herrietako egoerari dagokionez, gorabeherak daude bataren eta bestearen artean; ez dago joera jakin bat. Aretxabaletan, zazpi pertsona gehiago daude lanik gabe, Arrasaten 31 dira, Elgetan bi eta Oñatin, berriz, 25. Leintz Gatzagan, berdin mantendu da kopurua, bost langabe daude, eta gainontzeko herrietan, behera egin du: Antzuolan, hiru langabe gutxiago daude; Aramaion, bi; Bergaran, hamar; eta Eskoriatzan, sei.

Hurrengo taulan daude herri guztietako datuak:

Herria Abenduko langabeak
Azaroko langabeak
Azken bi hilabeteetako aldea
Abenduko langabezia-tasa
Antzuola 69 72 -3 %6,36
Aramaio 6 8 -2 %0,86
Aretxabaleta 197 190 +7 %5,73
Arrasate 1.107 1.076 +31 %10,90
Bergara 498 508 -10 %6,94
Elgeta 32 30 +2 %5,39
Eskoriatza 160 166 -6 %8
Leintz Gatzaga 5 5 = %4,17
Oñati 349 324 +25 %6,44
GUZTIRA 2.423 2.379 +44 %7,88

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 4.047 langabe gutxiago

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langabeziaren egoeraren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzak, eta azaldu duenez, 2022an aurreko urtean baino 4.047 langabe gutxiago izan dira; guztira, 110.789 pertsona zeuden lanik gabe urtea amaitzean.

Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak eman ditu datuak, eta datozen urteetako erronkak izan ditu gogoan: "Azken urte honetan baieztatu da Euskadi indartsu dagoela erronkei aurre egiteko. Horniduren, inflazioaren eta energiaren arazoen krisiaren urtea izan da. Eta aldi berean, langabeziak behera egin du lurralde guztietan, gizonen eta emakumeen artean, sektore guztietan eta adin guztietan".

Haren arabera, abenduko datuek erakusten dute "Euskadiren berreraikuntza sozial eta ekonomikoaren bidea zuzena dela", eta besteak beste, "egokiak" izan direla enplegua babesteko neurriak. Beraz, baieztatu du urte honetan ere enplegua sortzen jarraituko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak